Bermeoko Portuaren itsas hondoa garbitzeko auzolanaren balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek

2018(e)ko ekainaren 25a, astelehena - 13:12etan eguneratua

Pasaden ekainaren 16an, Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko auzolana egin zen. Izaro Sub, urpeko talde antolatzaileak, ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin du;40 parte hartzaile inguru zabor pila batu zuten eta giro polita sortu zen Portuan.

BERMEO. Antolatzaileek gogoratu dutenez, ekimen horren helburuak ziren portuko itsas hondakinak garbitzea eta herritarrak arazo honi buruz sentsibilizatzea, eta, euren ustez, "lortu dira finkatutako helburu horiek". Ildo honetan, azaldu dutenez, bi leku garbitu dira: alde batetik, ur azpia, hau da, izotz fabrika aurreko kaiko hondoa eta Portuko arrapalaren azpiko zati bat ere bai;eta, bestetik, lehorra, Frantxua kala eta Rompeolas-eko arrapalaren ingurua, hain zuzen ere. 

40 boluntario inguru izan ziren ekimenean, horietatik  15 inguru urpekariak. Gainera 15 umeekin osatutako talde batek ere parte hartu zuen eta beste hamar pertsona egon ziren lehorreko lekuak garbitzen laguntzen. 

Urpekari guztiek adierazi dutenez, hondoa "zikin" aurkitu dute mota guztietako hondakinekin. Hondakin batzuk lehorretik botatakoak dira, adibidez, hesiak eta konoak, edalontziak, pilak eta botilak edota nahi gabe jausitako objektuak (mugikorrak...). Horrez gain, bi txirrindu, ibilgailuen bateria eta auto bat ere aurkitu dute, besteak beste. Hondakin asko arrantzarako materiala izan dira: sareak, txikotak, itsasontziaren motorra, iragazkia eta masta... 

Garbiketa egin ondoren, hondakin guztiak "Olatua" eskultura inguruan utzi ziren pertsona guztiek ikusi ahal izateko. Ostean, hondakinen sailkapen bat egin zen, eta batutako itsas hondakin guztiak Portu Zuzendaritzak utzitako edukiontzietan utzi ziren, batean hondakin metalikoak eta bestean gainerako hondakinak. Beirazko eta plastikozko hondakinak gaikako bilketako edukiontzietara eraman ziren. 

Izaro Sub taldekoek Bermeoko Udalari opari bat eman zioten ingurumenaren zaintzarekin duen konpromisoa eskertzeko. Hortaz, Bermeoko Udalak eko arduraduna dela esaten duen agiria jaso zuen, itsas zaintzaile sarearekin lan egiten duelako. Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, jaso zuen ziurtagiria eta Izaro Sub taldekoek gure portua garbi mantentzeko egiten duen lana eta ahalegina eskertu zituen. 

Garbiketa lanaz gain, umeentzako tailerrak egon ziren eta itsasoen kutsadurari buruzko material didaktikoaren berri ere eman zuten. Eguraldia lagun, herritar asko hurbildu ziren bilketaren emaitzak ikustera eta giro ederra egon zen.

Izaro Sub taldeak parte-hartzaile, boluntario eta ekimena antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie, bereziki babesleei, "euren laguntza ezinbestekoa baita ekimena antolatzeko". 

Izaro Sub taldeak joan den azaroan ere Portuan garbiketa egiteko auzolana antolatu zuen Bermeoko Portuan, oraingoan ekainaren 16an egin du lan hori eta Portua garbitzeko hurrengo auzolana urrian antolatzea aurreikusten dute.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Kostaldea

ir a Kostaldea »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120