MUSIKARIA

"Eguzkia egunero sortzen zaigun aukera berri bat da"

‘Eguzki gorri bat’ diskoa kaleratu berri du Markos Untzetak, bizitzari irribarre batez begiratzetik osatu duen lan koloretsu eta argitsua

OLATZ PRAT - 2018(e)ko uztailaren 29a, igandea - 13:16etan eguneratua

Esku Hutsik taldearekin osatu du lan berria eibartarrak. YOLANDA EIZAGIRRE / KLIK KLAK

Esku Hutsik taldearekin osatu du lan berria eibartarrak. YOLANDA EIZAGIRRE / KLIK KLAK

Galería Noticia

Esku Hutsik taldearekin osatu du lan berria eibartarrak. YOLANDA EIZAGIRRE / KLIK KLAK

MARKOS Untzeta &Esku Hutsik taldeak Eguzki gorri bat (Gaztelupeko Hotsak) diskoa kaleratu zuen udaberrian. Untzetaren biografia musikalean ohikoak diren estiloak eta eraginak biltzen ditu Eguzki gorri bat lanak. Hala, rock amerikarra, folk, country eta soul ukituak ere bildu dituzte diskoan. Hainbat aurkezpen kontzertu eskaini ostean, udan geldialdia egingo du taldeak, udazkenean oholtzetara indartsu itzultzeko.

‘Eguzki gorri bat’ da zure bosgarren lana. Disko honetan lehen aldiz taldeari izena jarri diozu, Esku hutsik, eta azaletik bertatik nahi izan duzu agerian utzi. Zein da “esku hutsik” horren zentzua?

Zentzu bikoitza dauka: alde batetik negatiboa da, ezer ez edukitzearen errealitatea islatzen baitu. Horrekin erreferentzia egin nahi diot neure burua musikari bezala ikusten dudan moduari, zeren badira jada bost disko kaleratuak baina, hala ere, egitasmo berri batekin hasten naizen bakoitzean zerotik hastera behartuta ikusten dut neure burua. Ez dut igartzen aurrera egiten dudanik. Hasten naizenean disko berri batean pentsatzen, non grabatuko dudan, nola eta norekin kaleratuko dudan, hasiberri baten arazo berberak ditut. Zentzu horretan, esku hutsik nago. Baina esku hutsik egoteak badauka zerbait positiboa ere, eta hori da dena lortzeko daukazun sentsazioa;horrek ere badauka ikuspegi ezberdin bat, gogotsu egotera behartzen bainau.

Zertan aldatu da zure musika aurreko diskotik hona?

Aurreko diskoa desberdina da zeharo, Seinaleak izeneko disko haren erreakzio moduan sortu den heinean. Aurrekoa disko akustiko bat zen eta aukeratutako gaiek errealitate gordinak deskribatzen zituzten: gure azken hamarkadetako egoera politikoa, gizartearen egoera eta arazoak, krisialdi ekonomikoaren ondoriozko pobrezia, emakumearekiko tratu txarrak... Azkenean ikusi nuen halako zerbait idazteko gai izan banintzen, gai izan behar nuela beste ikuspegi alai eta positibo batetik idazteko ere, hark utzitako aje triste hori kentzeko. Orduan, neure etxetik ikusten den paisaiari begiratu nion eta egunsenti bat ikusi nuen;eguzki gorri bat ikusi nuen itsaso gainetik. Hortik atera zen diskoaren ideia: egunero ateratzen den eguzki hori, egunero sortzen zaigun aukera berri bat da. Hori baliatu behar dugu, zeren ez da betiko hor gelditzen, eta orain daukazun eguzkia, gero jada desagertu egiten da. Paradoxa horri heldu nion diskoaren haria osatzeko.

Mundu aldrebes honetan bizita ere, egunerokoan zoriontasun apur bat eman dezaketen gauzei begiratu diezu, beraz.

