Esan ohi da bi pertsonek ez dutela eztabaidatuko bietako batek nahi ez badu. Hori horrela bada ere, opor garaiak gerturatzen direnean eta "Zer egingo dugu aurten?" galderari erantzun bila hasterakoan, batzuetan ez da erraza izaten eztabaida saihestea. Mendia ala hondartza klasikotik harago, hamaika bidaia mota proposatu daitezke, batez ere datak urrun ikusten direnean sukaldeko afalosteko berriketaldi patxadatsuan. Kazetari on batek bost W galderak erantzun behar baditu lan txukun bat egiteko - Who, What, When, Where eta Why-, gure kasuan bi zalantza argitzearekin aski genuen. Nora joan nahi genuen eta nola mugituko ginen (behin bertara iritsita). Ni bizikletari pedalei eraginez bidaiatzeko irrikaz nengoen eta nire bikotea Baliko irudi eder batzuk burutik kendu ezinean zebilen. Eztabaidarako tarterik ez zegoen hortaz, Bali bizikletaz ezagutzeko unea iritsi zen.

Tokitan dago Bali. Autobusa eta metroa Madrileko aireporturaino, hegaldi bat Dubaira, beste bat Jakartara, bertan gaua hala nola pasa eta beste hegaldi bat, azkenean Balira iristeko. Eta hau dena bizikletak kaxa batean sartuta, terminal edo geltoki bakoitzeko mugimenduak giza proba astuna bilakatuz. Baina iritsi gara, halako bide luzearen ostean azkenean amestutako paisaia liluragarri eta giro mistikoa ezagutzeko unea iritsi da. Edo hori uste genuen. Baliko aireportutik gertuen dagoen hondartza famatuko kostaldeko herrira iritsi gara lehenik, Kutara. Australiatik surfa egitera eta merke mozkortzera datozen karramarro egosi koloreko kankailuz lepo dago. Deskribatzeko zaila egiten zait Kuta, baina bi hitz etortzen zaizkit mingainaren puntara: Salou eta Cambrils, baina asiar ukituarekin.

Bizikletak muntatu, alportxak bere lekuan kokatu, eta ahoan ezin kabituko irribarre zabal batekin ekin diegu gure lehen metroei. Emozioak gainezka daudenean, denak dirudi interesgarria, polita, ederra, baita errepidetako trafiko zaratatsuak ere. Motorrak bazter guztietatik ateratzen dira eta erlauntza bat astindu dugula dirudi. Gure ahoko irribarre zabala zurrundu egin zaigu, argazkietako irri bortxatuetan bezala. Iparraldera jo dugu, Denpasar hiribururantz eta bata bestearen atzetik sortzen diren etxe eta denda lerro amaigabea zeharkatzen ari gara. Edozein bazterretatik ateratzen diren motorrek, ezkerretik gidatu beharrak eta errepideko zulo eta zuhaitzen sustraiek, gure atentzio osoa errepidean jartzea eskatzen dute, baina ezinezkoa da. "Begira, begira eskuinetara" esan dit nire bikoteak motor zaraten artetik. "Begira, begira ezkerrean, eta begira hor aurrean", ahotsa urratu beharrean. "Gelditu!" entzun dut azkenean. Ezin du gehiago jasan argazki bat ateratzeko tentazioa, eta ez da harritzekoa.

Kilometro gutxi batzuk baino ez ditugu egin eta honezkero hamaika bitxikeria ikusi ditugu. Aztoratuta gaude, pozik. Bidaia hasi besterik ez da egin baina itxura ona du. Deigarri egin zaizkigun gauzak esaten hasita, biok bat egin dugu koadrodun zapi zuri eta beltz mordoa ikusi ditugula eskultura, arroka naiz zuhaitz ugari estaltzen. Errepide bazterreko janari postu batean geratu garenean, zapi horien inguruan joan dira uharte hau ulertzen hasteko gure lehen galderak. Oihal hauek 'saput poleng' deitzen direla esan digute, ohoragarria den edozer estaltzeko erabiltzen dela eta Baliko sineskeren muturren arteko dualismoarekin duela zerikusia. Ez dugu ezer ulertu. Eskerrak eman eta aurrera jarraitu dugu, ohartuz lehenik eta behin uharteaz gozatu behar dugula eta aurrerago agian saiatuko garela beste zer edo zer ulertzen.

Ekuadorreko lerrotik gertu kokatzen den harri koxkor bolkanikoaren barnealderantz goaz, Ubud-era, bere hiriburu kulturalerantz hain zuzen. Bidean Baliri buruzko oinarrizko gauza bat ikusi eta ikasi dugu, uharte hau tenpluz josia dago. Bali uharte bat da, baina ez soilik urez inguratuta dagoelako, erlijio aldetik ere hala baita. Munduan musulman gehien biltzen dituen herrialdean, Indonesian, Hinduismoaren tanta txiki bat da Bali. Tanta txikia bezain oparoa. Zaila da bereiztea zer den erlijioa eta zer den ospakizuna, tradizioa edo eguneroko errutina.

Turistak tenpluak bezain ugariak direnez, ez da erraza bertakoen bizitza arrunta ikustea. Zorionez, etxe arteko kale estuetatik sartuta, berehala iritsi zaitezke arroz soro zainduetara. Ur gainean mantentzen diren otarre txiki batzuetatik ereindako arroz landareak atera eta sorta bana ur lohitsuan nola sartzen dituzten ikusi dugu, etenik gabe.

Puri Saren Agung izeneko eraikinean eman diogu amaiera egunari, Ubudeko errege-etxearen egoitza izandakoan. Harri bolkaniko beltz, kolore gorrixka eta egurrezko konbinazio ederreko eraikin multzoan, dantza ikuskizun ikusgarri bezain misteriotsuan sartu gara, gong-en soinu bereziarekin beste mundu batera eraman gaituena. Egun guztian zehar gertatu zaigun bezala, deabru, maskara eta jantzi dirdiratsuz beteriko ikuskizunaren nondik norakoak ez ditugu ulertu. Ez ginateke gai izango kazetari onaren bost W-ak erantzuteko, baina buruari gutxiago eragin eta irla eder honek eskaintzen dizkigun sentsazioetan murgiltzen utzi diogu geure buruari.