zirrikituetatik begira

Lurra

Juanra Madariaga - 2018(e)ko uztailaren 15a, igandea - 06:00etan eguneratua

NEKEZ uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak ez bada abaildu eta oholetan. Ez du niniak begia uzten ez bada erroi edo arrubioen mokoetan. Nekez uzten du gezalak itsasoa ez hare harriak basamortua. Ez du liliak udaberria uzten ez elurrak zuritasuna. Bere sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak.

Lehen lerro horiek Joseba SarrionandiarenIzuen gordelekuetan barrena aspaldiko liburuan topa daitezke. Poemaren izena, argi denez, Sustraiak han dituenak. Agian, euskarazko poemek liluratu ninduteneko lehen autorea eta liburua. Obraren barneko orriotako lerro asko oroimenaren galaxian ditut oraindik, alderrai, ibilki. Horrexegatik, horietakoren bat akordura etorri zait, barikuan abiatu diren Eako Poesia Egunak ekimeneko leloa Lurra, sustraietatik orri dela jakin dudanean.

Gabriel Arestiren figurarekin lotura sendoa duen kostaldeko Ea herrian garatzen ari dira egunotan Poesia Egunak ekimena, eta dagoeneko hamabost urte igaro dira, han, Arestiren etxea sortu zenetik. Urtero, bertoko Herrixeri Emon Arnasa taldeko kideek senperrenak egiten dituzte abezedario berriko poesiaren lur guztia, hondartza txiki eta ezkutua duen herri horretan bil dadin. Urtero, errezitaldiek, kontzertuek, antzerki-lanek eta herriko energiak inarrosten dituzte inguruko eremuetako zuhaitz guztien orriak, eta batzuk itsasora eror-tzen dira. Tirainak han hemenka dabiltza, gero berriz lehorreratu, eta emozionaltasunaren bitartez, poetek batzen dituzten arte.

Orriak eta lurra dira aurtengo sinboloak eta gaiak, aurtengo poetikotasunaren detonanteak. Orri berdeak eta orri zuriak. Sorkuntza eta kimuak, hein berean, berria denaren hatsa. Eta lurra. Geure lurra, bizitokia, lurra helmuga heldu ezin direnentzat, lur-gorputza, herriminaren lurra. Geu ere lur honetakoak gara, eta literatura da guretzat bere erroetako bat, lur-munduaren desenkantua gainditzeko ahalegin efimeroa. Hortaz, nekez utziko ditu poesiak bere erroak Ean baditu. Nekez utziko dugu guk geure literaturaren sorterria hemen erroak baditu.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120