DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
2018ko Aste Nagusiaren balantzea

Aburto Alkateak zorionak eman dizkie herritarrei: "egin dugun balantzea oso positiboa izan da"

Abuztuaren 18tik aurrera, 1,5 milioi pertsona inguru hartu dute parte Aste Nagusian

Deia - Lunes, 27 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 16:42h

Aburto Alkateak eta Itziar Urtasun Marijaiarekin

Aburto Alkateak eta Itziar Urtasun Marijaiarekin (Bilbao.eus)

Galería Noticia

Aburto Alkateak eta Itziar Urtasun Marijaiarekin

Bilboko Udalak jaietako 9 egun hauen balantzearen aurreneko balorazioa aurkeztu du;datuok Aste Nagusian lanean jardun duten udal zerbitzuek eskaini dituzte.

BILBO. Bilboko Alkatea bera, Juan Mari Aburto, arduratu da Bilboko Aste Nagusiaren balantzearen lehenengo informazioa aurreratzeaz: “Aste Nagusi hau 40. urteurrenaren mailan egon da. Data hain bereziak merezi zuena. Egin dugun balantzea oso positiboa izan da. Bilbotarrak izan dira jaietako benetako protagonistak, jarduera guztietan murgildu dira jarrerarik onenarekin eta alaitasunezko giro bikainean. Aste Nagusiak, berriro ere, erakutsi du kalitatezko eta parte hartzeko jaien erreferentea dela;halandaze, zorionak denoi, posible egin duzuelako hori hala izatea” adierazi du. Jaien bilakaera egokirako lan egin duten pertsona guztiei ere eskerrak eman nahi izan dizkie Alkateak.

Berriro geratu da argi 40. edizio honetan Bilboko jaiak partaidetza handiko kalitatezko jaien eredu irekiaren erreferentea direla nazioarte mailan. Kalkuluen arabera, 1,5 milioi pertsona inguruk hartu dute parte Aste Nagusirako programatutako 400dik gora jardueretan. Kopuru horri jai pribatuetan eta txosnetan ibili direnak erantsi behar zaizkio.

Goranzko joera duten kopuru horiek, argi erakusten dute Aste Nagusiaren jai-ereduaren arrakasta, gaitasuna duena, 9 egunetan doako aisialdiaren eta kulturaren Europako hegoaldeko eskaintzarik handienetakoa antolatzeko. Udaletik azaldu dutenez, eskaintza hori Balioen Hiriari –Bilbao Balioen Hiria - lotuta dago, oinarri dituena zenbait balio, besteak beste, dibertsitatea eta inklusioa, partaidetza, nortasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, sormena, ahalegina eta ilusioa.

Gobernu Taldeak, Juan Mari Aburto Alkatea buru dela, zorionak eman dizkie herritarrei, aurten ere, bizikidetza-giroa eta partaidetza handia izan direlako Aste Nagusiaren ezaugarriak, ondo pasatzea eta jaiez gozatzea izanik helbururik behinena.

Balantzeak adierazten duenez, Aste Nagusiaren edizio honetan, jarduera guztiak egin direla istilu barik eta abegi ona egin dietela herritarrek. Azpimarratu behar da, berriro ere, eguneko programazioa finkatu dela;hartara, txupinaren jaurtiketan 20.000 pertsona bildu ziren, Txikigunean 140.000, Balearen Desfilean 100.000, bilbainadetan eta Udal Bandaren Areatzako kioskoko emanaldietan 20.000, Erraldoiak eta Buruhandiak ikusten…

Jenderik gehien batu zituen ekitaldia su artifizialen ikuskizuna izan zen, milioi bat lagun gutxi gorabehera. Era berean, kalkulatzen da 500.000 lagun izan direla 9 egun hauetan programatutako musika-emanaldietan.

