Zirrikituetatik begira

The Nose

Juanra Madariaga - Domingo, 17 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h

ALDAPAN gora hasi ginen behinola. Hipotenusaren ertz horretan, malda hura amaitzean, bestelako ikuspegia antzeman genuen. Horrekiko joera hartu genuen gero. Aldapak gustuko izaten hasi ziren. Motxila bizkarreraturik, eta gora, mendi haren puntaraino, gailurreraino, kosta lain kosta. Halakoak izaten ziren gaztetako igandeak. Mendi hura, gero beste hura;hemen galdu, bestean paseoarekin gozatu... Harik eta egun batean, Untzillatxetik auskalo nondik jaisten ari ginela, horma grisetan gora eskalatzen ari ziren zoro batzuk ikusi eta sekulako harridura sentitu nuen arte. Horixe egin behar nuen nik. Lehengo materiala lortu eta hara joan ginen eskarmenturik gabeko ausardiaz jantzita. Eskerrak bertakoek oinarrizko ikasketa arinak eman zizkiguten. Kuriositatea pasio bilakatu zen gero, eta asteburuak eta asteburuak eman genituen Atxarten, gora eta behera, harkaitz zailenarekin borroka etengabean.

Horretan dihardugu gaur egun ere, bertikaltasunarekin dantzan, atzamarren poleak estutzen, bizepsak tinkatzen, grabitateari mugimendurik eleganteen bidez muzin eginez, eskaladak biziarazten baikaitu.

Eta ez gara bakarrak. Sekulako eztanda izan du kirol horrek. Gazte asko aritzen da maila harrigarrietan hormarik zailenetan, pasio berarekin. Batzuek lorpen handiak egiten dituzte lehiaketetan, baina beste batzuk oharkabean pasatzen dira.

Horregatik, lerro hauetara ekarri nahi dut joan den hilean bertoko emakume bikote batek egin duen eskalada miragarria. Idoia Rubial eta Maite Zumarra soka-kideak izan dira Yosemite Valleyn dagoen 1.000 metro bertikaleko The Nose (Harding, Merry, Whitmore, 1958) bide mitikoa eskalatu duten lehenengo emakumeak. Biok biotara! Zorionak!

Estilo artifizial eta askeko eskalada eskatzen duen granitozko bide horrek 34 soka-luze eta muturreko zailtasunak eskaintzen ditu, eta hiruzpalau egunetan eskalatu daiteke, horman zintzilik gauak pasatuta.

Eurek dioten moduan, “amets eginez, sentituz, esperientzia berriak bizi eta konpartitzea dugu helburu, emakumea eta mendia bultzatuz. Gora Neskalatzaileak!!!”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120