DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
musika

Atzera begira, aurrera egiteko

Perkusioan eta kantuan sakonduz, eta euskal kantu herrikoiak gaurkotuz, Khami musika kolektiboak ‘Mugak’ ikuskizuna estreinatuko du gaur, Eibarren. Kalakan hirukotearen ahotsek osatuko dute tradizio eta modernotasunaren inguruko emanaldia

Kattalin Barber - 2018(e)ko maiatzaren 13a, igandea - 17:49etan eguneratua

votos |¡comenta!
Kalakan hirukoa izango du bidaide Khami taldeak ‘Mugak’ proiektuan. KALAKAN=

Kalakan hirukoa izango du bidaide Khami taldeak ‘Mugak’ proiektuan. KALAKAN

Galería Noticia

  • Kalakan hirukoa izango du bidaide Khami taldeak ‘Mugak’ proiektuan. KALAKAN=

Euskal kultura herrikoiaren aztarna berezko eta sustraituenetan bilaketa lana egin du Khami taldeak eta muga geografiko zein denborazkoekin jolastuz, soinu berezkoa eta mestizoa eskainiko dute gaur estreinatuko duten bigarren lanean. Mugak ikuskizuna taularatuko dute Eibarren, 20:00etan Coliseo antzokian. Kantua eta perkusioa izango dira emanaldiaren protagonistak. Iraide Ansorena perkusionistak eta Carlos Sagi konpositoreak zuzentzen dute Khami musikarien topagunea. Haien hitzetan, “Euskal Herrian inoiz egin ez den esperientzia musikal bat” da Khami, Euskal Herriko eta munduko beste hainbat tokitako herri musiken arteko loturak eta an-tzekotasunak bilatzen dituena.



“Energia eta magiaz beteriko” ikuskizuna da Mugak. Haika Mutil, Binbili-bonbolo, Ene izar maitia, Goizean goiz jeikirik, edo Atso Zaharraren Atorra Zaharra bezalako abesti tradizionalak entzungai izango dira gaurko emanaldian;eta horiez gain, Larre Berrian bezalako abesti ia ahaztuak edo ikuskizunerako prestatu dituzten beste abesti berri batzuk. “Horiek guztiak aurrekaririk gabeko pertsonalitate eta gaurkotasun ukitu bikainarekin birbisitatuz”, dio Sagik. Ansorenak eta Sagik gidatu dute egitasmoa, hemengo eta kanpoko herri musiken artean paralelismoak topatuz ikerketa lan bat burutu ondoren. Oraingo honetan, Kalakan ahots eta perkusio hirukotea izango dute lagun: Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau musikariak.



TRADIZIOA ETA MODERNITATEA Euskal kantu tradizionalei beste ukitu bat eman nahi diete, modu aske samarrean. Jatorri eta adin ezberdinak izanik ere, gaur egungo euskal musikagintzaren ardatz nagusi dira Khami proiektuan bildutako musikariak eta sormenerako duten gaitasunak elkartu ditu. Horretarako, bere ohiko testuingurutik atera dituzte instrumentuak. “Tradizioa eta modernitatea daude Mugak proiektuan, bai eta ikerketa eta entretenimendua ere, aldi berean”, dio Ansorenak. Txalaparta, alboka edo txirularen aitzinako soinuak munduko beste instrumentuekin nahastuko dira. “Gitarra desberdinak izango ditugu, danborra eta pandero desberdinak”, azaldu du Ansorenak. Euskal Herriko panderoaz gain, Ekialde Ertaineko panderoa jotzen du perkusionistak eta bere soinu berezia entzungo da ikuskizunean. “Euskal Herriko panderoak sonailua du, baina Ekialde Ertainekoak ez: interesgarria da nahasteko, soinu berezia du”.



Proiektuaren gaurkotasunaren adierazgarri, musika elektronikoaren baliabide batzuk ere entzungai izango dira. “Euskal Herriko abesti tradizionalak hartu ditugu eta buelta eman diogu horri, puntu modernoa sartu dugu, ba-tzuetan elektronikarekin, gitarra edo erritmo desberdinekin”, dio Ansorenak. Horrela, bide berri bat arakatu dute abestiek. Azken finean, beste bide batzuk deskubritzea eta abesti tradizional hauek gaurkotzea da haien helburua. Fusioa da lortu nahi dutena: Tradizioa eta modernotasuna uztartzea.

