IRITZIA

Ume izatea

Pako Aristi - 2018(e)ko uztailaren 1a, igandea - 12:04etan eguneratua

Pako Aristi.

Pako Aristi.

Galería Noticia

Pako Aristi.

Euskal Idazleen Elkarteak aukera zoragarria eskain-tzen digu, Idazleak ikastetxeetan programaren bidez, gure irakurle gazteak ezagu-tzeko. Eskoletara joaten gara idazleak, aurrez irakurri duten gure liburu bati buruz eta, oro har, bizitzaz ere haurrekin solastatzera. Ni 8-12 urte bitartekoekin egon ohi naiz, eta saio baten ostean lilura eta tristura sentitzen ditut maila berean.

Lilura sentitzen dut liburuarekin duten harremana magikoa delako, oraindik ere, eta ez dakitelako hala denik. Magia gauza naturala den adinean daude. Horretaz ohartzen direnean dohain hori galdu duten seinale izango da. Jakiteak zenbat gauza hondatzen dituen, izan ere! Jakin-nahia bera, askotan, irakasle traketsa egokitu baldin bazaie. Zorte hori dute haurrek: sinetsi egiten dituzte liburuak, ezbairik gabe, kronika edo fikzioaren artean gehiegi bereizi gabe, haragizko zaizkie pertsonaiak, maitagarri, beldurgarri, baina haiendako bizia hartzen duten izakiak, beti. Liburua, haientzat, zuzenean irudimenaren mintza jotzen duen asmakizun bat da, irudi eta esaldien eztanda mundu bat sortzen, eta ez pertsona talde batek ekoiztu duen produktu bat. Hargatik dira liburuekin gupidagabe, erraietatik min-tzo direlako, gustuko dutenean, eta ez, irakasleak haien erreakzioak doi-tzen eta leuntzen saiatzen diren arren.

Hortik dator bisita hauek eragiten didaten liluraren ondoko tristura, umeak izaki politiko bihurtzen ari direla sumatzen dudalako: espontaneitatea kamusten, auto-kontrola areagotzen, zer esan litekeen eta zer ez kontrolatzen, auto-errepresore eta besteen kondenatzaile bihurtuko direla poliki-poliki, eta aspaldi Jorge Oteizak irratian botatako profezia beteko dutela: Haur guztiek dakite 8 urterekin margotzen, 18 urterekin inork ez du jakingo. Eta berdin esan genezake idazten dakitela, amesten, dantzatzen eta barruan senti dezaketen edozein energia motari forma ematen, erridikuluaren beldurrik gabe. 18 urterekin galdua izango duten jakinduria, beldur, konplexu eta besteek zer esango dutenaren lohitan azpiratua. Zenbat bizitza eder galtzen den urte gutxitan!

Eskolan, tamalez, sen kreatiboa erauziko diete, eta gogo praktikoa txertatuko, gizartean ongi funtzionatu beharreko piezak zizelkatzea baita eskolaren benetako eta betiko zeregina, teoria pedagogikoak gora-behera. Datozkien ilusio eta bizi-pozen aurkako labankadak agian inkontzienteki antzemango balituzte bezala, sumatzen zaie lehen errebeldia ukitua, irakurtzea gustatzen ote zaien galdetzen diedanean Bai eta Ez parekatuen ondoan gero eta sarriago entzuten diren Segun, Depende eta abarren aurrean. Hasi dira bereizten euren gogoz egingo lituzketenen eta derrigorrez egin beharrekoen artean. Bizitzan etengabea izango duten borrokan murgildu ditu liburu soil batek, gustuz egiten ditugun eta derrigorrez egin beharreko gauzen arteko tentsioan.

Halere, bekaitza diet, izugarria: harrituko zaituen liburu bat aurkitzea gero eta zailagoa da adinarekin, baina haiek harridura horren hasieran daude, ni hamaika urterekin nengoen bezala, liburu bat irekitzea misterio baten atarian kokatzea zenean. Eta nik liburuekin sentituriko emozio hura orain haur direnek nire liburuekin sentitu dutela baieztatu beharrak narama urtero eskolaz eskola erromes ibiltzera, ume izaten erakusten didaten (baina hori erakusten didatela ez dakiten) haur guzti horiek maitatzera.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120