Malmasin, Urdaibai eta Zin-bideak

Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide historikoak" programa lurraldeak zehar zabalduko da

Talde txikiak izango dira, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik erreserbatu beharko dute 

DEIA.EUS - 2018(e)ko ekainaren 1a, ostirala - 12:40etan eguneratua

Ibilbide Historikoen aurkezpena 2018

Ibilbide Historikoen aurkezpena 2018 (BIZKAIA.EUS)

Galería Noticia

Ibilbide Historikoen aurkezpena 2018

Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide historikoak" programa lurraldean zehar zabalduko da, hiru ibilbide historikoak osatuko dute. Ekainean egingo den Malmasingo ibilbidea, uztail eta abuztuko Urdaibaiko ibilbidea, eta, amaitzeko, Zin-bidea, irailaren 21etik 23ra antolatuko dena. Bisita gidatuak euskaraz nahi gaztelaniaz eskainiko dira. Talde txikiak izango dira, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik erreserbatu beharko dute 688 856 689 telefono-zenbakian edo posta elektroniko honetan: ibibideak@bizkaia.eus

BILBO. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak ekimenaren berritasunak azaldu ditu, eta diputatuaren arabera hauxe da xedea: "Bizkaiko ondare historikoa herritar guztiei helaraztea, eta guzti-guztiok baloratzea gure lurraldeko altxor paregabea zaintzearen eta aintzat hartzearen garrantzia". Bilbaok hauxe gehitu du: "Kultura zabaltzeko proiektu bat da, ezagutza eta ikertzeko beharra sortzen duten leku historikoak ikusgai jartzen dituen ekimen bat".

Proiektua 2012. urtean abiarazi zen, eta urtez urte doa handitzen. Aurtengo edizioan Zin-bidea gehitu zaio. Hori horrela, zazpigarren edizioan hiru ibilbide historiko eskainiko zaizkie herritarrei: Malmasin, Urdaibai eta Zin-bidea.

"Ibilbide historikoak" programa ekainean, uztailean, abuztuan eta irailaren 21etik 23ra antolatuko da.

Bisiten programa Malmasingo ibilbide historikoarekin hasiko da, ekainaren 2an, eta hilabeteko asteburu guztietan egingo da Basaurin eta Arrigorriagan. Ibilbide horretan Finagako San Martin, Malmasingo gotorlekua nahiz Abrisketako San Pedro bisitatuko dira.

Bestalde, Urdaibaiko ibilbide historikoa deritzona uztailean eta abuztuan gauzatuko da, eta gai horretan adituak direnek toki guztietako xehetasunak eta burututako ikerlanen emaitzak emango dituzte. Aipatutako eremuan leku hauek bisitatuko dira: Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia, Katilotxuko estazio megalitikoa, Arrola-Arrolaguneko Oppiduma eta Ereñozarreko gaztelua.

Amaitzeko, aurtengo berritasuna Bizkaiko Zin-bidea izango da, eta irailaren 21tik 23ra bitarteko asteburuan egin ahal izango da.

Aldundiak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko ditu bisitak, eta ibilbide horretan parte hartuko duten pertsonen kopurua murriztua izango da. Kalitatezko zerbitzu jasangarria eskaini ahal izateko, bertaratu nahi dutenek aurretik erreserba egin beharko dute, telefonoz (688 856 689) nahiz helbide elektroniko honetara idatziz: ibilbideak@bizkaia.eus.

BIZKAIKO ZIN-BIDEA

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da;izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira.

Bizkaiko Zin-bidearen bisita gidatuak bi helburu izango ditu: gure historiaren berri ematea, eta zehatzagoa den beste bat, hau da, Bizkaiko foruen muinean sartzea aplikatzeko mekanismo batzuk ulertu ahal izateko. Bisita gidatua hiru etapatan egingo da, hiru zatitan:

- Bilbo / San Emeterio eta San Zeledonio eliza (Larrabetzu).

- San Emeterio eta San Zeledonio eliza (Larrabetzu) / Gernika - Lumo.

- Gernika - Lumo / Bermeo.

Etapa guztietan (Bilbokoan izan ezik, lehenengoa) autobus batek taldeko kideak eramango ditu irteerara, eta, gero, etaparen amaieratik hitzorduaren hasierako puntura eramango ditu. Berriz ere Bilbora.

Etapak egiteko 6 ordu behar izango direla aurreikusi da (4 ibilbidea egiteko eta 2 zin-egiteekin zerikusia duten elizen eta monumentuen azalpenak entzuteko). Gehienez ere, 30 pertsona egongo dira talde bakoitzean.