Ildo horretan, esperientzia musikal berezia da Khami. “Askatasun handiz aztertzen ditu euskal kulturaren sustrai sakonenak eta benetakoenak, beste lurraldeetako folklorearekin alderatu eta nahastuz”, azaldu du Ansorenak. Helburu horiek lortzeko, Sagi moldatzaile eta konpositorea da buru, eta bere ardura izan da lan originalak sortu, Euskal Herriko kanta tradizionalak konposatu, ekoitzi eta zuzentzea. Mugak da horren erakusleihoa.



Bertako musika tradizionalaz gain, munduko beste musika adierazpideetan erreparatu du Sagik: “Helburua beste kultura batzuekiko paralelismoak ikustea ere bada”. Euskal kantak landu nahi zituztela argi zuten hasieratik, ahozko tradizioaren zutabeak direlako. “Euskal kantak oso sustraituta daude Euskal Herrian, eta ahotsak ordezkatzen du beste instrumentuek ez bezala herri baten espresio musikala eta kulturala”. Ahotsa eta perkusioa lantzea erabaki dute, bi adierazpide hauek mundu osoan eman direlako eta ahozko tradizioaren “adibiderik garbienak” direlako. Bertsolari zaharren eragina ere jaso dute proiektuan.



SORTU ETA BIRBISITATU Euskal kantagintza berriaren sorreran sakondu dute Sagik eta Ansorenak: Ez Dok Hamairu, Benito Lertxundi eta Mikel Laboa izan dituzte jomuga, besteak beste. “Horiek guztiak berriro bisitatu ditugu eta iturriekin konektatu dugu. Jende askok pentsatzen du Haika Mutil edo Maria Solt Laboa eta Lertxundiren abestiak direla, baina ez dira haienak”. Jatorriz, Iparraldeko kanta tradizionalak dira gehienak. Horregatik, hiru ildo jarraitu dituzte Mugak proiektuan: birbisitatu, berreskuratu eta sortu. Haika Mutil abestiarekin, adibidez, “inoiz esploratu ez den bide bat” hartu dute. Larre berria abestia, aldiz, ahanzturatik berreskuratu dute. “50eko hamarkadako abestia da eta artoa hostokatzeari buruz hitz egiten du. Orduak ematen zituzten emakumeek artoa hostokatzen eta lana arintzeko abestiak kantatzen zituzten”. Baina abestiak sortu ere egin ditu Khamik. Horietako bat Mugak da, proiektuari izenburua ematen dion kantua. Ahotsa dagoen arren, alboka da abestiaren protagonista. Mihi bikoitza du albokak eta harreman handia du Afrikako musika instrumentuekin: “Fusioa egon da eta Afrikako Iparraldeko kulturen kutsua du abestiak, euskal musikarekin nahasita”, azaldu du Sagik.



Ikerketa lan handia egin dute Sagik eta Ansorenak, interes handia dutelako kantu tradizionalen jatorrian. “Munduko leku askotan ezagutzen dira garai bateko abeslariak, baina galdu egin da tradizioarekiko lotura zuzena”. Bi arrazoi eman ditu Sagik: tradizioarekin lotura zuzena zuen jende heldua desagertzen joan delako eta bizi-ohiturak aldatu eta gizartea industrializatu delako. “Kultura ere industrializatu da. Dagoeneko ez dugu plazetan dan-tzatzen eta tabernetan abesten”. 



