literatura

Subertsioa, eraikitzen hasteko

Judith Butlerren ‘Genero nahasmendua. Feminismoa eta identitatearen subertsioa’ da Eskafandra bildumako laugarren liburua. Ana Isabel Morales itzultzailea arduratu da pentsalari feminista estatubatuarraren lana euskarara ekartzeaz

Jonebati Zabala - 2018(e)ko ekainaren 24a, igandea - 18:25etan eguneratua

Lorea Agirre (Jakin) eta Ana ISabel Morales itzultzailea liburua aurkezten Bilbon

Lorea Agirre (Jakin) eta Ana ISabel Morales itzultzailea liburua aurkezten Bilbon (PAblo Viñas)

Galería Noticia

Lorea Agirre (Jakin) eta Ana ISabel Morales itzultzailea liburua aurkezten Bilbon

Zenbat liburu daude euskaraz gure pentsamenduak batzen dituztenak?”. Feminismoaren inguruko kezka berberek elkartu zituzten zazpi emakume eta horrela sortu zen Eskafandra bilduma, “euskarari eta feminismoari arnasgunea emateko asmoz”. Elkar argitaletxearen eta Jakin aldizkariaren arteko elkarlanean Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea lana euskaratu zuten lehenik, eta horren ostean etorri ziren Virginie Despentesen King Kong teoria eta Silvia Federiciren Caliban eta sorgina. Oraingoan bildumako laugarrena dakarte, Judith Butlerren Genero nahasmendua. Feminismoa eta identitatearen subertsioa.



Eskafandrako kideek eztabaida izan zuten Butlerren lana bilduman sartu ala ez, baina autore honen ekarpenak “feminismoa eta mundua ulertzeko ezinbestekoak” zirela ikusirik, itzultzea erabaki zuten. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren ustez, “pentsalariaren kontzeptuak ulertuko dituen belaunaldi gaztea feminista eta euskalduna da”. Bidea irekitzeko, Ana Isabel Morales itzultzaileari eskatu zioten liburua euskaratzeko egitekoa. “Butler irakurria, aztertua eta hausnartua du Anak, ez baita itzulpen lan hutsa”. Lan mardul eta exijentea da Genero nahasmendua, eta Moralesek irakurgarritasuna lehenetsi du: “Ez dut murtxikatua eman, ez dut eskailera mekanikorik jarri mendian, baina bai iturriren bat bidean”.



AEBeko filosofoa da Butler (Cleveland, AEB, 1956), bereziki generoaren inguruan hausnartu duena, baina baita etika, politika edota beldurraren erregimenari buruz ere. 1990ean argitaratu zuen liburua queer teoriaren aitzindari bilakatu zen, eta ordutik ia 30 urte pasatu diren arren, liburuak ez du gaurkotasunik galdu. Gauza asko errotik zalantzan jarri zituen Butlerrek, pentsamendu feministaren norabidea aldatuz: “Feminismoak emakume kategoria subjektu fundazional bezala erabiltzeak borrokatu nahi duen egitura patriarkal eta heterozuzena are gehiago mugatzen du, zabaldu beharrean”. Dena jartzen du zalantzan, begirada kulturaletik pasatako kontzeptuak baitira. Agirrek azaldu du filosofia liburua ere badela, izan ere, ilustrazioko pentsalarien esanak xehe-xehe aztertu eta zalantzan jartzen ditu.



Butlerren “miresle handitzat” du bere burua Moralesek, bere bizitzan mugarri bat izan zela kontatu du. Lehen aldiz irakurri zuenean, “munduaren ikuskera hankaz gora” jarri zion lan honek, horregatik, itzulpen hau berari egokitzea “loteria tokatzea bezalakoa” izan dela dio, nahiz eta beldur pixka bat ere eman zion. “Butlerren erradikaltasunak liluratu eta beldurtu egiten du aldi berean, zorabioa sortzen baitu dena jartzen duelako kolokan, baina aldi berean energia eta indar berria eman zidan, guztiz askatzailea delako”.



Kulturaren eraikuntza Hainbat dira autorearen ekarpenak. Moralesek liburuko ideia nagusiak laburbildu ditu: “Ez dago esentziarik, naturarik edota kulturaren aurretiko subjektu finko eta mugaturik. Dena da kultura, dena da kulturaren eraikuntza bat”. Orainean esku hartu behar dela ere badio, eta “ez iragan mitiko batean edo etorkizun utopikoan, bazterretara kondenatua dagoen jendea bizi ahal izan dadin”. Genero performatibitatearen teoriaren sorkuntzagatik egin da ezagun pentsalari feminista eta horren nondik norakoak azaldu ditu itzultzaileak. “Generoa egin egiten da, ez da izate natural bat. Egite bat da. Ekintza errepikatuen segida bat da eta guk errepikapen horiek gelditzen edo nahasten baditugu, egoerak aldatu egiten dira. Sexua ere, generoa besterik ez da, gorputza beti baitago interpretatua”.



Hiru atal “oso trinkotan” dago egituratuta Genero nahasmendua liburua. Lehenengoan, Judith Butlerrek zalantzan jartzen du emakume kategoria, bere ustetan ez baitago “aldez aurretik definitutako identitaterik, klase, arraza eta sexualitate faktoreek ezinezko egiten baitute hori”. Patriarkatu unibertsala ere kritika-tzen du, zapalkuntza motak ezberdinak baitira lekuaren eta garaiaren arabera. Identitatearen subertsiora egiten du dei Butlerrek, generoa nahastu egin behar dela dio, aldrebestu.



Liburuaren bigarren eta hirugarren ataletan, Butlerrek zalantzan jar-tzen ditu azken 200 urteetako Mendebaldeko pentsalari nagusienen tesiak: Michel Foucault, Sigmund Freud, Simone de Beauvoir, Jacques Derrida, Luce Irigaray, Monique Wittig, Jean Paul Sartre... Ordura arteko feminismoari ere kritika egiten dio: “Zer da jatorrizko femeninotasuna?”.



Gorputzaren inguruko gogoeta batekin amaitzen du liburua Butlerrek. Genero performatibitatearen teorian gehiago sakontzeko drag eta parodiaren ideiak aipatzen ditu, horiek barre egiten diote jatorrizko genero bat dagoen ideiari. “Generoa antzezpena dela erakusten du eta parodiak agerian uzten ditu horri buruzko aurreiritziak. Guztiz genero batekoa izatea ezinezkoa da, eraikiak baitira”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120