Valentin Zubiaurre konpositorearen (Garai, 1837 - Madril, 1914) La Pasión obraren emanaldia hartuko du Garaiko Elizabarri elizak apirilaren 1ean. Bilboko Koral Elkarteak berreskuratu du musikagile garaitarraren pieza hori eta Erromako Espainiako Akademian estreinatu ondoren, Madril eta Bilbo bisitatuko ditu eta, omenezko bira horren azken emanaldia artistaren jaioterrian amaituko da. “Ibilbide bat egin da, hainbat hiriburu batu dituena eta azken emankizuna izango da Garain apirilaren 1ean. Saioa Elizabarrin izango da eta horren ondoan jaio zen pieza hau prestatu zuen musikagilea. Eliza txikia da, beraz bi emanaldi eskainiko dira eta helburua da ahalik eta herritar gehienek partu ahal izatea eta Valentinen musika hurbiletik sentitzeko aukera paregabea izango da. Garai bezalako herri batentzat oso kultur jarduera garrantzitsua da eta ilusio guztiarekin gaude”, azaldu zuen Erramun Osa herriko alkateak.

Kontzertuaren xehetasun guztiak azaldu zituzten atzo goizean, Garaiko Udaletxean burutu zen prentsaurrekoan eta bertan, herriko alkatea ez ezik, Zubiaurretarren senide bat, Bilboko Koral Elkartearen ordezkariak eta ekitaldia laguntzen duten erakundeetako kideak izan ziren, hala nola, Bizkaiko Foru Aldundia. Izan ere, Garaiko emanaldia oso berezia izatea espero da. “Interpretazioa Bilboko Koral Elkarteari esker egin ahal izango da eta emankizun bakar bat izan beharren kontzertu-ziklo honen azken interpretazioak bi emankizun izango ditu. Gure asmoa da 70 sarrera salgai jartzea emanaldi bakoitzean”, gehitu zuen alkateak.

Lehen emanaldia 18:30ean hasiko da eta ordubeteko iraupena izango du. Bigarrena, 20:30ean izango da. Guztira, 140 sarrera izango dira salgai astelehenetik aurrera, 70 emanaldi bakoitzerako, eta 5 euroko prezioa izango du.

Interpretazioa, Enrique Azurzak zuzenduko du, bere koralista Ana Otxoa sopranoaren, Beñat Egiarte tenorraren, Julen García eta Juan Laborería baritonoen ahotsekin, eta pianoan eta organoan Ander Marzanak eta Alberto Sáez Puentek lagunduta, hurrenez hurren. “Eliza oso txikia da, beraz, bertsio berezi bat egingo dugu. Koroan 20 abeslari bakarrik izango dira eta oso emozionatuta gaude”, aurreratu zuen Enrique Azurza zuzendariak.