Hori da, aurreko diskoak errealitate horri erreparatu zion eta orain beste alderdiari begiratu nahi izan diot, bai. Nire barruan begiratzen hasi nintzen, pentsatzen zerk sentiarazi izan nauen ondo eta zerk sentiarazten nauen ondo gaur egun, eta topatu nituen nire haurtzaroko irudiak, nire guraso eta anaiaren irudiak edo lagunenak;ikusi nuen bazegoela nondik tira diskoari hari bat emateko. Koloretsu eta argitsu izaten eta irudi asko deskribatzen saiatu naiz.

Zeintzuk dira irudi horiek?

Nire haurtzaroko Eibar, adibidez. Orain Ondarroan bizi naiz eta lantzean behin, hara itzultzen naizenean, faltan botatzen dut nire haurtzaroko paisaian jolastoki paregabea ziren eraikin erraldoi itsusi batzuk, esaterako. Hondartzarekin ere asko oroitzen naiz, eta kuriosoa da, zeren gaur egun ez naiz oso hondartza zalea, baina haur moduan nire burua hondartzan ikusten dut sarri, haur zoriontsu baten gisan. Baita Eibarko Urkizu parkean ere, lagunekin jolasean. Beste kanta batean, Iraganeko lekuak izenekoan, St. Albans-en (Ingalaterran) pasa nuen garaian bizi nintzen kalea ere irudikatu dut, nire txokoa zen kale hura.

Noiz hasi zen abesti hauen sortze prozesua? Seinaleak kaleratu eta berehala sentitu nuen beste zerbait idazteko beharra. Beste diskoetan beti izan dut kanta zaharren bat, tokirik topatzen ez zuena, eta hortik abiatu izan dira zenbaitetan diskoak, kanta horien ideiatik. Baina kasu honetan dena zerotik hasi nuen.

Ideia daukazunetik forma ematen diozun arte pasatzen da denbora bat, baina behin argi daukazunean, azkarrago joaten da prozesua.

Konposizioan taldeak parte hartzen du?

Normalean kantak amaituta eramaten ditut lokalera. Baina disko honetan bada kanta bat taldeko baxu-jotzaileak sortua. Baneukan kanta bat, lagunarena, baina ez nengoen oso pozik kanta horrekin. Angelek esan zidan bazuela melodia bat eta nahi ziola lagun berezi bati kanta bat egin. Ikusi nuen berak idatzitako doinua nirea baino hobea zela eta, beraz, idatzi nion behar zuen testua.

Kantuak, oro har, zeuk eginak badira ere, musikari bakoitzak zer eman dio diskoaren azken emaitzari?

Giovanni Zannon gitarra-jotzailea oso moldaerraza da, oso testura desberdinak erabiltzeko gai da eta espazio handia utzi nahi izan diot, asko betetzen du-eta;oso anitzak dira bere formak eta koloreak, oso emankorra eta aberatsa dela esango nuke. Angel Ituarte baxu-jotzailea talde honetako lehenengo kidea izan zen eta berari esker lortu nituen beste biak. Angel da guztien artean, agian, musikan adituena, musika hizkuntza ondoen ezagutzen duena. Bere ekarpenak oso garrantzitsuak izan dira. Eta Iñaki Belaustegi oso bateria-jotzaile ona da, zeren badauka gauza bat oso zaila dena bateria-jotzaile batengan topatzea eta da tempoa oso ondo mantentzen duela. Oso ondo moldatzen da nik kantuan eskatzen dudan hori ematera, oso ondo ulertzen dugu elkar.

Nola joan da diskoaren grabazioa?

Iazko irailean asteburu batean grabatu genituen instrumentu guztiak, eta handik hilabete ingurura hasi nintzen ahotsekin. Nahasketak Gabonen bueltan amaitu genituen. Baina gero zain egon gara argitara ateratzeko, zeren diskoak duen izenburuarekin eta aldartearekin, udaberri partean publikatzea egokiagoa iruditzen zitzaidan.

