Zirrikituetatik begira

Emozio hiltzaileak

Rikardo Arregi - Miércoles, 15 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h

PASA den astean Saudi Arabia buru duen koalizoak autobus bat bonbardatu zuen Yemen-en, Saada probintzian hain zuzen;bonbardaketan 50 lagun hil ziren, zaurituak, 80 inguru. Hildakoen artean 30 haur zeuden. Hedabide guztietan agertu zen haurren sarraskia: esatariek, edo kazetariek, ez zuten adjektiborik aurreztu albistea ematearakoan;argazkiak atera ziren, eta bideoak;ospitale batek emandako datu ikaragarriak aletu zizkiguten;Nazio Batuen eta beste askoren kondenen berri eman zuten. Baina gutxitan aipatu zen Yemenen gerra bat dagoela, zertan datzan gerra horren egoera oraintxe bertan, zeintzuk diren gerran daudenak, nortzuk laguntzen duten alde bat eta bestea, non dauden gure gobernuak eta gure negozioak. Hurrengo aste eta hilabeteetan jende gehiago hilko da Yemenen, baita haur gehiago ere. Ez dut ankerra izan nahi, baina begi-bistakoa da kontua. Arrazoia oso sinplea da: Yemengoa gerra bat da, eta gerretan jendea hiltzen da, adinekoak eta haurrak, errudunak eta errugabeak, soldaduak eta soldadu ez direnak;are gehiago, gerretan jendeak hiltzen du. Badirudi gauza jakinenak behin eta berriro errepikatu egin behar direla gure garai lelotu honetan. Eskandaliza-tzen gara (Hau desastrea! Zer gaizki dagoen dena!), gure bihozñoek sufritzen dute, hunkitzen gaituzte irudiek, sentimendu onez betetzen zaizkigu gorputzak eta gogoak eta arimak, baina funtsean ez dugu ezer jakin nahi. Garai honek emozioarekin nahikoa du, ez du gehiago nahi, pentsamendua baztertu du guztiz. Pentsatuko bagenu, beharbada konturatuko ginateke gure ondoko enpresa askok parte hartze zuzena dutela Yemengo gerran (bi aldeetako batean, jakina), Bilbotik ez dakit zenbat tona arma atera direla Saudi Arabiarantz, gure gobernuek negozio ederrak egiten dituztela haurrak hiltzen dituzten horiekin, lanpostu berri batzuen truke prest gaudela munduko bazter urrun batean askoren bizitzak hondatzeko. Bilboko portuan arma trafikoa salatzen egon zirenek gehiago egin dute Yemengo haurren alde gure emozio merke horiek guztiek baino. Emozioek hilketa laguntzen dute.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120