Zirrikituetatik begira

Gaza

Karmele Jaio - 2018(e)ko maiatzaren 18a, ostirala - 06:00etan eguneratua

ZeR egin haserrearekin? Non gorde? Zer egin zauriaren gainean botatako ozpinak eragindako erreminarekin? Zer egin anai-arreba-ahizpa-neba-seme-alaba-aita edo ama hil dioten bati sabelean piztu zaion sumendiarekin? Lasai egoteko esan? Mesedez, indarkeriarik ez erabiltzeko esan? Nola egiten da hori? Suak sua eragiten du, indarkeriak indarkeria. Hor Historiak hainbeste aldiz erakutsi diguna, eta hala ere, gorrotoa baino ezagutu ez duten gazteei, haurrak zirenetik heriotza gertutik ikusi dutenei indarkeriarik ez erabiltzeko deia egitearekin nahikoa dela uste dute batzuek. Zortzi, hamar, hamabi urteko haurrak ikusten ditut argazki batean Israelgo armadak hildako gazte baten gorpuaren inguruan. Haien begiradak ez dira zortzi, hamar, hamabi urteko haurrenak, haien begiradek “No future” esaten dute;haien begiradek “Heriotza” esaten dute;haien begiradek mendekua bilatuko dute hemendik urte batzuetara. Indarkeriak indarkeria dakar. Suak sua.

Mendebaldeko haur gehienentzat heriotza zerbait abstraktua den bitartean, Gazako umeentzat fisikoa da. Eta behin heriotza hain gertutik ikusi eta sentituta, heriotzari beldurra galtzeko bidean sartzen dira. Bizitzak ez du askorik balio han. Txikitatik ikasten dute.

Beste argazki batean emakume batek bere zortzi hilabeteko haurraren gorpua darama altzoan, izara zuri baten barruan bilduta. Duela zortzi hilabete erditutako haurrari, jaio zenean bezala heltzen dio, kontu handiz, maitasunez. Zer esan behar zaio emakume horri? Protestarik ez egiteko? Haserrerik ez erakusteko?

Astelehenean hirurogei palestinar hil zituen tiroz Israelgo armadak protesta egin zutelako. Beste 2.500 inguru zauritu zituen, haietako askori hanketan tori eginez. Israelgo Kanpo Ministerioko ordezkariari kazetari batek galdetu dio ea zergatik egin zieten tiro eta honek erantzun zion ez daukatelako leku nahikorik denak kartzelara sartzeko.

Zaila da, bai, hainbeste urtez enkistatua dagoen korapiloa askatzea, baina argi dago Israelgo armadak egindako eraso bakoitzarekin eragiten duen minak nonbaiten egin behar duela eztanda, zaila dela nonbaiten gordetzen. Hori ere ez da kartzela batean kabitzen.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

destacado mail
  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120