Zuzenetakoetarako asmorik badaukazu?

Bai, bi kontzertu eman ditugu azkenaldian, baina udan geldituta gaude, laukoteko batzuk kanpoan baitaude. Laster hasiko gara kontzertu gehiago lotzen, udazkenerako.

Iraganera jauzi eginda, noiz eta nola sartzen da musika Markos Untzetaren bizitzan?

Musika entzuten nerabezaroan hasi nintzen. Nerabe guztiak bezala, oso bakarrik sentitzen nintzen. Hitz bat baldin badago orduan nola sentitzen nintzen definitzen duena, ikusezin litzateke hitz hori. Kantuetan topatzen nuen nire galderen erantzuna, nire kezka eta beldurrei aurre egiteko modua eta zalantzak baretzeko modua. Oso momentu ederrak eta magikoak izaten ziren haiek. Gero gertatu zitzaidan, entzule izate soilarekin ez nuela nahikoa eta, beraz, gitarra bat erosi eta gustuko nituen kantuen bertsioak jotzen ikasi nuen, poliki-poliki. Azkenean, prozesuan, beste urrats bat heldu zen: neure kantuak idazteko beharra. Atzerrian, Ingalaterran, hiru urte eman nituen eta han hasi nintzen sortzen. Hasieran ingelesez idazten nuen, baina behin Euskal Herrira itzulita, ohartu nintzen kantak ez zirela jendearengana iristen. Orduan euskarara pasa nintzen eta hala atera zen lehen diskoa.

Ingalaterran igo zinen lehenengoz oholtzara, oker ez banago

Bai, gauza xelebrea izan zen gainera, zeren Ingalaterrara ez nuen gitarrarik eraman, kantak idazteko asmoa edo ametsa baztertuta nuelako garai hartan. Eta justu bertara joan eta lehen larunbat gauean ikusi nuenean pub batean halako eszenatoki txiki bat, konturatu nintzen zelako beharra neukan gitarrarena, eta ostera ere oso-oso gogor heldu zidan kantuak idazteko gogoak. Hurrengo asteetan ero baten moduan hasi nintzen idazten. Handik aste gutxi batzuetara iritsi zen oholtza batera igotzeko lehen aukera eta handik gutxira justu idazteko gogoa berpiztu zidan eszenatoki txiki horren gainean neu nengoen kantuan.

Orduko oroitzapenak jasota daude, nolabait, Geroari beldurrik ez izeneko kantuan, hor hasieran entzun daitekeen elkarrizketa benetan gertatutakoa baita;pub horretako managerra eta biok berriketan gelditu ginen gau batez, eta, berak, Joek, galdetu zidan: “zer nahiko zenuke zure bizitzan? Badaukazu ametsik?” eta esan nion baietz, nire ametsa zela noizbait neure kantuez osaturiko disko bat kaleratzea.

Zertan aldatu da Ingalaterratik itzuli zen 28 urteko gazte hura?

Gauza askotan. Nire ibilbidean abentura luze bat bizitzen noa eta gutxika-gutxika gaur egun naizena osatzen joan naiz;gaur egun Ondarroan bizi naiz, ezkonduta nago eta bi seme-alaba dauzkat. Orain, atzera begiratzen dudanean, nork esango zuen honetara iritsiko nintzenik?

Gaur egun nola bizi duzu musika?

Niretzat kantuak beti izan dira tresna oso indartsuak, eta kantuek gauza asko eman izan dizkidate. Gozamena da musika, emozio oso intentsuak sortarazten dizkit: poza, tristura, haserrea, enpatia... hori entzule bezala. Eta sortzaile bezala, nire identitatea eta nortasuna ateratzeko leihoak dira. Agian, nerabe ikusezin hori ikusgarri egiteko bidea izan da, iraganetik neukan traba edo trauma horri aurre egiteko modua.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

destacado mail

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120