Datorren asteazkenean, ekainak 28, "Harrotasuna zientzian" izenburupean, Bidebarrieta zientifikoaren saio berri bat egingo da. Zehazki, 19: 00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, eta, oraingoan, sexu- eta genero-aniztasuna aztertuko da zientziaren arloan.

Jardunaldi honetan lau hitzaldi izango dira: Daniel Ruiz Gabarre, farmazialari eta neurozientifikoa; Gracia Trujillo Barbadillo, Soziologiako doktorea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea eta aktibista transfeminista; Daniel García Abiétar, Bartzelonako Osasun Publikoko mediku egoiliarra eta UNEDeko Filosofia graduko ikaslea; eta Aitzol Garcia-Etxarri, Zientzia Fisikoetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

Zientzia oso tresna egokia da gizarte osoarentzat, pertsonen ongizatearen aldeko ikerketa hainbat ikuspegitatik bultzatu ahal izateko. Baina zientzia esparruan ere, zenbait kolektibok, LGTBIQA+ kasu, diskriminazioa eta egoera bortitzak jasaten dituzte eguneroko jardunean, eta horien ondorioz, talde horietan, ikasketak behin-betiko uzten dituztenen ehunekoa beste talde batzuetan baino handiagoa izan ohi da.

Ekitaldiak 15 minutuko lau hitzaldi labur ditu, eta horietan sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako hainbat gai azalduko dira, soziologiaren, medikuntzaren edo neurozientzien ikuspegitik, besteak beste.

Lehenengo hitzaldia, "Diversidad LGTBIQA+ en Ciencia: situación actual y acciones por la igualdad" (LGTBIQA+ aniztasuna Zientzian: egungo egoera eta berdintasunaren aldeko ekintzak), Daniel Ruiz neurozientzialariak emango du LGTBIQA+ pertsonek zientzia esparruan bizi duten egoerari buruzko ikuspegi orokorra zirriborratzeko, noizbehinka jasan behar izaten duten diskriminazioa nabarmenduz, betiere zientzian diharduten pertsona guztien arteko benetako berdintasuna lortzea ahalbidetuko duen aldaketa bultzatzeko asmoz.

Jarraian, Gracia Trujillo soziologoaren txanda izango da, eta "Pensando más allá de los binarismos sexo- genéricos en el ámbito educativo" (Binarismo sexo-generikoez harantzago pentsatuz hezkuntza arloan) hitzaldiaren bitartez, argi utziko du queer mugimenduaren eta feminismoaren epistemiologiek edo ezagutzaren oinarri eta metodoek pentsatzeko modu berri bat ireki dutela hezkuntzan, izan ere, arauz eta erregulazioz beterako esparru honetan ere gizarte-aldaketaren aldeko ekimenak sortu ohi dira.

Ondorengo hitzaldia "La asistencia sanitaria a personas trans como producción material e identitaria" (Trans pertsonentzako asistentzia sanitarioa, ekoizpen material eta identitario gisa) izango da, eta bertan, Daniel García medikuak zehatz-mehatz azalduko du nola, haren iritziz, transexualitatearen diagnostikoa sortu zenetik, diskurtso biomedikoa "obsesio paternalistetara" makurtu den, trans pertsonei "laguntza", "asistentzia" edo "tratamendua" eskaintzeko asmoz.

Azkenik, "El reto de diversificar la ciencia" (Zientzia dibertsifikatzearen erronka) hitzaldian, Aitzol Garcia-Etxarri fisikaria LGTBIQA+ kolektiboko kide bezala duen esperientzia pertsonaletik abiatuko da aniztasuna zientziaren ikuspegitik aztertzearen erronka azaltzeko, benetako rara avis bat baita egungo ikerketa zientifikoaren arloan.

Daniel Ruiz Gabarre farmazialari eta neurozientifikoa da eta Alzheimer gaixotasunaren mekanismo molekularrak ikertzen ditu Madrilgo CBMSO zentroan (Biologia Molekularrari buruzko Severo Ochoa Zentroa). CBMSOko berdintasun-unitateko kidea da eta modu aktiboan parte hartu ohi du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloetako aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako PRISMA elkartean

Gracia Trujillo Barbadillo Soziologiako doktore eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea aktibista transfeminista da. Haren ikerketek mugimendu feminista eta lgtbi - queer mugimendua dituzte aztergai. Azkenaldian plazaratu dituen argitalpenen artean, "Queer epistemologies in education. Luso- Hispanic dialogues and shared horizons" (Palgrave) liburuaren koedizioa eta "El feminismo queer es para todo el mundo" (Ed. Catarata) nabarmen daitezke.

Daniel García Abiétar Osasun Publikoko mediku egoiliarra da Bartzelonan eta Filosofiako graduko ikaslea UNEDen. "¿Sólo dos? La medicina ante la ficción política del binarismo sexo-género" (2019, Local Cambalache) izenburuko saiakera idatzi du.

Aitzol Garcia-Etxarri Fisika-Zientzietan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Haren doktorego-tesiak 2010eko doktorego-sari berezia jaso zuen. Ondoren, doktorego ondoko ikertzailetzat lan egin zuen lau urtez Stanfordeko Unibertsitatean. Egun, DIPCeko nano-fotonika taldeko buru izanik, argiak objektuekin duen eskala nanometrikoko interakzioa ikertzen dihardu.