Alabaina, bada puntu ilun bat lehenengo balorazio honetan: eraso sexistak eta errespeturik eza pertsonenganako eta uriarenganako. Orain arte, 4 eraso sexista salatu dituzte “ukituak egiteagatik” jai-esparruan eta jaietan zehar. Bilboko Alkateak bere gaitzespena eta arbuioa agertu ditu eta berriro esan du “kerarik gabe jarraituko duela lanean Bilbo zein-nahi motatako erasorik gabeko uria izan dadin, errespetua, bizikidetza eta tolerantzia izanik nagusi.

SU ARTIFIZIALAK

Su artifizialak izan dira aurten ere ekitaldi nagusiak eta baloratuenak, gauero 120.000 lagun bildu dituztenak batez beste. Epaimahaiaren erabakiaren arabera, Italiako POLEGGI piroteknia izan da Aste Nagusiko Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren XXVIII. edizioaren irabazlea.

Aste Nagusiaren 40. edizioa dela-eta, Udalak SU DANTZAizeneko ikuskizun piromusikala programatu zuen abuztuaren 25erako (zapatu) eta 100.000 ikusle erakarri zituen.

Kalkulatzen da guztira milioi bat pertsonak jarraitu zituztela su artifizialak.

MUSIKA

Udalaren kalkuluen arabera, 500.000 pertsona izan dira Aste Nagusi honetan Udalak uriko zenbait lekutan jarritako zortzi eszenatokietan programatu dituen 100dik gora kontzertuetan. 2018ko Aste Nagusiak gustu guztietarako kontzertuak eta musika-ikuskizunak eskaini ditu: gaur eguneko taldeak, bilbainada klasikoak…

  • Enkarnazio plazako, Plaza Barriko eta Bilborockeko ikuskizunak mukururaino bete dira egunero.
  • Abandoibarrako eta Europa parkeko eszenatokiek jarduera ugaria eskaini diote adin guztietako publikoari.
  • Pergolak, Areatzako Kioskoak eta berbenek euren jarraitzaile leialak izan dituzte oraingoan ere.

Jenderik gehien bildu duen kontzertua Sebastian Yatrarena izan da, Europa parkean, 15.000 ikusle, hain zuzen ere;ondoren, Gatibu, 12.000 ikusle, Abandoibarran, eta Areatzako berbena herrikoi eta arrakastatsuetan, berriz, batez beste 8.000 ikusle gauero.

Atzo, abuztuak 25 (zapatua) EiTB-k ekoiztutako Go!azen telesail ezagunaren musika-ikuskizuna eskaini zuten, publiko familiarrarentzat. Umeei ere euren ordutegira egokitutako hitzorduak arrakasta handia izan zuen telesailaren jarraitzaileen artean, 3.000 ikusle.

UMEENTZAKO PROGRAMAZIOA

Umeentzako jarduerek eta jarduera familiarrek gorakada izan dute publikoaren aldetik, azken edizioekin alderatuta. 140.000tik gora ume batu dira Txikiguneko instalazioetako jardueretan. Aste Nagusiko gunerik arrakastatsuenetakoa da Udalarentzat.

Udalak Balioen Hiria eraman du Txikigunera, txikienak ere balioetan hezteko olgetan ari diren bitartean.

Horrez gain, umeentzako gunean jai bat antolatu da Aste Nagusiaren 40. urteurrena ospatzeko diskofesta eta txokolatadarekin. 3.000 familia hurreratu ziren bariku arratsaldean Casilda Iturrizar parkeko instalazioetara.

Datu horiei, Balearen Desfilekoak erantsi behar zaizkio. Abuztuaren 18an (domeka) egin zen desfilea eta 100.000 pertsona batu ziren bertan.

KALEKO ANTZERKIA

Kaleko Antzerkiaren programazioari dagokionez, Udalak Aste Nagusirako 18 ikuskizun antolatu ditu publiko ezberdinentzat. Aipatzekoa da 5 estreinaldi izan direla Euskadin eta estatu mailako estreinaldi bat. Clowna, umorea eta dantza, mundu osoko musika eta soinuarekin, Arriaga Antzokiko plazan eta Gaseko plazan. 45.000tik gora ikusle bildu dira bertan Aste Nagusian.

