Erraietatik eta zintzotasunetik, barne zein kanpo kezkez mintzatuz ondu du Ødei rap kantariak bere lehen bakarkako lana. Senideez, sorterriaz, raparen argi-ilunez, (h)egozentrismoaz€ hamaika aldarriren emaitza pertsonala da 'Terapia' diskoa. 15 kantuko lanean buru-belarri aritu da musikaria; eta, dioenez, geratzeko heldu da.

Bakarlari gisa estreinakoz argitaratu duzu lan bat: 'Terapia' diskoa. Zein prozesuren emaitza da 15 kantuz osatutako lana?

Bi urteko prozesua izan da. 2zio taldea desegitea erabaki genuen, eta erabaki hori hartu baino pixka bat lehenagotik nik jadanik banuen gogoa zerbait egiteko taldetik kanpo, libreago. Naturala ere bada, rapean behintzat. Usu rap kantariak elkarrekin hasten dira eta gero bakoitzak bere bideari ekiten dio.

Bertigoa edo beldurra ematen zidan bakarrik hasteak, zailtasunak izan ditut nire buruari onartzeko bakarrik aritu nintekeela. Azkenean, nonbait, lortu dut. Jo-ren laguntzarekin baseak ere nik egin ditut proiektu honetan, eta hor ere ikasketa prozesu bat egon da base instrumentalak nola egin ikasteko. Prozesu aski luzea izan da eta bi urteren buruan lortu dut 15 abestiko lana osoki ekoiztea.

'Terapia' kantuak abiatu zuen bidea 2020ko abenduaren 22an. Orduan hasi zinen sinesten?

Kantu hori izan zen froga bat kanpora begira baino, barnera begirakoa. Errateko: "hastera noa". 'Terapia' bideoklipa ateratzea izan zen lehen urrats bat nire buruari frogatzeko baietz, egin nezakeela.

Eta uneren baten pentsatu zenuen kantu horrek egiten zuen bideak baldin-tzatu zezakeela zure erabakia?

Ez, ez, erabakia hartua zen. Hori zen frogatze bat, edo kanpora begira erabakiaren berri ematea. Ikustaldi gehiago edo gutxiago izan, nik berdin-berdin egingo nuen nire bidea. Beti erran dut: Euskal Herria ez da raparen herria, argiki erakutsi du azken urte hauetan. Beraz, ikustaldi bat izan edo mila izan nik berdin segituko nuen; bestela, aspaldi utzia neukake rapa.

Hitzak, ekoizpena, bideoklipak€ sorkuntza prozesu guztien gainean egon zara. Mugarik jarri diozu zure buruari?

Ez, ez, erabat libre aritu naiz. Izan ditudan mugak dira baliabideak. Ekonomikoak, estudio bat edo beste eskura eduki hala ez€ Lan handia dago atzean, baina beti prekarioki eta oso baliabide gutxirekin egindakoa. Grabaketak, nahasketak€ dena guk egin dugu. Gure baliabideak muturrera eraman ditugu.

'Terapia' izena hartu du diskoak. Gai intimoak direla ezin ukatu; ez duzu, ordea, hori ezkutatzeko saiakerarik egin. Korapiloak askatzeko balio izan dizu?

Barne lanketa handi baten ondorioa doa testuetan. Nik beti erran dut: raparen adikto bat naiz, eta hau behar dut ongi sentitzeko. Barna askatzen dut, hitzez erran ezin ditudan gauzak erratea lortzen dut rapa eginez. Zentzu horretan da terapia eta barne lanketa. Horregatik hartu du diskoak izen hori.

Aurretik egindakoarekin alderatuz, biluzte ariketa sakonagoa da€

Bai. 2zio-n ez zen halako biluzte ariketarik. Lehen aldia da puntu horretaraino biluzten naizena. Utzi diot nire barnari mugarik jarri gabe ateratzen. Behar pertsonal bati erantzuten dio, noski. Baina, baita ere sinesten dut gaur egun Ni-tik idatzita ere edo nirea kontatuz besteena ere konta daitekeela. Norbere aldarriak askatuz aldarri orokorragoak egin daitezke. Beraz, Ni asko dago, baina Gu baten ordezkoa da.

Beharraz ari zara. Behin diskoa bukatua dagoela, kalean dela, izan behar zuen bezain askatzailea izan da?

Bai, bai, sumatu du. Askeago sentitzen naiz orain. Ez bakarrik barne gaiei begira, baizik eta baita ere barnea ukitzen didaten kanpo gaiei begira. Periferiak, gure herriaren tratamendua edo gure lurraldeak nola ikusiak diren€ Nik guzti hori errateko beharra nuen eta hobe sentitzen naiz erran eta gero.

Ni oso pertsonaletik ez ezik, politikotik ere asko du. 'Ene lurretatik', 'periferiak', 'ghettoan'€ Hegoaldeari kritika esplizitua eta zuzena da; baina, esan duzunez, orain arte ez duzula hain zuzenki adierazi. Zergatik orain?

Lehen aldia da esplizituki eta argi eta garbi erraten dudala. Diskoa da aldi berean intimoa eta pertsonala, eta kolektiboa, politikoa eta soziala. Banuen aspaldiko haserre bat hor barnean egunero bizi eta pairatzen duguna hemengook, eta nazkatua eta nekatua naizenez horrekin nik ere askatzeko eta errateko beharra sentitu dut.

Kritikarekin segituz, periferiei ere idazten diezu, eta hauei entzuteko beharraz. Zer ikasiko genuke periferietara begiratuz eta hauek entzunez gero?

