Kolaborazio

Negoziazio gehiago, intoxikazio gutxiago

Susana Egia eta. Endika Rodriguez - 2018(e)ko maiatzaren 15a, asteartea - 06:00etan eguneratua

GAUR eta bihar sindikatuok greba deialdia egin dugu EAEko itunpeko irakaskuntzan, “gizarte ekimenekoa” deituriko horretan. Artikulu hau idazten ari garen honetan, baliteke irakaskuntza publikoko gatazka konpontzeko bidean izatea, mobilizazioek behartu egin dutelako Hezkuntza Saila eduki errealak oinarritzat hartuta negoziatzera. Gure arloan, ordea, ez da hitzarmen berriari buruzko negoziazioei berriz ekiteko inolako saiakerarik izan ikasturte hasieran bertan behera geratu zirenetik. Parte hartze nabarmena izan zuen martxoaren 20ko greba gorabehera, patronalaren eskaintza gaur egun duela urte eta erdi egindako berbera da.

9.000 langilek, irakasleek eta irakasle ez direnek, marmotaren eguna biziko dugu, eta 2010-2013an izandako gatazka gogor eta luzean gertatutakoa errepikatuko da berriro. Aurrekari horiek pentsarazten digute Kristau Eskolak eta gainontzeko patronalek ezikusiarena egingo dutela -milaka familiak izango dituzten arazoak beren ardura ez balira bezala-, ekaitza pasa arte itxarongo dutela, eta gatazka baliatuko dutela sindikatuok erasotzeko.

Aurreikusten dugu Kristau Eskolak egoera aprobetxatuko duela finantzazioari dagokionez dituen aldarrikapenak zabaltzeko, baina euskal gizarteak ez du engaina dezaten utzi behar. Gatazka hau, ñabardurak ñabardura, lehenagokoak bezalakoa da: patronala ezezkoan tematzen da eta langileok gaiztotzat har gaitzaten nahi du. Eta horretarako, biktimismoa erabiltzen du, desinformazioa eta mehatxuak. Intoxikazio horiek ezagunak zaizkigu: sindikatuok ikastetxeen bideragarritasuna arriskuan jartzen dugula edota gure eskaerak onartezinak direla. Baina kontu ekonomikoen inguruan negoziatzeari uko egitearen argudioa baliorik gabe geratzen da, kontuan hartzen bada planteatutako oinarrizko puntuetatik bakarrak -erosahalmenaren % 14 berreskura-tzea- duela garrantzia arlo horretan. Beste batzuek gutxiengoa diren kolektiboei eragiten diete eta ez lukete eragin ekonomikorik izango ia, eta birkokatze lan-poltsari eta irakasleen lanaldiari dagokienez, aldeak ideologikoak dira.

Irakaskuntza kontzertatuak aurrekontuaren %35 soilik jasotzeak ez du esan nahi gainerakoa -beste bi herenak- ikastetxe publikoek jasotzen dituztenik

Baieztatu dute Hezkuntza Saila beraienaz arduratuko dela publikoarekin negoziazioak amaitzen dituenean, eta hori da duela hainbat urtetik dugun argazki bera: gure enpresariek gu kontratatzeko eta kalera-tzeko soilik jarduten dute enpresari, gure lan-baldintzei dagokienean, baloia Hezkuntza Sailari pasatzen diote. Eta egia den arren Hezkuntza Sailak erantzukizun zehatzak dituela gai jakin batzuetan (adibidez DBH 1 eta 2ko ordainsarien parekotasun faltan), titularrak ere badauzka eran-tzukizunak.

Horri dagokionez, Kristau Eskolak zenbait datu ahaztu ohi ditu: EAEko itunpeko ikastetxeek duten finantzazioa pribilegiatua da, estatuko gainontzeko erkidegoekin konparatuta: murrizketak murrizketa, 2009tik finantzazio-moduluak %4,4 eta %7,8 artean handitu dira;alegia, 2009an aurrekontuaren %35,1 ematen zitzaien;2018an, aldiz, %35,1 eman zaie. Beraz, ez dago ia irakaskuntza pribaturik, %100 itunpekoa baita (ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten OPUSen ikastetxeak barne), eta, ondorioz, estatuko itunpeko irakaskuntza tasarik handiena dugu: derrigorrezkoak ez diren mailak finantzatzen dira, baita ureztatze-sistemak eta belar artifizialezko futbol-zelaiak ere...

Baina okerrena hezkuntza-gastuaz egiten duten irakurketa interesatua da;izan ere, esaten dute Hezkuntza Sailak aurrekontuaren bi heren erabiltzen dituela ikasleen erdiak soilik artatzeko, hau da, ikastetxe publikoetako ikasleentzako. Langile asko ez gatoz bat mezu arduragabe, bidegabe eta zehaztugabe horrekin. Irakaskuntza kon-tzertatuak aurrekontuaren %35 soilik jaso-tzeak ez du esan nahi gainerakoa -beste bi herenak- ikastetxe publikoek jasotzen dituztenik. Zaku horretan beharrezkoak diren eta itunpeko ikastetxeetan ere eragina duten zerbitzu asko sartzen dira, besteak beste: sailburuordearen soldata eta sailaren organigrama guztiarena (ordezkaritzak, ikuskaritza...), eta ordainketa eskuordetua kudeatzen duen langileena, laguntza-zerbi-tzuak (Berritzeguneak, IRALE...), ISEI bezalako erakundeak, Eskola Batzordea, bekak eta diru-laguntzak (euskaltegiak, musika-eskolak...), osabidezko hezkuntza etab. Zaku horretako diruaz itunpeko irakaskuntzak eskaintzen ez dituen kontuak ordaintzen dira. Horiek horrela, irakaskuntza publikoa arduratzen da Eskola Txikiez, gaixorik dauden ikasleak eta ikasle helduak artatzeaz eta irakaskuntza espezializatuez. Halaber, bi heren horiek erabili behar dira itunpeko ikastetxe ugarik eskola inklusiboarenganako duten erantzukidetasun falta konpentsatzeko: itunpeko ikastetxeetako ikasleak hezkuntza-sistemako %48 badira ere, ikasle etorkinen %15 soilik eta behar bereziak dituzten edo bekadunak diren ikasleen %40 besterik ez dago itunpeko ikastetxeetan.

Horregatik guztiagatik, geure buruari galdetzen diogu ez ote litzatekeen positiboagoa izango autokritika pixka bat egitea gure ikastetxeetako askok eskola-segregazioan duten erantzukizuna eztabaidatzen den honetan. Gure lan-eskubideen aldeko bidezko aldarrikapenarekin batera, gure ikastetxeek ekitatearen eta aukera-berdintasunaren alde egin dezaten nahi dugu. Eta jakina, oroz gain, administrazioari eskatzen diogu diru publikoa berma osoz kudea dezala.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120