Euria dela eta, abuztuaren 24ko (barikua) eguerdirako programatutako CAPICUA “koselig!” ikuskizuna bertan behera utzi behar izan zen.

FOLKLOREA

Oraindik ordu batzuk falta dira Aste Nagusia amaitzeko, eta gaur Aste Nagusiko Euskal Folklorearen arloko jarduerarik arrakastatsuenetako batzuk egingo dira, baina esan daiteke jarduera horiek 40.000tik gora jarraitzaile dituztela.

Erraldoiak eta Buruhandiak, herri-kirolak, bertsolariak eta pilota-partidak ere milaka ikusleren biltoki izan dira.

15.000 pertsona inguru joan dira Plaza Barrira, aste osoan zehar, euskal dantzak dantzatzera eta erromeriaz gozatzera.

Azpimarratzekoa da jaien 40. urteurrena ospatzeko Euskal Museoan antolatutako “Aste Nagusia 40 urte” izeneko erakusketa. Gaur arte, 22.000 bisitari izan ditu.

TURISMOA

Abuztuaren 18tik (zapatua) 25era (zapatua) bitartean (abuztuaren 26ko, domeka, datuak falta dira) turismo-bulegoek 18.000 bisitari izan dituzte. Asko dira, dagoeneko, gailu mugikorren bidez jasotzen dutenak informazioa.

Jatorriari erreparatuta, estatuko turista gehienak kataluniarrak izan dira (% 19), ondoren madrildarrak (% 18,9), valentziarrak (% 17,6) eta andaluziarrak (% 13,1). Atzerritarren artean, berriz, frantziarrak (% 31,5), italiarrak (% 14,6), Erresuma Batukoak (% 11,3) eta alemaniarrak (% 10,2).

Egunotan egindako kontsultei buruz, gastronomiaz ez ezik, Guggenheim Museoaz, garraioaz, ordutegiez eta interes turistikoko lekuez ere galdetu dute. Aste Nagusiko jarduerak izan dira arreta handiena eragin diena turistei, folklorea, herri-kirolak, lehiaketa gastronomikoak, dantzak eta, batik bat, doako kontzertuak.

Hotelen okupazio-maila % 85 eta % 87ren artekoa izan da;hotel batzuk guztiz bete dira. Egun hauetan Aste Nagusian ibili den jendearen % 14 Euskaditik kanpokoa dela kalkulatu da.

Era berea, kalkulatu da inpaktu ekonomikoa 80 milioi eurotik gorakoa izango dela.

GARBIKETA

Aste Nagusian 600dik gora pertsonak osatutako zerbitzu berezia eratu da. Jaiak ospatu diren lekuetan garbiketak egin dira, hondakinak batu eta bazterrak desinfektatu dira, uria garbi edukitzeko.

Aurten, Aste Nagusian bildutako hondakinen kopurua % 3,7 gutxiago izan da. Guztira, 493 tona hondakin batu dira. Iaz, ostera, 512 tona (datu hauek domeka goizera artekoak dira). Horrez gain, 6.402 m3 ur eta 919 m3 soluzio desinfektatzaile erabili dira, iazko Aste Nagusian baino % 4,6 eta % 1,9 gutxiago, hurrenez hurren. Aurten nabarmentzekoa da beirak edukiontzi berdean jartzearen % 5eko gorakada iazkoaren aldean;52,8 tona batu dira.

Itsasadarraren garbiketarako ontzi bi ibili dira garbi edukitzeko ur gaina;gaur arte 4.680 kilo hondakin bildu dira, iaz baino % 10 gehiago;gehienak ontziak eta plastikoak izan dira.