Periferiak zainduko bagenitu eta kasu gehiago eginen berrikuntza askoz gehiago letozke: musikalak, artistikoak, kulturalak€ gure herriko errealitate ezberdin eta ugarien jabe izanen ginateke. Ni behintzat hala jabetu bainaiz periferietako jendearekin egonda, gauzak trukatuta, partekatuta. Beti zentroari entzun eta kasu egiten bizitzeak ez digu onik egiten. Adibide argiak ditut musikara ekarrita. Ipar Euskal Herriko talde batek oihartzuna izan dezan Euskal Herrian eta hegoaldean jo ahal izateko ia magia egin behar du.

Rap munduaren zenbati aspekturi ere kritika egiten diezu, 'Zinez' kantuan€ rap-aren zein alderdiri egin nahi diezu ihes?

Ni rap kantaria naiz eta biziki kritikoa naiz raparekin ere. Ikusten dudanean zerk daukan fama eta zein diren mainstream-ean ibiltzen diren artistak eta horien edukiak, biziki kritikoa naiz. Rapa ere egin daiteke beste modu batzuetan. Askotan aipatzen da horiek direla raparen kodeak. Eta ados, nik ere barneratuak ditut raparen kodeak, ez du horregatik erran nahi rap mota hori egin behar dudanik. Uste dut raparen kodeak errespetatuz beste mezu, ideia eta egiteko modu batzuk eskaintzea ere badagoela. Diskoan hori aldarrikatzen dut.

Nik badakit nire diskoa ez dela salgarriena. Gordina eta lehorra da, ez dago autotunerik ahotsean. Horrez gain, rapean entzuten ditugun astakeria guztiak onartezinak iruditzen zaizkit. Jendeak eta gizarteak bere egiten ditu, baina nik rap kantari bezala ez dut hori erreproduzitu nahi.

Hau da, beste egiteko modu batzuk. Hala mezuan, nola forman.

Diskoa formari begira rapa da. Rap hutsa eta gordina. Ez da oraingo mainstream rap mota. Bat ere ez. Baina hau da nik egiten dudana eta nik entzuten dudana. Orduan, batetik, forma hau defendatzen dut ere. Eta bestetik, edukiak. Rap kantari gehienak tematzen dira berain indarra erakusten; nik ez dut beldurrik edo lotsarik nire ahulguneak erakusteko.

Uste dut ahulguneak erakustea badela ere norbera indartzeko modu bat. Ez dut uste konplexu pila batekin bere burua onena dela erraten dutenek beren problemei soluziorik ematen ari zaizkionik. Nik nire adierazteko moduak ditut eta horiei fidel segitzen dut.

Disko sozial eta politiko gisa definitu duzu, kritika zorrotzez josia; ez, ordea, panfleteroa eta moralista. Nola egin bata bestean erori gabe?

Zaila da non zauden jakitea. Ni naiz munduko pertsonarik sinpleena, arruntena, eta kontatzen dudana da bizi, ikusi eta sentitzen dudana. Besterik ez. Uste dut hori erranez bakarrik argi utzi nahi dudala nik ez dakidala inork baino gehiago. Nik ez diot errango inori ez zer pentsatu, ez zer egin, ez zer den ona eta zer den txarra. Ikusten dudanaren, bizi dudanaren eta sentitzen dudanaren gogoeta besterik ez dut proposatzen. Hortik dator Ni horren erabilera.

Diskoa da Ni bat. Ni-tik ari naiz eta oso Gu gutxi dago. Zu ere. Bada abesti bat propio egina Zu deitzen dena. Baina, bestela, diskoa ekoitzia dago Ni-tik. Ni horretatik ez nator erratera zein den mundu ideala, nator erratera zein den nire mundua. Izan daiteke politikoa, engaiatua eta aldarrikatzailea Ni-tik idatzita ere. Are, iruditzen zait gehiago identifikatuko garela Ni kolektibo batekin, debaldeko Gu guzti horiekin baino.

Hitz jokoei, letren indarrari erreparatuz, ariketa estilistikoak ere egin dituzu diskoan€

Bai, bai, 15 abestik horretarako tartea uzten dute. Ariketa ezberdinak daude. Adibidez, errima bat noraino tira koherentea izanez eta zerbait kontatuz. Beste bat da lauko bakoitzean, lau lerroko egiturak eta gero, aldiro flow-a aldatzea. Gero, beste bat da adibidez 'Ari' azken abestia, 7 minutuko abesti bat da eta horrelakoak oso kantu gutxi daude rapean.

Gaur egun musikaren industria planteatua dagoen moduan, hautu horiekin, euskaraz sortutako rap autoekoitzia, noraino heldu nahiko zenuke?

Gaur egun planteatua den moduan ez dakit noraino joan naitekeen. Nik dakidana da apustua egin dudala. Zuzenekoetan jotzea, nahi nuke hau mugitu, estudio bat egiten ari naiz Hendaian€ proiektu oso bat da. Nire lanbide ofiziala uztera noa. Salto egitera noa, eta ea zer datorren. Badakit autoekoizpenak eta rapa egitea bera Euskal Herrian ez dela errazena horretaz bizi eta horren inguruan ibili nahi duenarentzat, baina, nik nire apustua egina dut. Ez dut beldurrik huts egiteari, akatsei ere ez diet beldurrik. Eta diskoan ere esaten du: akatsa da nire irakaspenik onena.

Nonbait pareta jotzen badut altxatuko naiz berriz eta ikusiko dut zein bide heldu. Argi dudana da nik rapa egiten segituko dudala gertatzen dena gertatzen dela; arrakasta izan, ala ez. Arrakastagatik eta jendearen onarpenagatik egingo banu hau, ez nuen disko hau aterako.