Nerea Altxuk (ahotsa eta gitarra), Andrea Lopetegik (baxua), Jone Azkoagak (gitarra) eta Imanol Arrutik (bateria) osatzen dute 'Ginger'. Laguntasunean sortu dute taldea eta estilo askotatik edaten duten arren, punk-rock eszena astintzeko gogoz datoz.

Nolatan batu zineten Ginger taldea sortzeko?

Jone Azkoaga: Pandemiaren aurretik hasi ginen. Nerea, Andrea eta ni proiektu ezberdinetatik gentozen; Andrea eta biok, 'Mor More' talde akustikotik eta Nerea, 'Pottors eta Klitto' punk-rock taldetik. Guk 'Mor More' utzi genuen zerbait zaratatsuagoa egiteko asmoz. Altxurekin afinitate musikal handia genuen, noiz edo noiz elkartu izan ginen musika sortzeko eta orduan hasi ginen lokalera joaten eta ikusten ea elkarrekin zer egin genezakeen. Kanta batzuk atera ziren eta gero bateria jolea bilatzen hasi ginen. Duela lau hilabetetik Imanol Arruti oriotarra dabil gurekin. Horrela sortu zen 'Ginger', laguntasunean.

Aurrez beste talde batzuetan aritzeak eragina izango zuen egungo taldearengan, ezta?

Andrea Lopetegi: Bai, eragina beti eduki du eta dauka. Adibidez, Mor More eta Ginger oso formatu ezberdinak dira, baina badu influentzia argi bat gure kantak sortzerakoan. Altxuk, Pottors eta Klitto-tik etorrita, punk-rock eragina izan du, gainera gu punk-rock zaleak gara. Egia esan, gure estiloa definitzea nahiko zaila egiten zaigu.

Zarauzko Putzuzulo gaztetxean aritutakoak zarete gehienak, oso lotuta egon zarete musikarekin eta rock eszenarekin, zarata kontzertuak ikusten edo antolatzen. Zelako garrantzia izan du espazio honek zuentzat?

A. L.: Jone eta nire lehenengo kontzertua Putzuzulon izan zen. Putzuzulok asko eman digu, bai musikalki eta baita pertsonalki ere. Hor entzundako eta antolatutako kontzertuak eta bertan sortzen den elkartasunak eta jende berria ezagutze horrek asko egiten du. Nik uste talde bat sortzerako orduan, bertara joan izanak eta ikusteak talde ezberdinak eta elkartzeak jende ezberdinarekin bultzatu zigula bere garaian talde bat sortzea.

J. A.: Zarautzen zarata eszena oso potentea egon da beti eta horrek eragina izan du gugan. Baina esango nuke benetan gitarrak eta bateria hartu eta lokalean rock talde bat egitera animatzeko azken bultzada, antolatu genuen Musika Errebolta Feminista izan zela. Hor ahaldundu ginen eta hor elkartu ginen Altxurekin, nahiz eta lehenagotik ezagutu. Indartu egin ginen eta sinetsi genuen zerbait egiteko gai ginela.

MEFSST! Musika Errebolta Feminista 2013an egin zen lehenengoz. Punk-rock eta hardcore eszenan emakumeen falta sumatu zenuten? Eta baita hutsune hori betetzeko nahia ere?

A. L.: Lagun talde bat ginen eszena musikal hori gustatzen zitzaiguna eta gure gaztetxean ere eszena oso potentea zen. Kuriositatea eta gogoa genuen horri buruz hitz egiteko, gai hori lantzeko, ahalduntzeko, etab. Egin ziren bost edizioek asko bateratu gintuzten gure saretxo horretan.

J. A.: Baginen neska batzuk rock eszenaren inguruan genbiltzanak, eta hutsune batzuk identifikatzen genituen edo ez ginen guztiz eroso sentitzen eszena horrekin, ez gintuen guztiz ordezkatzen. Gero konturatu ginen eszena bera ez zela oholtza bakarrik, baizik eta atzean zegoen guztia ere bai, eta hori ere gizonek okupatzen zutela zentzu handi batean. Euskal Herriko punk-rock-hardcore eszenaren inguruan hausnartzeko topaketa batzuk nahi genituen egin eta kontzientzia hori sendotu, antolatzen ziren lekuetara hutsune horiek zabaldu eta baita ere identitate anitz gehiago oholtzaratzeko asmoarekin.

Zein egoeratan dago musika eszena hori Euskal Herrian?

A. L.: Punk-rockak beti izan du publiko bat. Gaur egun emakume gehiago ikusten dira, eta ez bakarrik abesten, musika tresnak jotzen ere bai, baina hobetzeko asko falta da.

J. A.: Aurrerapausoa da, baina panorama ikusita gutxiengoa izaten jarraitzen dugu. Baita teknikari lanetan ere, publikoan€ Gizonek okupatutakoa izan da beti eta jarrera jakin batzuk ikusi eta eredu gisa izan ditugu. Eraldatzen doa pixkanaka, baina falta da oraindik. Orokorrean, eszena potente dago eta talde eta proiektu interesgarriak daude: 'Lukiek', 'Mice', 'Cecilia Payne', 'Pinpilinpussies', 'Vulk'€ Eta etorriko direnak.

Taldera itzuliz, sei abestiz osatutako EPa argitaratu duzue: Ginger. Zer entzun daiteke lan horretan?

J.A.: Oso proiektu parte-hartzailea izan da, lagun dezenteren artean egindakoa: letrak, bideoa, diseinua€ Prozesu polita izan da, asko konpartitu baitugu inguruko lagunekin. EPak sei kanta ditu, bakoitza gauza ezberdinen ingurukoa: kritika soziala aurki daiteke, baita barrura begirako letrak ere, beste batzuetan "gure lokuritak" paseatzera ateratzen ditugu, Putzuzulori buruz ere abestu dugu€ Martxoan argitaratu genuen eta jada eman ditugu hainbat kontzertu, eta geratzen zaizkigunak!

Hurrengo kontzertuak:

Ekainak 11: Oñati

Ekainak 18: Elorrio

Ekainak 25: Gasteiz