Oso gutxi falta da Aste Nagusia hasteko eta Bilboko Udalak ezagutzera eman ditu gauak alaituko dituzten kontzertuak. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urtez etenda egon ondoren, Mikel Urdangarin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa, El Drogas, Bulego, Dani Fernández, Ana Mena eta En Tol Sarmiento (ETS) izango dira Bilboko jaietan joko duten artista eta taldeak.

Aurreneko kontzertua jaietako lehenengo zapatuan, abuztuaren 20an, 23:30etik aurrera, egingo da Abandoibarran. Mikel Urdangarin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango ditugu, "100/25 BOS-Mikel Urdangarin" proiektuarekin, Urdangarinen gai ezagunenetako batzuk orkestrara egokituta. Zehatz esateko, kantautore euskaldunaren hamabost abesti egokituko dira.

Astelehenean, abuztuaren 22an, leku eta ordu berean, rock-eko klasiko handi baten txanda izango da: El Drogas. 80ko hamarkadan musikariak sortu zuen Barrikada taldearen 40. urteurrena gomutatzeko, talde nafarraren abestiekin osatutako errepertorioa interpretatuko du.

Eguen gauean, abuztuak 25, Bulego talde euskaldunak jotzen duen pop bizi eta argitsuaren lekuko izango da Abandoibarra. Boskoteari darion energiak eta entzuleak harritzeko gaitasunak euskal musikaren esparruko promesa berrietako bat bihurtzen ditu.

Bariku gauean, hilak 26, Auryn taldeko kide izandakoaren ahots urratua, Dani Fernández, izango dugu Abandoibarran, 23:30ean hasita eta En Tol Sarmiento (ETS) Europa Parkean, 00:00etatik aurrera. Arabako Errioxako boskoteak jendea berotuko du ska dibertigarri eta dantzazaleari esker.

Europa Parkeko aurreneko kontzertua eguaztenean, hilak 24, 00:00etatik aurrera eskainiko du Ana Mena artistak, pop urbanoaren promesa handienetako batek.

8 ESPAZIO ETA 8 MUSIKA EMANALDI BAINO GEHIAGO DOAN

Bilboko Udala doako 100 musika-jarduera baino gehiago prestatzen ari da, gustu eta publiko guztietarako, uriko 8 eszenatokitan. Moda-modako taldeak egongo dira, askotariko estiloak dituztenak, baina musika klasikoa eta bilbainada tipikoak ere, besteak beste, ez dira faltako.

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta musika-estilo bakoitzak, urtero bezala, bere espazioa eta kokapena izango ditu.

KONTZERTUEN AGENDA

ABANDOIBARRA

  • Zapatua, hilak 20, 23:30etan: Mikel Urdangarin + Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS)
  • Astelehena, hilak 22, 23:30etan: El Drogas
  • Eguena, hilak 25, 23:30etan: Bulego
  • Barikua, hilak 26, 23:30etan: Dani Fernández

EUROPA PARKEA

  • Eguaztena, hilak 24, 00:00etan: Ana Mena
  • Barikua, hilak 26, 00:00etan: En Tol Sarmiento (ETS)