HERRITARREN SEGURTASUNA

Herritarren Segurtasunaren alorrean, Bilboko Udaltzaingoak garrantzizko dispositiboa zabaldu du jai-esparruetan, segurtasuna zaintzeko eta ekitaldietara doazen milaka pertsona babesteko. Dispositibo honi esker, hainbat ekitalditan parte hartu duten milaka eta milaka pertsona babestu ahal izan dira jai-esparruetan eta barraketan.

Beraz, modu berezian azpimarratu behar da dispositibo horiei esker, Aste Nagusian parte hartu duten milaka pertsonentzat ez dela izan arrisku larririk eragin duen gertakaririk.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku-hartu duten segurtasunaren arloko ekintzetan % 2,4ko beherakada izan da 2017aren aldean.

Delituen Batzordeak Aste Nagusian egindako diligentzietan % 7,6 gutxitu dira lapurretak (1.009 ekintza gaur arte). Ez dute egin gora, indarkeria edo larderia erabilita egindako lapurretek, iazko kopuru berbera izan da (94). Askatasun sexualaren aurkako delituen (ukituak) 4 salaketa egon dira gaur arte.

Emakumeak babesteari dagokionez, azpimarratzekoa da AgreStop/EraStop” izeneko doako aplikazioan ez dela sorospen-alertarik jaso martxan jarri zenetik (abuztua).

Azpimarratzekoa da Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio bikaina eta agente gehiago egon izana kalean;horri esker, operatibitate handiagoa izan dute jaigune guztietan eta delituak egotzitakoen, atxilotuen eta ikertuen kopurua aurreko urteetan baino handiagoa izan da, 171 hain zuzen.

Inolako kontrol sanitariorik ez duten produktu galkorren kontsumoak dakarren arriskuaren aurrean, Bilboko Udaltzaingoak, kontrol sanitariorik gabe saltzen ari ziren 152 kilo janari konfiskatu ditu.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 1.573 alkohol-proba egin dituzte, horietatik 532k positibo eman dute, eta drogen 144 proba, horietako 32 positiboak.

Aurten, oso baliagarria izan da Aste Nagusian Udaletxeko polizi instalazioetan jarritako “Galdutakoak eta Aurkitutakoak” zerbitzu berezia, galdu daitezkeen tresnak (diru-zorroak, giltza eta/edo eskuko telefonoak, gehienbat) berehala itzultzeko euren jabeei. Gaur goizera arte 474 tresna jaso dira eta ia 200 itzuli egin ahal izan zaizkie jabeei, batik bat, dokumentazioa eta eskuko telefonoak. Itzulketa horiei buruzko datuak gehitu egingo dira seguruenik datozen egunetan.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 1.573 alkohol-proba egin dituzte, horietatik 532k positibo eman dute, eta drogen 144 proba, horietako 32 positiboak.

Bestalde, eta osasunaren arloan (gaurko datuak falta dira) jaiguneetan laguntza sanitarioa jaso duten pertsonen kopuruak behera egin du % 3. Guztira, 567 lagunek (2017an 585) behar izan dute laguntza-mota hau Aste Nagusian: traumatismoak, zauriak, intoxikazioak, erredurak eta bestelako lesioak. Aurten 104 intoxikazio etiliko izan dira, horietako 25 adingabekoenak.

Larrialdi sanitarioetarako Postu Mediko Aurreratua aurten Abando geltokiaren azpialdean egon da, erizainek eta profesional sanitarioek osatua jenderik gehien ibili den orduetan. Anbulantziak ere egon dira Abandon eta jai-esparruetan.

Gaur arte, 567 pertsonari eman zaie arreta eta 137 pertsona eraman dituzte anbulantzietan ospitaleetara Postu Mediku Aurreratuan tratatutako kasu gehienak zauriak izan dira. Lesio traumatologikoak izan dituztenak dira anbulantzietan eramandakoak.

Azpimarratzekoa da suhiltzaileek ez dutela esku-hartu behar izan ez itsasadarrean, ez jai-esparruetan edo kontzertuetan, ezta su artifizialen ondorioz ere.

