musika

Abesti sinpleen handitasuna

‘Asunak. Bide-bazterreko melodia sendagarriak’ izenburua duen diskoakaleratu du Josu Bergarak. Akorde Txikiak banda izan du lagun, melodiaatseginak eta erritmo lasaiak zein biziagoak ontzeko

KATTALIN BARBER - 2018(e)ko ekainaren 20a, asteazkena - 13:10etan eguneratua

Akorde Txikiak banda izan du lagun Josu Bergarak disko berrian. GAIZKA PEÑAFIEL / ASIER OLAZAR

Akorde Txikiak banda izan du lagun Josu Bergarak disko berrian. GAIZKA PEÑAFIEL / ASIER OLAZAR

Galería Noticia

Akorde Txikiak banda izan du lagun Josu Bergarak disko berrian. GAIZKA PEÑAFIEL / ASIER OLAZAR

BIZIPOZA da Josu Bergara musikariak bere abestien bidez trasmititzen duena. Bizkaitarraren zigilua diskoz disko nabarmentzen da, eta oraingoan ere horren erakusle da Asunak. Bide-bazterreko melodia sendagarriak disko berria. Pop eta folk abestiak bildu ditu, swing, bluegrass eta jazz estiloekin nahastuta. Kasu honetan, Akorde Txikiak seikote bandarekin egin du diskoa. “Lan zintzoa eta gardena da: abesti sinpleak, baina mezuarekin”, dio abeslari bizkaitarrak.

Melodia atseginak eta erritmo lasaiak biziagoekin eta eduki sakona dutenekin uztartu ditu bere bosgarren diskoan Bergarak. Aitortzen du bera ez dela “bereziki positiboa” bizitzan, baina abestiek “doinu berezia” dutela. Aurreko diskoetan bezala, gauza txikiek duten indarrari erreparatu dio eta egunerokotasunari abestu dio, besteak beste. “Ez dut hitz potoloegietan galdu nahi”. Horrez gain, “aldarrikapen poetikoa” egin du abeslariak bere kantuetan. Sumatzen dira ardatz poetiko argiak bere hitzetan: “Zuzenean esaten ditut gauzak eta letra batzuk gordinak dira, baina ez modu zatarrean, baizik eta modu polit batean eta hitzak zainduz”.

BIZIPOZA TRANSMITITU Bergarak gai anitzak eta bereziak jorratzen ditu. Eguneroko une txikiak aldarrikatzeaz gain, aitatasuna, deskonexio teknologikoa edo adierazpen askatasuna eta beste zenbait gai sozial edo politikoak hizpide ditu bere hitzetan, esate baterako. “Gai garrantzitsuak dira, baina ikuspegi xume batetik kantatzen ditut. Iraultzak inguruko gauzetan hasten direlako”. Horren adibide da Astelehen arrunta aurkezpen singlea.

Erritmo alaia eta melodia itsaskorra duen kanta honekin bizipoza transmititu nahi izan du. “Egunero izan daitekeelako astelehena, bakoitzaren esku dago egunari buelta emateko aukera”. Irakurketa positiboa da Bergarak bere hitzetan egiten duena. Bere entzuleek ere hori da eskertzen diotena: “Esan didate nire abestiak gustatzen zaizkiela bizitzan laguntzen dietelako;horrez gain, zintzotasunez idaztea eskertu didate: benetan sentitu eta idazten ditudalako”.

Akorde Txikiak banda izan du lagun Bergarak. Hain zuzen ere, ibilbide luze eta goi mailako formazio musikala duten musikariz inguratu da diskoan: Nerea Alberdi bibolin-jotzailea eta konpositorea;Mikel Nuñez piano-jotzailea;Irati Bilbao abeslaria;Daniel Gonzalez baxu-jotzaile eta kontrabaxu-jotzailea;Lüi Young gitarra-jotzailea eta Txema Arana bateria-jotzailea.

“Orain dela asko ezagutzen dugu elkar, eta haietako batzuekin kolaboratu dut aurreko diskoetan;oraingoan, baina, Akorde Txikiak banda bezala estreinatu gara disko honekin”. Grabaketa prozesu berezia izan da, zuzenean eta elkarrekin aritu direlako Urdulizko Tio Pepe estudioan. “Zuzenean grabatu dugu. Horrek lanari sinesgarritasuna ematen dio;ez da aldez aurretik egindako diskoa”. 14 urte daramatza Bergarak taula gainean eta zuzenekoekin gozatzen du gehienbat, horregatik egin du zuzenean grabatzeko apustua.

ASUNEN DIKOTOMIA Nahiz eta batzuetan “belar gaiztotzat” hartu diren, asuna duela milaka urtetik sendabelar bezala erabili den landarea da eta horri erreferentzia egin nahi izan dio Bergarak diskoan. Orain dela urte batzuk ortua jarri zuen abeslariak eta belar txarrak eta sendabelarrak ezagutu zituen. “Asunek duten dikotomia hori esanguratsua iruditzen zait, sendabelar gisa oso erabiliak izan direlako baina askorentzat belar txar bat besterik ez direlako. Nire abestietan askotan antzeko zerbait igarri izan dut, kanta txikiak eta xumeak diren arren, detaileak zaindu egiten ditugu eta emaitza melodikoak eta artistikoak epe luzerako irauten du”.

“Bide-bazterreko musika” gisa definitu du bere lana Bergarak. “Ilusioz egindako diskoa da, nahiko sinplea baina freskoa. Diskoa aberasgarriagoa da musikalki, baina inozentzia puntua mantentzen da”. Kantautorea izaki, doinu eta erritmo desberdinak landu ohi ditu, ohiko bideetatik aparte. Aitortu du ez dakiela zein puntura arte bere melodiak sendagarriak diren, baina lagungarri dira berarentzat eta beste hainbat pertsonentzat.

“Aitortza hori ordain modukoa eta aurrera segitzeko motibazioa da”. Orain dela 12 urte argitaratu zuen Bergarak aurreneko diskoa, Karramarroen hiria. Ordutik, Euskal Herriko hamaika txokotan jo du, bai eta muga horiez kanpo ere. Bidean “musikari eta sortzaile moduan asko” irabazi duela dio.

Ostegunean, ekainak 21, estreinatuko dute diskoaren zuzenekoa Bilboko Kafe Antzokian. Ez du dudarik Bergarak kontzertu berezia izango dela, zazpi musikariak egongo direlako taula gainean. Hurrengo kontzertuetan, aurrekontuaren arabera, ezingo dira kide guztiak egon eta laukote formatuan eskainiko dituzte emanaldi gehienak. Kafe Antzokiko kontzertuaz gain, bere herrian, Ean, joko du hilaren 24an eta Lekeition, berriz, uztailaren 27an. Ean bere herriko jaietan emango duen kontzertua ere mintzagai du. “Orain dela 12 urte hasi nintzen kontzertuak ematen herriko jaietan eta oso berezia izaten da”. Udazken aldean eta 2019an, ordea, izango ditu kontzertu gehien. Besteak beste, Valentzia, Bartzelona eta Euskal Herriko beste hainbat herri zein hiriburuetan arituko dira.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120