Zin-bidea hiru etapatan

1. etapa. Bilbo-Larrabetzu

Irteera Bilbotik izango da, aspaldi hiribilduaren harresi zaharraren Zamudioko ataria zegoen lekutik. Bertako museoak ezagutzeko aukera egongo da: Euskal Museoa eta Arkeologi Museoa.

Lezaman, izen bereko dorreak bandoen iragana uzten du ikusgai. Andre Maria elizak (XIV. Mendea) fatxada errenazentista ederra du.

Larrabetzuko hiribildua: Herrigune historiko kultura-ondasuntzat jo zuten 1994. urtean, eta monumentu-multzo kategoria eman zioten. Udalerri honetan dago, halaber, San Emeterio eta San Zeledonio eliza.       

2. etapa. Larrabetzu- Gernika-Lumo

San Emeterio eta San Zeledonio eliza, Goikolegea (Larrabetzu).

Aretxabalagane (Morga), Bizkaiko Batzarren lekua zen 1308. urtean. Ondoren, Jaunari Gernikara heldu aurretik harrera egiteko lekua izan zen. Juan Delmásek hauxe idatzi du "Duela urte gutxi arte ez zen moztu (haritz zaharra)".

Gerekizko San Esteban ermita (Morga). Bertan, erromatarren garaiko hiru hilarri aurkitu ziren.

Gernika-Lumo, Batzar Etxea eta zin egiteko haritza. Andra Mari eliza.

3. etapa. Gernika-Lumo-Bermeo

Forua: San Martín de Tours. Foruko herrixka erromatarra.

Busturia: Axpeko Andra Maria eliza, Errege Katolikoen estiloko aurrealde interesgarri batekin.

Bermeo: Erdi Aroko hiribildua eta San Eufemia zin egiteko eliza.

MALMASINGO IBILBIDE HISTORIKOA

Ibilbide hau ekainean egingo da. Ibilbidean San Migel eta Finagako San Martin ermita bisitatuko dira Basaurin, eta Malmasingo gotorlekua nahiz Abrisketako San Pedro ermita Arrigorriagan. Ibilbidea egiteko honako hiru plan hauek daude: Basauriko San Migeletik abiatu, autobusez, eta Finagako San Martin ermita eta horren ingurua bisitatu. Bigarren aukerak hauxe hartzen du barne: Andra Maria Magdalena eliza bisitatzea Arrigorriagan, eta handik Abrisketako San Pedro ermitara joatea autobusez. Ibilbide honen barruan aukeran dagoen hirugarren plana, berriz, honetan datza: autobusez joatea Finagako ermitaraino —bertan, gida batek tokiko historia azalduko du—;ondoren, Malmasingo gotorlekura eta Abrisketako San Pedro ermitara (Arrigorriaga) joango dira oinez.

Bizkaiko kultura-multzo enblematiko eta ezezagunetako bat Finaga-Malmasin-Abrisketa inguruan dago. Kilometro koadro gutxitan, Malmasin mendiaren hegaletan, hiru monumentu arkeologiko handi daude. Malmasin herrixka edo gotorleku aurre-erromatarra eta Abrisketako San Pedron (Arrigorriaga) nahiz Finagako San Martinen (Basauri) dauden multzo kulturalak.

Finagako San Martin. Aipatutako monumentu-aztarnategia Finagako San Martin ermita da, duela gutxi induskatu eta nabarmendu baita (1994 eta 2014). Toki horretako ikerlanean jasotako datuekin Nerbioi Beheraren azken 2.000 urteko historia berreraiki ahal izan genuen.

Leku honetan, tokiko indigenen kulturako zenbait hilarri ikusi ahalko dituzte bisitariek. K.o. III. mendetik V. mendera erromatarren garaiko ehorzketa-nekropoli batek okupatu zuen tokia, eta gutxienez zazpi hilobi aurkitu dira bertan.

Bisitariak Finagako San Martin ermitatik Malmasingo gotorlekura igoko dira oinez. Malmasingo gotorlekua hoberen kontserbatu den Bizkaiko erromatarren aurreko gotorlekuetako bat da. Nerbioi Beherako erromatarren aurreko herrigune garrantzitsua izan zen, kultura erromatarra iritsi zen arte.

