Mungiarrek atzerako kontaketa hasi dute herriko jaiez gozatzeko. Pandemia dela eta jaiak bertan behera geratu ondoren, herria jai giroan murgilduko da aurten eta jarduerek, musikak eta lehiaketa gastronomikoek kaleak alaitasunez eta umore onez beteko dituzte. Mungiako Udalak herriko jaietako egitarau osoa aurkeztu zuen atzo. Jaietako eskaintza zabalak kontzertuak, kultur et a kirol jarduerak, tailerrak, umeentzako atrakzioak eta eskaintza gastronomikoa... batzen ditu, dena pertsona guztiek jaietako ekitaldiez gozatu ahal izateko pentsatuta.Txosnen gunea zabaltzeak emango dio hasiera txupinazoaren aurretik.

Horrela, mungiarrek Sua eta Linkin Parke taldeen kontzertuaz gozatu ahal izango dute ekainaren 24an. Larunbatean, mozorro gaua, Mungiako XXII. Plater-tiroketa Sari Nagusia eta Los Cojones herriko taldearen eta Chill Mafia iruindarren emanaldiak antolatu dira. Igandean Baserritarraren Eguna ospatuko da, eta nekazaritza azoka egongo da. Bertan, nekazari-tzako elikagaiak izango dira protagonista, "Roberto Etxebarriaren trikitiak girotuta, Mirenek eta Idoiak lagunduta. Artisautza, erakustaldi, dastatze eta musika herrikoiz betetako eguna" izango da, azaldu zuten atzo. 28an jaien hasiera ofiziala izango da, txupinazoarekin. Pregoia Diz-Diz Mungiako Emakumeen Elkarteak irakurriko du eta txupinazoa Joseina Etxeberriak girotuko du.

San Pedro egunean (29) egitarau zabala prestatu dute; txikienek umeentzako parkea eta txu-txu trena izango dituzte. Ohiko meza nagusia eta Amilotx dantza taldearen eta Udal dantza eskolaren ohorezko aurreskua ez dira faltako. Eguna osatzeko, "bertso-saioa, esku pilota partidak, kontzertuak..." antoladu dira. 30ean gastronomiak Uriguen parkea hartuko du tortilla lehiaketarekin eta "eskeletoa mugi-tzeko, mungiarrek zoomba familiarrera eta diskofestara joateko aukera izango dute. Gaueko kontzertua Buhos & Ets bandak eskiniko du".

Uztailaren 1a txosnen gunean egingo den herri bazkariarekin hasiko da eta egunean zehar kale animazioa egongo da. Musikari dagokionez, kontzertua Toc taldearen eskutik etorriko da. Hurrengo egunean kirol ekitaldiak, dantza ikuskizuna eta adinekoen bazkaria, beste batzuen artean antoladu dituzte, eta eguna amaitzeko, Egan taldeak eta Skabidean eta Wicked Wizzard taldeek kontzertuak eskiniko dituzte Foruen plazan eta txosnen gunean. Uztailaren 3an, jaietako azken egunean, Sukalki Eguna ospatuko da. 0:00etan Marijataren agurra eta ohiko zapien erretzea egingo dira.