GARRAIO PUBLIKOA

Aste Nagusian, azken datuen faltan, Bilbobusen gaueko zerbitzuak, Gautxorik, 39.369 joan-etorri egin ditu auzoen eta jaiguneen artean. Iaz, 41.148.

Aurten, nobedade moduan, bitarteko geralekuen zerbitzua jarri da abian. 45 emakumek erabili dute egun hauetan.

Bestalde, Artxandako funikularrak aurten ere gaueko 12:00etara arte luzatu du ordutegia. 32.310 pertsona garraiatu ditu. Iaz, 27.302. Horri esker, abuztuan errekorra jarriko du seguruen.

“EZ BETI DA EZ” ERASO SEXISTEN AURKAKO KANPAINA

Eraso sexisten aurkako prebentzio eta sentsibilizazio-kanpainari dagokionez,Bilbo, jaietan ere, eraso sexistarik gabeko uri gisa sendotzeko, abuztuaren 18an (zapatua) Udalak bere estrategia jarri zuen abian, erasoen aurkako gaitzespen-mezua areagotzeko.

Abuztuaren hasieratik udala hedabideetan eta udal publizitate-euskarrietan, Aste Nagusirako eraso sexisten aurkako kanpaina berria zabaltzen hasi da. Horretan, Marijaiak irudi berria estreinatu zuen: besoa luzatuta eta NO ES NO / EZ BETI DA EZmezuarekin. Esku txiki asko agertzen dira irudiaren ondoan, herritarrek erasoen aurka duten inplikazioa islatzeko eta aniztasunaren eta berdintasunaren alde egiteko.

Irudi berriaren osagarri moduan, bideo bat atera da urian ezagunak diren pertsonaiekin - Itziar Urtasun, Joseba Solozabal, Teresa Abajo, Sandra Atutxa, Esmeralda Herlo, Oihane Bartra, Gurutze Beitia, Lander Otaola, Jone Oliban, Iñaki Williams, Ainhoa Tirapu, Javi Salgado, Aitor Elizegi, Amaia Olabarria, Saioa Dominguez eta Zorion Egileor – erasoak gaitzesteko eta arbuiatzeko. Hala berean, errespetuzko harremanen aldeko mezua, berdintasuna ardatz dela, zabaldu da, Bilbo eraso sexistak gaitzesten dituen uria dela aldarrikatzeko.

Nobedade moduan, jai-esparruetan, totemak ipini dira mezu honekin: “BILBO, ERASO SEXISTARIK GABEKO URIA DA”, eraso sexistarik ez duen lurralde moduan mugarrituta.

Non eta jaigunearen erdigunean, Areatzan, informazio-puntua ipini da, herritarrek kanpainaren eta, eraso sexista baten biktima edo lekukoa izanez gero, eskura dituzten baliabideen berri eduki dezaten. Informazio-puntua zabalik egon da arratsaldez, abuztuaren 19tik (domeka) atzora arte, hau da, abuztuaren 25era arte (zapatua). Egunean 600 bat pertsonari eman zaie zerbitzua, emakumeei gehienbat.

Hara hurbiltzen ziren pertsonek egindako galderei erantzuteaz gain, informazio-gidak ere banatu zaizkie, eraso sexistak zelan identifikatu eta zelan erantzun azalduz. Marijaiaren irudia duten txapak eta larrialdietako telefonoak dituzten txartelak ere banatu dira.

Era berean, segidako bigarren urtez, Bilboko Udalak profesional bi jarri ditu informazio-puntuko taldean eta jaiguneko leku askotara joan dira erasoen aurkako mezua kuadrillei, gazteei, helduei eta familiei helarazteko;baita sentsibilizatzeko, eta gomendioak eta telefono interesgarriak zabaltzeko ere.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Aste Nagusia

ir a Aste Nagusia »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120