Abrisketako San Pedroko ibilbidea Bizkaiko aztarnategi enigmatikoenetako bat da;izan ere, egituran eta eraikuntzan garai desberdinetako kultura-elementuak elkartzen dira —erromatarrak, berantiarrak, prerromanikoak eta erromanikoak— multzo heterogeneo batean, tenpluan egindako berreraikuntzek eta konponketek eratutakoa. Eraikin horren fatxadak harritzen du: tokia bisitatzen dutenek ikusi ahalko duten bezala, bi bikote daude zizelkaturik harrian. Horietako bat agerraldi erotiko bat egiten dabil —dirudienez, plazer fisikoen tentaldien gaineko ohartarazpena da—;bestea, berriz, erdi biluzik dauden bi pertsona dira, elbarriak, eta dantza nahiz handikeria fisikoko jarrera erronkari batean agertzen dira.

URDAIBAIKO IBILBIDE HISTORIKOA


Ibilbide hau uztailean eta abuztuan egingo da Mundakako itsasadarraren arroan. Toki hauek bisitatuko dira: Arrola-Arrolaguneko Oppiduma (Arratzu), Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (ereño) eta Katilotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).

Arrolako Oppiduma Kauntauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten K.a. IV. mendean, eta K.o. I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da, eta 16 hektarea hartzen ditu barne. Mota honetako gotorlekuak edo kastroak oso ohikoak izan ziren Burdin Aroan, eta Bizkaia osoan egoerarik onenean dagoena Arrolakoa da. Arrolako Oppidumeko bizimoduaren ezagutza osatzeko, Arrolagune (Arratzu) interpretazio-zentroa bisitatuko da.

Bisiten programaren barruko beste toki bat Foruko Multzo Historikoa da, euskal itsasaldeko erromatarren garaiko aztarnategi arkeologikorik ezagunena eta hoberen kontserbatu dena.

Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago (Foruan), Oka ibaiaren ezkerraldean, hau da, Urdaibai haranaren bihotzean. Kristo ondoko I. mendean sortu zen, 6 hektareako azalera batean.

Aztarnategia 2017ra arte induskatu da, eta ezagutzera eman du hamalau eraikin izan zirela, tipologia eta erabilera desberdinetakoak, harearrizko hargin-lanez eginak. Biztanleen etxolez eta etxeez gain, burdina urtzeko labe metalurgiko asko aurkitu dira, eta hainbat burdinola ere bai, lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiliak.

Tourseko San Martin parrokia-elizako lurpean, tenplu errenazentista kristauaren azpian, Erdi Aroko nekropoliak eta eliza gotiko baten oinplanoa aurkitu zituzten. Ibilaldian parte hartzen dutenek aurkikuntza horiek ikusi ahalko dituzte.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo eta Busturia) lurraldeko beste bitxietako bat da. Bizkaiko Foru Aldundia duela bost urte hasi zen altxor arkeologiko hau industeko lanetan. Orain arte hamar hilobi-egitura aurkitu dira. Esparru horien barruan hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak (errausturik) sartzen ziren.

Aztarnategi honen lehenengo zantzuak 1994an aurkitu ziren, baina 2013an sartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak Tribisburu bere ikerketa-egitasmoen artean.

Aurkitutako hondarrek erakusten digute Tribisburun gure arbasoek K.o. I-III. mendeetan zeuzkaten hileta-ohiturak. Gorpua egurrezko txondor batean errausten zuten, haren objektu pertsonalekin, eta hurbilekoek egindako eskaintzekin.

Indusketa-lanean materiak asko aurkitu dira, hauexek, besteak beste:  jantziak, oinetakoak, armak, apaingarriak eta eguneroko bizitzan erabiltzen diren gauzak (zeramikazko plater eta lapikoak). Hondarrak oso zatituta dauden arren, argi dago Erromako kulturaren itzala.

Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste enklabeetako bat da. Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Aztarnategi horretako ikerketa arkeologikoak Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen du. Hainbat aldi agertzen dituen nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek osatzen dute aztarnategia. Gaur egun ermita txiki bat duen gailurrean, bisitariek gure historiako garairik ezagunenetako bat gogoratu ahal izango dute. Aldi horretan, Erdi Aroko gazteluak, Erdi Aroan gure haranak zaintzen zituzten gotorlekuak, eta gure arbasoen bizimoduak eta sinesmenak ziren nagusi.

Amaitzeko, Katilotxuko estazio megalitikoa dago;hain zuzen ere, modu kolektiboan erabiltzeko hilobi-eraikin batzuek osatzen dute, eta bi dolmen dituzte, 2004. urtetik 2008. urtera induskatu eta zaharberritu zirenak. Gainera, hiru egitura tumular dituzte, baina oraindik ez da lanik egin horietan.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Bizkaia

ir a Bizkaia »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120