2016an indarrean jarri zen Bizkaiko Foru Aldundiaren Goihabe harrera-programak 700 errefuxiatu baino gehiago artatu ditu orduz geroztik. Gaur egun 272 pertsona daude programa horren babesean (tartean 86 adingabe eta 141 bizikidetza-unitate).

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak datu horiek eskaini ditu Gurutze Gorriak Bilboko Concha jeneralaren kalean duen eguneko zentroan, Errefuxiatuen Munduko Egunean.

Laespadak azaldu duenez, Goihabe programa 2016an jarri zen abian, Siriako gerrak exodoa eragin zuen garaian, errefuxiatuei Bizkaian abegi egiten dieten eragileen jarduera bateratua eta koordinatua sustatzeko helburuarekin. Gerora, Goihabek beste leku batzuetan beste gerra batzuek eragindako pertsonengana zabaldu du bere jarduketa-eremua, euren autonomia eraikitzeko behar duten laguntza osoa eskaini nahian (bizilekua izateko laguntza barne).

Diputatuak gogora ekarri du ekainaren 20a Errefuxiatuen Munduko Eguna dela. "Ez litzateke horrelakorik izan behar, lotsatu egiten gaituen eguna da". Ezer gabe ihes egiten duten pertsonak dira. Gerratik, mehatxutik. Beldurrak eta babesgabetasunak bultzatzen dituzte kanpora. Eta, sarritan, sustrairik eta babesik gabe daude hemen", azpimarratu du.

Esan du, era berean, egun honek aukera ematen duela errealitate hori komunikazio-agenda publikoan jartzeko, eta pertsona horiei nola laguntzen ari zaien herritarrei azaltzeko. "Herritarrei azaltzeko Bizkaia babesleku dela, eta Aldundia merezi duten harrera duina egiten ari zaiela pertsona horiei. Batez ere, errefuxiatuak hartzeko Goihabe programaren bitartez", azpimarratu du.

Horren harira zehaztu duenez, hedabideen arreta erakartzen duten egoera kritikoez gain -garai batean Sirian eta oraintsu Ukrainan gertatuak-, Goihabe programaren laguntza (osoa eta iraunkorra) gure lurralde historikora "izutik" ihesi heltzen diren pertsona guztiei ematen zaie, jatorria kontuan hartu gabe.

100 MILIOITIK GORA IHESLARI MUNDUAN

ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziaren arabera, etxetik ihes egin behar izan duten pertsonen kopuruak urtez urte gora egin du azken hamarkadan. Ez hori bakarrik: erregistroak daudenetik izandako maila gorenera iritsi da.

2021aren amaiera aldera, ACNURen Joera Globalei buruzko urteko txostenaren arabera, gerrak, indarkeriak, jazarpenak eta giza eskubideen urraketek ihes eragindako pertsonak 89,3 milioi ziren. Hau da, aurreko urtean baino % 8 gehiago, eta orain dela hamar urteko kopurua halako bi baino gehiago.

Dagoeneko, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren eta beste larrialdi batzuk gehituta, 100 milioi pertsonako muga izugarria gainditu da.

GOIHABE-REN DATUAK

Gaur egun artatzen ari diren 272 pertsonetatik 56 dira 18 eta 29 urte bitartekoak; 97 pertsona 30 eta 45 urte bitartekoak dira; eta 33 pertsona 45 urtetik gorakoak dira. Bestalde, 135 gizonezkoak dira eta 137 emakumezkoak.

Gutxi gorabehera % 60ri ez diete onartu nazioarteko babes eskaera, eta arauz kanpoko egoera administratiboan daude.

Pertsona horietatik % 44 Bilbon bizi dira, eta Kolonbiakoak dira gehienak (% 32). Atzetik datoz Venezuelakoak, Siriakoak eta Georgiakoak.

Goihabek laguntza eta akonpainamendu osoa eskaintzen die. Alegia, onuradunek euren autonomia berreraikitzeko laguntza integralak jaso ditzaten beharrezkoak diren prestazio guztiak eskaintzen ditu. Bizilekua izateko laguntza barne.

  1. Esku-hartze soziala / Akonpainamendua
  2. Laguntza ekonomikoak
  3. Etxebizitza
  4. Laguntza psikologikoa
  5. Hezkuntza eta lan arloko orientazioa: Enplegua.
  6. Laguntza juridikoa
  7. Komunitatean parte hartzea

Enplegurako akonpainamenduaren esparruan, Goihabeko 38 erabiltzailek enplegura bideratutako akonpainamendu programetan parte hartu dute, eta haietatik zortzik lana lortu dute. Gainerakoak euren gaitasun soziolinguistikoak, digitalak eta pertsonalak hobetzeko programetan eta enplegurako prestakuntza planetan ari dira.

Aurten 395.000 euro inbertitu dira, 2021ean baino 55.000 euro gehiago. Alegia, % 16 hazi da pertsona horiei laguntzeko inbertsioa.

Aurrekontu horri erantsi behar diogu enplegurako akonpainamenduko Zaiatuz programari dagokiona, hau da, 50.000 euro gehiago.

LARRIALDIETARAKO LAGUNTZAK ETA EKINTZA HUMANITARIOAK

Goihabe programaz gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak Larrialdietarako Laguntzen eta Ekintza Humanitarioaren programa ere badu. Helburu horri begira 800.000 euro jarri dira 2022ko aurrekontuan, gatazkadun eskualdeetan hainbat proiektu gauzatzeko (2021ean baino 100.000 euro gehiago, % 15 gehiago). Niger, Afrika Erdiko Errepublika, Uganda, Siria, Etiopia, Nigeria eta Libano dira hartzaileak. "Jakina, leku horietan ere badira iheslariak, eta bizi baldintza are okerragoak dituzte", gehitu du diputatuak.