Kritika

Ispilu desolatuen jokoa

Igor Estankona - 2018(e)ko maiatzaren 20a, igandea - 12:34etan eguneratua

‘Munduko Poesia Kaierak’.

‘Munduko Poesia Kaierak’.

Galería Noticia

‘Munduko Poesia Kaierak’.

Munduko Poesia Kaieren bildumara iritsi behar zuen Ezra Poundek. Luigi Anselmik prestatu du poetari dagokion liburuxka, derrigor irakurri beharrekoa. Esate bat da, noski, derrigor irakurri behar dela Pound, baina Ameriketako Estatu Batuetako poesia modernoa eta bere izena loturik doaz. Ate asko ireki zituen Ezra Poundek, klasikoetatik edanez berregiteko garai berri baterako poesia. Beñat Sarasolak hala azaltzen du antologiatxo honen hitzaurrean: “Pounden obra irakurrita, bistakoa da berritasuna eta tradizioa ez direla zertan kon-tzeptu kontrajarriak izan;alderan-tziz, biak hertsiki loturik egon daitezke, halako moldez non, berritasuna tradizioa ulertzeko modu berri bat baino ez den. Ikustea besterik ez dugu zenbat erreferentzia tradiziozko aurki daitezke Pounden poesian. Ondare poetiko greko-latindarra aldean du beti, hainbesteraino ezen ugariak baitira erabiltzen dituen latinezko esamolde eta hitzak (poemen titulu direnak sarri). Halaber, trobadoreen poesiaren (Provincia Deserta poema ederra) eta Errenazimentuko poesiaren (Dante) arrastoa ez da nolanahikoa”.

Ezra Pound jo zuten antiamerikar-tzat, faxismoaren korporatibismoa defendatzeagatik. Ameriketako Estatu Batuak maitatu ahala gorrotatu zuen bertako gobernua. Zorotzat hartu zuten, nahasketaritzat. Bere herrialdean ez zekiten garbi zer egin berarekin: edo sari literario bat eman, edo gerra krimenengatik espetxeratu. Italian hartu zuen babes, ideia duda-mudazkoen herrialde suzkoan. Halakoxe tenperamentua zeukan, intentsuki bizi izan zituen eztabaida politiko eta literario guztiak: “Arretaz behatzen diedanean txakurren ohitura bitxiei, / Deliberatu beharra daukat / Gizakia nagusitzen zaiela beste animaliei. // Gizakien ohitura bitxiei behatzen diedanean/ Aitortu behar dut, adiskide, txunditurik nagoela erabat”.

Poesia poesiaren gainean egitearen maisua izan zen Pound. Beti delikatua, beti oreka grekoaren paradigma, Japoniatik Peloponesora -eta are, Erromara edo Probentzara-doan arku poetiko miragarria berridatzi zuen, berdetu zituen betiko eiteak: “Aurpegi horiek jendetzaren artean agertzea:/ Petaloak adaxka beltz, heze batean”. Horregatik liburu hau hartzea da sinpletasunari buruzko tesi bat hartzea bezala, objektibitatearen eta hitz zehatzaren adibide. Perifrasirako ere, Poundek bati dauka biderik motzena eta eraginkorrena aukeratzeko gaitasun txundigarria: “Ezar nazazue edozein lanbidetan, / Idazle lanbide malapartatu honetan salbu, / non eta burmuinak erabili behar baitira tai / gabean”. Poundek konpondu zuen arazoa formaren arazo betierekoa da. Liburu honetako poemak irakurriz konturatu naiz nahikoa malgua dela mezuari leku egiteko, eta nahikoa estua beharrezkoa ez dena kanpo uzteko. Metrikarekin zein gabe, bakoitzak bere buruari jartzen dio diziplina. Elioten apotegma: “Ezein bertso ez da libre, lan on bat egin gura duenarentzat”.

Tradizioaren hizkuntza da Pounden poesian modernitatearen berbakera berria. Entziklopedia bezain sakona da bere jakintza, baina umearean -lehen poetaren- xalotasunarekin idatziak dirudite zenbait pieza minimalista. Pounden poesiak dardara egiten du Luigi Anselmiren itzulpen bikainean, eta dardara hori ez dakizu den hosto batena, edo ispiluan islatutako hosto batena.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120