Astelehen honetatik aurrera eta maiatzaren 27ra bitartean, ikusgai egongo da Bilboko Ondare Aretoan Hormak izeneko erakusketa berria. Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Ondare Aretoa maiatzera arte izango duen erakusketa berria aurkeztu du gaur goizean, Kike Infame eta Álex Oviedo erakusketako komisarioekin batera.

Erakusketa honek Bizkaiako historia berri-berrian zehar egindako ibilbide bat eskaintzen du, gure kaleetako hormetako irudien bidez hasi eta ondoren mugikorretako pantailetako irudien bidez kontatuta. 1975etik gaur egunera arte, kartelak une bakoitzeko errealitatera egokitu dira, eta azken lau hamarkadetan bizi izandakoaren kronista mutu bihurtu dira.

Lorea Bilbao Ibarrak azaldu duenez "Oraingoan ere gure historiaren zati bat dakargu erakusketa honetan, kartelen erakusketa bat da baina horietako bakoitza bizi izan dugunaren garaiko flash-ak dira. 1975.urtetik gaur egunera arte gure hiri eta herriko HORMETAN ikusi ditugun aldarrikapenak, iragarkiak, deialdiak …

Gure historia berrienaren ibilbide bat eskaintzen da Hormetan erakusketan. 1975etik gaur egunera arte, kartelak une bakoitzeko errealitatera egokitu dira, eta azken lau hamarkadetan bizitakoaren kronikari mutu bihurtu dira."

Erakusketak karteletan jartzen du arreta, eta, bereziki, haiek diseinatu dituzten egileengan. Lagina 1975ean hasi eta gaur egunera arte iristen da. Lau fokutan zentratzen da: politikoa eta soziala; komertziala; kirolekoa eta kulturala. Hormetan erakusketan, garai ezberdinetako kartelen 60 erreprodukzio eta jatorrizkoen hogeita hamar donazio daude, Ondare Aretoko erakusketan soilik erakutsiko direnak. Kartel horien artean, Néstor Basterretxearen senitartekoen erakusketarako lagapenak nabarmentzen dira, Ama Lur filmaren 1968ko karteletik hasi eta azken lanetako batekin amaitzeko, Bermeoko artistak kartelaren historian izan duen zeregin garrantzitsua erakutsiz.

Nabarmentzekoak dira, baita ere, Erramun Mendibelandak utzitako jatorrizko lanak; izan ere, antzerkiaren bidez eta, bereziki, txotxongiloen munduaren bidez egile horrek kulturarekin duen konpromisora hurbiltzen gaitu. Deigarria da Mari Puri Herrerok utzitako linotipia. Haren 14 kopia baino ez daude, eta egileak 1978an Mari Jaia pertsonaia agurtu zuen, Aste Nagusiaren arima gisa jarraipenik izango ez zuela pentsatuz. Juan Carlos Eguillorren Bilboko Jaietarako obra enblematikoekin batera egongo dira biak. Sortzaileak Aste Nagusiko 1978ko eta 1987ko kartelak egin zituen, eta diptiko bat osatu zuen, erakusketan ere gozatu ahal izango dena. Garai berean jarraituz, Joseba Prieto dago, zinema munduko erreferentea da bera Pedro Olea zuzendari bilbotarrarekin izan duen lankidetzagatik. Izan ere, Oleak Prietoren lan batzuk utzi ditu Ondare Aretoan erakusgai izateko.

Euskal artistek etengabeko presentzia izan dute kartelismoan. Horixe da Ibarrola familiaren kasua. Albertok, Joxek eta Naiel Ibarrolak ekoizpen artistiko garrantzitsua garatu dute inguruan, Hormetan erakusketan islatzen dena.

Politikaren arloan, Bittor Allendek, EMK taldeko kideak, talde horren kartel garrantzitsuenetako batzuk, Álvaro Gurrearekin batera egindakoak, erakusten ditu.

Era berean, Jabi Ubiernak 80ko hamarkadan ezker abertzalearen karteletan aktiboki parte hartu zuen eta Euskal Herriko Kartelak entziklopedian 90ko hamarkadan egin zuen lanaren adibide batzuk ikus ditzakegu.

David Abajo arte grafikoak finkatu ziren garai baten ordezkari bikaina da, eta kartel komertzialak gure historian izan duen garrantzia erakusten du hainbat posterren bidez.

Kartelez hitz egitea tauromakiaz hitz egitea ere bada. Espazio horretan Luis García Campos nabarmentzen da, eta jatorrizko kartel batzuk ikusi ahal izango ditu bisitariak, Isabel Isusi alargunari esker.

Kultura eta, bereziki, musika Hopper-Ink bezalako balio sendotuek irudikatzen dute. Balio horiek Guggenheim edo Vudumedia-ko gauen grafikoa garatu dute, iraganeko eta oraingo umorearekin nahasten duen proposamen originalarekin. Horretaz gain, belaunaldi berrien lana ikus dezakegu, hala nola Smoke Signal Studio-ren Markel Urrutiarena.

Erakusketaren osagarri, bibliografia oso bat dago, gure kartelismoari buruz egin diren liburuak kontsultatzeko aukera ematen duena, bai eta kartel bizidunen proiekzio bat ere, komunikabideak iraganeko paperetatik gaur egungo markesinetara, esaterako, izan duen bilakaera dokumentatzeko.

Joan den abenduan Kike Infame-k eta Álex Oviedok Hormetan, Kartelak Bizkaian/Carteles en Bizkaia liburua argitaratu zutenetik sortu zen erakusketa, eta, horrela, laginaren ezinbesteko katalogo bihurtu da. Erakusketak, gainera, jardueren, hitzaldien eta tailerren programa bat izango du, beren bizitza eta sormena kartelei eskaini dietenen errealitatean sakondu ahal izateko.

Hormetan erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibiltari programaren barruan dago; beraz, erakusketa ibiltaria izango da, eta Euskal Herriko hainbat udalerritan bisitatu ahal izango da.

Hormetan erakusketari buruzko tailerra eta hitzaldiak

Erakusketak iraungo duen bi hilabeteetan kartelismoari buruzko informazioa osatuko duen programazioa egingo da.

Lehenengo hitzaldian, autore beterano batek nazioarteko proiekzioko artista batekin hitz egingo du "Kartelak. Atzo eta gaur" solasaldia Bittor Allende eta Raisa Alavak eskainiko dute apirilaren 20an 18:30etan, moderatzaileak Kike Infame eta Álex Oviedo izanik.

Maiatzaren 13an 17:30tan "Jaiak. Kartelak eta postalak" familia-tailerra izango da eta dinamizazioa Detalleres eskutik.

Maiatzaren 18an, arratsaldeko 18: 30tan, Pechakucha, Higinia Garay, Ane Pikaza, Crisiscreativa eta Cuchillo artistekin eskainiko da. PechaKucha aurkezpen-formatu bat da, eta hainbat sortzailek modu sintetikoan erakusten dute beren lana, eta hausnartu eta iritziak eta informazioa trukatzen dituzte.