Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehenengo itzuliko azken saioa ospatu zen atzo Durangoko Landako gunean. Hitzordu erabakigarria zen eta bertsolariak saioaren zirrarari gogoz heldu zioten, bertsoaldi borobila eskainiz. Txapelketa Nagusiko azkeneko edizioetako finalista ohikoetako bat den Aitor Mendiluzek eskuratu zuen garaipena 726,5 puntu bereganatuz, orain arteko finalaurrekoetako bigarren puntuaziorik altuena. Haren atzetik gelditu ziren Beñat Gaztelumendi, 716,5 punturekin; Julio Soto, 686 punturekin; Aitor Bizkarra, 677,5 punturekin; Saioa Alkaiza, 662 punturekin; eta Eñaut Martikorena, 636,5 punturekin.

Saio oso bizia izan zen atzokoa, orain arteko azkarrena: ez ziren arratsaldeko zortziak emaitzak eman zirenerako. Arina izanagatik ere arinkeriarik gabeko bertsoaldia izan zen, izan ere, taula gaineko seikoteak solasaldi ederrak osatzea lortu zuten, gai sakonei edukiz betetako bertsoekin erantzunez eta horretarako parada eskaintzen zuten gaietarako umorea baliatuz. Landako gunea lepo bete zuten 2000 bertsozalek gozatzeko parada ederra izan zuten, beraz.

Lehen itzuli osoan bezala, atzo ere hurrengo ariketak egin zituzten bertsolariek: binaka zortziko handian, txikian, puntutan eta seiko motzean; eta ganbarako lana, amaitzeko: “Lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean. Lasaitua hartu duzu.” Gai honi erantzuten bertso azpimarragarriak eskaini zituzten bertsolariek. Alkaizak maitasun harreman tradizonala eta polimaitasuna aurrez aurre jarri zituen; Gaztelumendik, Sotok eta Bizkarrak gizonezkoen zaurgarritasuna agerian utzi zuten, betiere ikuspegi eta abiapuntu oso desberdinetatik; eta bai Martikorenak baita Mendiluzek ere amonaren heriotza izan zuten mintzagai.

Irabazleak saio oso orekatua egin zuen, ariketa bakar batean ere erori gabe, puntuazio maila altua saio guztian mantenduz. Akaso Martikorenarekin batera osatu zuen puntukako ariketa izan zen nabarmenetako bat: parrandatik bueltan trenean lo gelditu eta aparkalekuan esnatu diren bi lagunen roletik abestu zuten, umorez jositako bertsoak eskainiz.

Sei puntuko motzean ere ariketa bikaina josi zuten Mendiluzek eta Gaztelumendik. Aspaldian gelditzen ez diren bi lagunen paperetik kantatu zuten. Arrazoiz eta argudioz betetako solasaldia osatu zuten bi bertsolariek, errimekin jolas ederrak eskainiz eta ideiak aski ongi lotuz, epaimahaiak puntuazio altuarekin baloratu zuen ariketa.

Aurreko finalaurrekoetan bezala, Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta aritu ziren epaile lanetan.

Azken finalaurrekoak

Atzoko saioaren ondoren, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliko saioen eraketa argitu da. Hala, datorren asteburuan izango da lehenengo hitzordua, Amurrion. Bertan arituko dira Alaia Martin, Elizondon garaipena eskuratu eta sailkapenaren buruan mantentzen dena; Oihana Iguaran, Aitor Bizkarra, Agin Laburu, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita.

Hurrengo asteburuan, azaroaren 26an, ospatuko da bigarren finalaurrekoa, Baionan. Han arituko dira Donibane Garazin garaipena eskuratu zuen Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Unai Agirre eta Eñaut Martikorena. Hirugarren eta azken finalaurrekoa Bilbon ospatuko da, abenduaren 3an. Bertan, Mendiluzerekin batera, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza, Jone Uria eta Maialen Arzallus arituko dira.

Bigarren itzuliko puntuazioak erabakigarriak izango dira, izan ere, lehenengo itzuli honetan lortutako puntuei bigarren finalaurrekoan lortuko dituztenei batuko zaizkie, Iruñean abenduaren 18an ospatuko den finalera nortzuk iritsiko diren jakiteko. Gauzak horrela, finalaurrekoen lehen itzuli honetan puntu gehien lortu dituzten bertsolariak dira, oraingoz, finalera iristeko aukera gehien dituztenak. Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Amets Arzallus daude une honetan sailkapeneko lehenengo zazpi postuetan.

Bigarren itzulian egin beharko dituzten lanak desberdinak izango dira. Hamarreko txikian, zortziko txikian eta zortziko handian arituko dira lehenik, eta ondoren ganbarako bi ariketa izango ditu bakoitzak: lehen puntua emanda bi bertso zor- tziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Puntuazioaren langa gailendu ezean, txapelketatik kanpo gelditu dira Ane Labaka, Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga.