Zirrikituetatik begira

Ligoteo sanoa, bai!

Ana Urkiza - Lunes, 25 de Junio de 2018 - Actualizado a las 07:26h

lasarte-Oriako udalak “Ligoteo sanoa, bai!” izeneko sentsibilizazio eta ekimen askotarikoz osatutako kanpaina jarri du abian herriko jaietan eraso matxistak eta homofoboak ekiditeko. Udaletxeko arduradunek argi daukate: “Guztion ardura da eraso matxista eta homofoboen aurka lan egitea”. Txupinazoarekin batera “Rollo onean!” lemadun globoak zeruratuko dituzte, markesinetan “Nik erabakitzen dut noiz, nola eta norekin” lemadun kartelak jarri dituzte;tabernetan “Ez, EZ da” dioten ahozapiak banatu dituzte eta erasorik egonez gero, martxan jarri behar duten protokoloa zein den ezagutarazi dute. Horretaz gain, gazteei kanpainaren lema daramaten pultserak banatuko dizkiete.

Ekintzon berri izatean, duela 30 urte entzundako esaldi bat ekarri dut gogora: “ekintza hauekin guztiekin ligatzea inposiblea da”. Droga saltzaileen kontra egindako borrokaren ondorio izan zen hausnarketa xaloa. Seme-alabak kale bazterretan hiltzen zihoazela ikusita gurasoek bultzatu zuten kanpaina luzearena, hain zuzen. Orduan, biktimak, droga kontsumitzaileak ziren;gameluen eskaintzaren aurrean men egin eta droga askotarikoen menpe erortzen ziren gazteak. Eta bazegoen droga kontsumoaren baitan aspektu bat ligatzearekin edota sozializazioarekin zerikusia zuena eta gazteen ahotan behin eta berriz agertzen zena. Zigarroarekin esaten genuen bezalaxe: ligatzeko erretzen genuela. Harremanetan jartzea errazteko, berdinen pareko bilakatzeko.

Orain, sano ligatzeko, pausu bat eman behar da harago: bestea erasotu gabe egin behar! Nola egiten den hori? Zer den eta zer ez “erasoa”? Horiexek aurkitu beharreko erantzunak.

Badago, mezuok mugatzat hartzen duenik. Ligatzeko modu ohikoak kolokan jartzen dituztela defendatzen duenik. Ohiko ligatzeko moduak berezkoak balira lez, edo besterik gabe, onak, betikoak izateagatik.

Gazteek pultserak eramango dituzte eskumuturretan. Eta seguruago sentituko dira. Kanpainaren babesean. Berdintasunaren aldekoago eta parekoago. Eta pentsa dezagun, baita, sanoago.

etiquetas: ana urkiza

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120