Zirrikituetatik begira

Soilik bai da bai

Rikardo Arregi - Miércoles, 18 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h

LAManada kasuaren eta beste kasuen ondorioz, legeak aldatzeko aukeraz eztabaidatzen ari da ikusi duguna berriro ere gerta ez dadin;aldaketa horien oinarria “soilik bai da bai” esamoldean labur daiteke, hau da sexu erasoa zer den definitzeko orduan onespena edo adostasuna, haren falta, da gakoa, eta ez indarkeriarik edo larderiarik dagoen ala ez;beraz, oraingo lege espainiarrean dagoen abusuaren eta erasoaren arteko desberdintasun hori eta interpretazioen arazoa desagertuko ziren. Ideia ez da berria, 2011an Europako Kontseiluak emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko proposatu baitzuen, beste neurri batzuen artean, Istanbuleko Hitzarmena deiturikoan. Suediak edo Alemaniak egokitu dituzte legeak dagoeneko Hitzarmen horretan eskatzen dena bildu ahal izateko.

Arazoa eztabaida fasean dagoen arren, ikusgarriak izan dira gizonezko batzuek hartu dituzten jarrerak;askotan emakumeei leporatu izan zaien histerismo ospetsua txiki gelditu da gizonezko batzuen urduritasunarekin konparatzen badugu. Ez naiz bakarrik hitz egiten ari modu anonimoan sare asozialetan edo egunkarietako edizio digitaletan idazten diren iruzkinei buruz, izen gutxi gorabehera handiko gizon batzuk ere hasi dira, benetan edo erdi txantxetan, kexaka beren balizko sexu harremanen aukerez edo ustezko puritanismo berriez.

Nolakoak izan dira, orduan, gizon horiek orain arte izan dituzten sexu harremanak? Zer pentsatzen zuten harreman horiei buruz? Horrelako lege arrazoizkoak hain urduri jartzen baditu, zertan zeuden orain arte? Edo zalantzaren bat bazuten hasieratik egiten zutenaz? Gaizki hartu izan dituzte emakumeen ezetzak, jakina. “Ez da bai” eta horrelakoak asmatu dituzte. Gizon horiek ez dute inoiz ezetz esan? Urduritasun eta beldur horiek argi uzten dute beraiek ere pentsatzen dutela orain artekoa pribilegio bat izan dela, emakumeen gainean egotetik datorkien pribilegio bat. Horrek guztiak erakusten du gizon (batzuen? Askoren?) ideiak sexu harremanei buruz izugarriak direla, beldur-tzekoak. Legeak aldatzea erraza izango da;buruak, ez dakit.

etiquetas: rikardo arregi

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120