iritzia

Literatura eta memoria

Iban Zaldua - 2018(e)ko uztailaren 14a, larunbata - 18:11etan eguneratua

Iban Zaldua

Iban Zaldua (Jorge Muñoz)

Galería Noticia

Iban Zaldua

Azken aldi honetan maiz galdetzen digute, idazleoi, ea zer rol bete behar duen literaturak, ETAren osteko panoraman, Euskal Gatazka delakoaren memoriaren eraikun-tzan. Nik askotan esan dut niretzat, irakurle eta herritar bezala, oso baliagarriak izan zitzaizkidala, laurogeita hamarreko hamarraldian, “gaiaren” inguruko zenbait lanen irakurketak, hala nola Gizona bere bakardadean, Hamaika pauso, Kontaktua edo Joan zaretenean bezalakoenak. Begirada pausatuagoa, ñabartuagoa, pertsonalizatuagoa eskaini zidaten arazoaren gainean, kazetaritza kronikek edo analisi politikoek nekez eman ziezadaketena.

Zer zuten amankomunean, bestalde, horren ezberdinak diruditen lan horiek? Nire ustez, eta atzetik izan zezaketen jarrera politikoa edo etikoa gora-behera, batez ere helburu artistiko batekin sortutako eta garatutako obrak zirela. Haien nahia ez zen inor konbentzitzea, are gutxiago inor bere jarreretan berrestea: fikzio horien zio nagusia, Kunderak defendatuko lukeen bezala, galderak planteatzea zen. Ana Malagonek bikain azaldu bezala: “Artean ez dago zergatik funtzio bat bete behar, nire ustez. Ez dut esaten betetzen ez denik, betebeharra ez dagoela bere definizioan soilik. Funtzioa ondorio da. Eta ondo dago horrela. Utilitarismoaren garai hauetan ezertarako balio ez duten gauzek ez dute prentsa ona, baina maiz pentsatzen dut ezertarako balio ez izateak zerbaiti gerta dakiokeen gauzarik baliogarriena dela. Okerragoa dela funtzio bat bete nahi eta ezin izatea. Eta are okerragoa, okerreko funtzioa betetzea”.

Eta horixe da niri arriskutsua iruditzen zaidana literatura, memoria eta gatazka bezalako hitzak elkar-tzen direnean: ez dakidala berez inutila den gauza bati, literatura bezala, ez ote zaion misio bat ezarri nahi, zeinarekin literaturak izan dezakeen erabilgarritasun bera kolokan jartzen baitugu, paradoxikoki. Garaipena, Derrota, Justizia, Bakea, Adiskidetzea, Aberrigintza… bezalako kontzeptuetatik abiatzen garenean, obra bat eraikitzeko orduan, emaitzak, askotan, ez direlako helburuen mailakoak.

Ez dut esan nahi literatura baliagarria ez denik. Baina susmoa daukat literatura baliagarriagoa dela, ikuspuntu sozialetik edo politikotik, abiapuntu gisa baliagarri izaten saiatzen ez denean.

Ez dakit hemendik aurrera hobera egingo duen, optimistek aldarrika-tzen duten bezala, euskal gatazkaren inguruko fikzioak. Ez dut uste exijentziarik ezar dakiokeenik: exijentzia bakarra, erakundeei eta horretaz arduratzen diren elkarteei, memoria zuzena berreskura-tzearena izan beharko litzateke;orain arte, beldurragatik edo bestelako arrazoiengatik, kontatu ez den hori guztiarena. Horretan bai egingo dugula, seguru, aurrera. Fikzioaren kalitatean, ikusiko dugu. Orain arte alor horretan egin dena ahaztu gabe, betiere.

Nik ere Angel Erroren hitzekin bat egiten dut, alde horretatik: “Errelatoa da hitz bat azkenaldian askotan aipatzen dutena. ETAk agiri bat atera du eta iragana garbitzeko edo, hitzez hitz, errelatoa irabazteko saioa dela hasi dira batzuk. Bitxia egiten zait kontakizun hitza testuinguru horretan eta batez ere aditz horiekin. Idatz dezagun, behar luke orain leloa, ezer ez irabazteko, iragana lohitzeko, memoriak min emateraino”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120