Institutuko euskara irakaslea izanda, Jon Ander Urkiagak gertu-gertutik ezagutzen ditu gazteak, eta plazaratu berri duen 'Mendekua ordainetan' (Ganbara, 2022) lanean haien gustuko nobela bat idazten ahalegindu da. Narrazioak edozein herritako institutuko giroa islatzen du, ikasleen eguneroko bizitza: amodio kontuak, desamodiozkoak, ezin ikusiak, gaizki ulertuak, azterketa garaiekin datozen zailtasun eta frustrazioak... Idazlearen aburuz, edozein gazte erraz sentituko da identifikatuta liburuan kontatzen den pasarteren edo pertsonaiaren batekin.

Gazteak gertutik ezagutzen baditu ere, Jon Ander Urkiagak argitu du ez duela kontakizuna osatu benetako pasadizoetan oinarrituta. Ez dago ezkutuko mezurik ez azpiko irakurketarik. Oro har, erraz irakurtzeko lana ondu du, "baina errazkerietan erori gabe". "Freskoa" eta "arazorik gabe irakurtzeko modukoa" izan dira Urkiagak bere lehen nobela deskribatzeko erabili dituen hitzak.

Idazle gisara, freskotasunetik zetorren Urkiaga. Zornotzako semeak bi poema liburu argitaratu ditu gazte literaturan murgildu aurretik: 'Atea itxi aurretik' (Erroteta, 2012) eta 'Bizia min' (Luces de Gálibo, 2021). Egun, institutuko euskara irakaslea den arren, AEK-n ere aritutakoa da eta kazetari ibilitakoa ere bai. Ahozkoan ere aritua da zornotzarra, gaztetan bertsotan aritzen baitzen.

Argitara eman duen hirugarren lana, ordea, ez du saltotzat hartu, poesiaz bestelakoa izanagatik ere. Hareago, "entrenamendu" gisara hartu du, bere burua nobelak idazten trebatzeko. Argitu duenaren arabera, 2020ko itxialdian hasi zen liburua idazten, "ariketa bezala". "Probatzearren egin nuen. Poemekin aritua izan naiz eta niretzako entrenamendu edo saiakera gisa hartu nuen", azaldu du idazleak.

Kiribildutako bi istorio

Liburuaren oinarrian bi trama nagusi daude. Beti pertsonaia bertsuak daude tartean, eta euren istorioak batetik bestera kiribiltzen dira kontakizun osoa osatu arte. Esan bezala, edozein herritako edozein institututan gertatu litezkeen moduko pasarteak jasotzen ditu. Amodio kontuak eta ezinezko maitasunak, gaizki ulertuak eta horien ondorioak... baita gertakari larriak ere: jipoiak eta bortxaketa saiakerak kasu.

Horien aurrean, erasoak jasan dituztenak eta haien lagunak elkartuko dira eta gaizki jokatu duen ikaskideren aurka antolatuko dira merezitako ordaina emateko: mendekua. "Ahalduntzea" ere erabili du idazleak.

Bestalde, aparteko beste trama bat ere badago, ikasketetan abilegia ez den pertsonaia batena. Halako batean, ikasturteari aurre egiteko aukera bat suertatuko zaio, baina ez bide zilegiena baliatuta, eta zer egin erabaki beharko du. Era berean, dena ondo bidean doala uste duenean, guztia hankaz gora jarriko duen ezusteko bat agertuko zaio, eta horri ere egin beharko dio aurre. "Eta dena pertsonaia gutxi batzuen artean lotuta", biribildu du idazleak.

Hiru multzo, 34 atal

Irakurtzeko unean arintasunaren bila, kapitulu laburrak baliatu ditu istorioa josteko. "Oso modu oinarrizkoan" bereizitako hiru ataletan multzokatu ditu 34 kapituluak: lehenengo atala istorioa kokatzeko baliatu du, bigarrena garapenerako eta azkena itxiera emateko. Era berean, horiek guztiak kapitulu laburrez daude osatua, eta elementu grafikoak eta elkarrizketak ugariak dira 138 orrialdeetan. Horrek denak irakurketa errazten duela uste du egileak. Areago, lana irakurri duen lagun batek ezaugarri hori bera azpimarratu dio: "Lankide batek irakurri du eta eskertu du kapituluen laburtasuna. Bizi irakurtzen dela aipatu dit".

Apurka-apurka joan da istorioa ehuntzen. Idazten hasi baino lehen oinarrizko eskema zirrimarratu zuen. Orrialde bateko zirriborroan egituratu zuen kapitulu bakoitzean zer kontatu nahi zuen. Azkenengo emaitzan nahasten diren oinarrizko bi tramen artean bakarra zuen buruan une hartan; bigarrena, idatzi ahala sortzen joan da.

Gazteak eta literatura

Gazteekin lan egiten duelako ekin zion gazte-literatura idazteari Urkiagak. Hala ere, gazteen eta literaturaren arteko harremana "korapilo potoloa" dela uste du, "batez ere euskarazko literaturarekin". Zer esanik ez Euskal Herriko txoko desberdinetan, egoera soziolinguistikoa zeharo desberdina baita leku batean edo bestean. "Segun eta zer errealitate linguistikotan bizi diren, gazteek irakurriko dute, euskaraz eta gustura; segun eta non, irakurriko dituzte 200 orrialdeko liburuak, baina gaztelaniaz, eta euskaraz ezta pentsatu ere", adierazi du. "Arazo potoloa" dela deritzo, eta uste du jendarteak irakurzaletasunarekin eta euskararekin "lan mardula" duela egiteke.

Alta, gazteek irakurtzea zer maite duten galdetuta, ez du argi erantzuten jakin. "Jakingo banu, hori idazten saiatuko nintzateke", aitortu du barre artean. "Askotan galdetzen dugu hori, baina helduei buruz galdera hori eginez gero ere, zer erantzungo genuke? Bada, irakurlearen arabera. Gazteekin ere zaila da asmatzen. Liburu bat eraman eta asmatuz gero, zorionekoa zu. Aproba asko egin behar dira asmatzeko".