Brankaganetik kikuke

Kuko, neure taldean beti

Ramon Basaldua - Martes, 15 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Columnista Ramon Basaldua

Galería Noticia

Columnista Ramon Basaldua

JoseAngel, Kuko, Ziganda ez da Athleticeko entrenatzailea izango hurrengo denboraldian, Josu Urrutia presidenteak holan iragarri dauelako Lezaman. Egia esateko, danok uste genduana ofizialki berretsi baino ez dau egin klubeko arduradun nagusiak. Ilusinoz ganezka ekin eutsan bere ametsari, Athletic zuzentzeari, aurreko sei deboraldietan Bilbao Athleticen lan bikaina egin ostean. Etxeko laguntzaileak aukeratu ebazan bidelagun bere abenturarako: Bingen Arostegi, Iban Urkiza eta Imanol Etxeberria. Laurek ondo ekien zer suposatzen dauen futbol profesionalerako jauzia emoteak. Gauzak ondo joan ezkero jaungoikotu egiten zaitue baina emaitzek lagundu ezean gurutzean josiko zaitue, etxeko semeak zariela ahaztuta.

2017-18 denboraldian gertatutakoak hausnarketa ugari eragiten deustaz. Esan beharrik ez dago kirol aldetik Athleticen urtea makala izan dala oso. Taldeak ez dau ondo jokatu partidu gehienetan eta emaitzak txarrak izan dira. Ez dago zalantzarik. Entrenatzaileak ahalegin guztiak egin dauz taldeari berak nahi eban joko bizia eta azkarra emoteko baina ez dau helburua bete, ez dau ondo konektatu jokalariekaz. Eta jakina, horren arduradun nagusia entrenatzailea da. Beste alde batetik, zorteak be ez deutso askorik lagundu Zigandari, taldeko jokalari garrantzitsu ba-tzuk lesionaturik egon diralako luzaroan. Hori gitxi balitz, beste jokalari garrantzi-tsu askok, gurditik tiretu behar dabenek, ez dabe euren maila onena emon.

Kirol mailako hausnarketak alde batera itxita, gero eta garbiago daukat ez garala zuzenak edo justuak izan Kuko Zigandagaz. Athleticeko entrena-tzaileak azken hilabeteetan -Formenteraren aurkako porrotetik aurrera batez be- jasotako kritikek errespetuaren muga guztiak gainditu ditue. Ez dot inoiz ahaztuko San Mamesen “Kuko vete ya” entzun nebaneko eguna. Ez neban pentsauko inoiz horrelakorik entzungo nebanik Katedralean geure etxeko entrenatzailearen aurka. Mestalla, Manzanares, Villamarin eta horrelako lekuetako kontua zala uste neban. Nire Athletic ez da horrelakoa. Jose Angel Ziganda Lakunza neure taldean euki gura dot beti, eta beragaz batera Bingen, Iban eta Imanol. Profesional zintzoak, langileak eta bihotz onekoak. Oso osokoak. Geure estilokoak.

Kuko Ziganda azkenekoz jesarriko da Athleticen aulkian San Mamesen datorren domekan Espanyolen aurkako partiduan. Itxaron daigun zaleriak Larrainzarkoak merezidu dauen agurra eskaintzea Athleticen hamalau denboraldi emon ostean. Agur bero bat, Kuko.

Egungo futbolak gauza asko ditu hobetzeko eta zaleen arteko bortizkeria da horreetariko bat. Ba astegoien honetan errugbiak erakustaldi ederra emon dau Bilbon, Europa mailako final bietan. Barikuan eta zapatuan Europa guztitik etorritako errugbi zaleak batu dira eta sekulako giro jatorragaz jokatu dira final biak, ezelako istilurik egon barik. Hori bai, onartuezina da San Mames barruan kaña bat sei euro kobratzea.

Ezin amaitu Realeko eta Athleticeko emakumezkoen taldeek Anoetan jokatutako partidua goraipatu barik. 21.000 mila ikusletik gora batu ziran derbia ikusteko eta urrats garrantzitsua izan behar da etorkizunari begira. Ganera, zuri-gorriak nagusitu ziran eta hirugarren amaitu dabe ligan Atletico eta Bartzelona ahalguztidunen atzetik. Zoriondu Bilbao Athletic, Durangoko Culturala, Portugalete eta Sestao play offa jokatuko dabelako. Zoriondu baita Ander Alaña eta Tikoren Basconia mailari eustea lortu dabelako denboraldi gogor baten ostean. Eta ezin ahaztu neure herriko taldea, Bermeo, asko sufridu ostean hirugarren mailan jarraituko dauelako.

etiquetas: ramon basaldua

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Brankaganetik kikuke

ir a Brankaganetik kikuke »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120