Zirrikituetatik begira

Uholdea

Karmele. Jaio - Viernes, 8 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h

Columnista Karmele Jaio

Galería Noticia

Columnista Karmele Jaio

UMEENTZAKO zabu, txirrista eta labirintoak dituen jolastoki berria irekiko dute nire etxetik gertu dagoen plazatxo batean. Oraindik hesi batek babestuta dago zonaldea, instalatzaileek koloretako eraikin txiki horiei azken ukituak ematen dizkioten bitartean, eta nire lehen erreakzioa izan da poza, ze ondo, oraindik estreinatu gabeko espazio berri bat umeen gozamenerako. Baina laster egin dit ihes pozak, halako batean, nire seme nagusia irudikatu dudalako han eta konturatu naizelako nagusiegia dela jada han jolasean ibiltzeko. Txikiak oraindik gozatu dezake baina bestea… Purrustaka hasiko litzateke hara eramango banu, ziur. Etsipenez egin dut aurrera, zabuak niretzat beranduegi heldu direla onartuz.

Umeentzako jolas espazio berri honi azken ukituak ematen ari diren aste berean uholdeak izan dira Euskal Herriko zenbait herritan, eta niri deigarria egin zait irudi bat: Antzuolako liburutegia urez bete da, dena hankaz gora utzi du han barruan, eta liburutegiko arduradunak komunikabideei esan zien bezala, “liburu guztiak herri guztian zehar dabiltza”, handik errekatxo batek eramanda bezala irten direlako.

Liburu guztiak herri guztian zehar dabiltza. Esaldi hau entzun ondoren, batek berri pozgarritzat jo zezakeen, izan ere, ze hobe kulturarentzat liburuak herritik barreiatu eta zabaltzea baino, ezta? Baina ez, liburu guzti horiek bustita daude, ezin dira irakurri eta herriko hainbat biztanleengana heldu dira, baina berandu, jada baliogarriak ez direnean.

Eta ez dakit zergatik konektatu diren bi irudiak nire buruan: beranduegi heldu diren zabuak, herritarrengana beranduegi heltzen diren liburuak. Agian liburu horiek herritarrengana gerturatzeko bestelako uholde bat gertatzea nahiko nukeelako, eta uholde hori beranduegi ez heltzea, irakurzaletasunak kutsatuko duen belaunaldirik ez galtzeko. Belaunaldi berriek liburuak gertu izatea nahi dudalako, agian, txikitatik, zabu, txirrista eta labirintoak erabiltzeko adinean daudenean oraindik.

etiquetas: karmele jaio

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120