Ildo horietan arakatu nahi dute, nahiko askatasun artistikoarekin, horixe baita pertsonalitatea ematen diena, Sagiren hitzetan. Bila-tze lan horretan, euskal folkloreak munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkitu dituzte, horien artean berariazko nahasketak bilatuz. Euskal musika modu jakin batean interpretatu dela uste du Sagik, eta bere taldeak hortik “harago” joan izan nahi du. “Gaurkotzeko eta zaharra dena berreskuratzeko beharra nuen, beste influen-tzia batzuekin paralelismoan jarriz”. Azken finean, kultura guztiek berdinaz hitz egiten dute, baina bakoitzak bere moduan egiten du eta horretan ipini dute arreta. “Elementu hori, berdina dena eta desberdintzen duena artistikoki oso inspiratzailea da”, Sagiren esanetan. Era berean, jazzak askatasun handia ematen duela nabarmendu nahi izan du, eta euskal musikarekin uztartzean “emaitza oso interesgarriak” ematen dituela dio. “Euskal musikak historia eta karga handia du;helburua da perspektiba eta distantzia hartzea”.



EUSKAL MUSIKARIEN TOPAGUNE Sagik orain dela hiru urte sortu zuen Khami, Ansorenarekin batera. Euskal musikarien topagunea izan nahi du kolektiboak eta proiektu bakoi-tzerako kolaboratzaileak dituzte. Kanta tradizionala eta modernotasuna da Khamiren zutabea. Ikuskizunetik ikuskizunera, artista askoren topaleku izan da taldea, eta Euskal Herrian tradizio musikal desberdinen bidegurutze bilakatu nahi du, sortzaileen iritziz. Bazzque World Sounds (2015) izan zen Khamiren lehen lana. Bertan, txistua “inoiz egon ez den erregistro musikal berri batean” kokatu zuten, txistuaren aukera musikalak erabat berrituz. Gaur egungo euskal musikagintzaren ardatz nagusi diren artistek parte hartu zuten bertan: Iñaki Salvador, Garikoitz Mendizabal, Luis Gimenez, Kike Arza eta Gari Otamedi dantzaria, esaterako.



Kasu honetan, argi zuten nortzuk nahi zituzten bidaide: Kalakan. “Musikari bikainak ditugu inguruan, eta oraingoan Iparraldeko hirukoteak bat egin du gurekin. Oso onak dira”, dio Ansorenak. Kalakan hirukoaz gain, bidelagun izango dute ibilbide luzea duen Angel Unzu musikaria ere. “Gitarra-jotzailea fusio handi honi elkartuko zaio bere sokazko instrumentu, perkusio eta inprobisazioekin batera. Estilo honetan, guretzat onena da”. Juan Mari Beltran txalapartaria ere izan du hizpide Ansorenak. Musikologo eta konpositorea zutabea izan da haientzat. “Asko ikasi dugu harengandik”.



Khamiren zigilua dute Mugak eta Bazzque World Sounds aurreneko proiektuek. Biek dute musika tradizionala oinarri, baina Ansorenaren hitzetan, batak ez du bestearekin zerikusirik. “Lehenengo proiektuak jazz gehiago eta tradizio gutxiago zuen;Mugak proiektuak, aldiz, musika tradizional gehiago du”. Haien helburua izan da “desberdin egitea”, kolektiboa “oso eklektikoa” delako. Urte eta erdiko lanaren ostean, gustura gelditu dira azken emaitzarekin.



Lanez lan, Euskal Herriko instrumentu desberdinak lantzea eta birbisitatzea du xede kolektiboak. Txistua, perkusioa eta ahotsa landu ostean, hurrengo lana trikitixa eta txalapartari eskainiko diote. Izan ere, laborategi modukoa da Khami;goi mailako euskal musikarien topagunea eta euskal musika, tradizioa eta jazza uztartu nahi dute, musikari desberdinekin. “Beharra ikusten genuen, mota honetako musikarik ez zegoelako Euskal Herrian. Adibidez, txistuak ez du orain arte inoiz jo jazz musikari batzuekin”, azaldu du Ansorenak. Esperimentatzea eta fusionatzea da helburua, bide batez, musika berria sortzeko eta musikariak lotzeko, bakoitzak bestearengandik ikasteko. Modu honetan, sormena bultzatzen dute eta musika berria ari dira sortzen. Tradizioa eta modernotasuna, mundutik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura ari direlako lantzen.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

destacado mail
  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120