EGUNKARIAREN ertz honetan nekez aipatzen dira kultur-egitasmoak. Badakigu musika, dantza edo literaturatik haratago doana kultura, badakigu kultur-adierazpenak direla gure harreman moduak ere, azken batean geure burua ulertzen joateko ikasi duguna baita kultura.

Gaia mugatu eta kultur-egitasmoak dakarzkit gaur. Duela 15 egun Musika-Música gozatzeko aukera izan genuen Bilbon, hogeitabigarren aldiz. Aipatzekoak dira, besteak beste, 1.500 musikari (profesionalak erdiak eta musika-eskoletako gazteak beste horrenbeste, denak elkarrengandik ikasten eta irakasten), 20.000tik gora sarrera erosi dituzten musikazale eta 70 emanaldi bikain, 4€ eta 13€ bitarteko salneurritan denak. Dirutan halabeharrez defizitarioa, kultur-inbertsioan du superabita, herritarrentzako baldintza erosoetan eskaintzea baita helburua.

Egungo euskal kulturgintza bere zabalean erakustera etorri zaigu Loraldia ere, hil honen 9an abian jarri eta 25erarte garatzen doana. Duela mende luze bat Antoin Abadiaren babespean ospatu ziren Euskal Lore Jokoak XXI.mendera proiektatzeko (bir)sortu zen duela hamarkada bat eta Euskal Herriko kulturaren forma, eduki eta ikuspegi aberatsez ornitutako erakuslehio bikaina bilakatu da.

Loraldia pil-pilean dagoenean Gutun Zuria ere badator literaturzaleek beltzez idazteko ahaleginean. Mahai-inguruak, mintegiak, ipuin- eta liburu-kontaketak etabar, gutuna apaintzen joango dira.

Hiru adibide dira, Bilboko udalak denona eta denontzako den kulturaren aldeko apustuaren lekuko gisa azpimarratu nahi izan ditudanok.

Bizkaiko hiriburua irekia da. Etxe-barruari darion sena –kultura– galdu barik munduari begira bizi den gizartea da bilbokoa. Ez dira arazoak falta, horixe ere bada-eta bizitza. Baina bai grisa zenari eta baita gaurko hiri argitsuari ere, bere akats guztiak geuretuaz, aitortza osoa diogu bizkaitarrok.

Bilboren sekretua? Ahuleziak hausnartu eta etengabe gizatasunez –eta gizatasunean– hobetzea. Ez dago miraririk, lan sendoa baizik. Sasi guztien gainetik. l