EHUko Arabako campusean

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak "Euskararen historia" aurkeztu dute

Aditu garrantzitsuen eskutik euskarak historiaurretik gaurdaino izan duen bilakaera biltzen du liburuak

ep - 2018(e)ko maiatzaren 9a, asteazkena - 16:40etan eguneratua

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak "Euskararen historia"aurkeztu dute Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak "Euskararen historia"aurkeztu dute Gasteizen. (Irekia)

Galería Noticia

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak "Euskararen historia"aurkeztu dute Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) "Euskararen historia" liburua aurkeztu dute asteazken honetan, EHUko Arabako campusean, Gasteizen. Aditu garrantzitsuen eskutik euskarak historiaurretik gaurdaino izan duen bilakaera biltzen du, baita mendeetan zehar beste hizkuntza batzuekin izan duen harremana ere. Jaurlaritzak diruz lagundutako lan hau gai honetan aditu diren pertsona gailenetako batzuek garatu dute, eta gai honetan interesa dutenentzat erreferentziazko materiala izan dadin lortzea da helburua.

GASTEIZ. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Ivan Igartua EHUko Arabako campuseko errektoreordeak eta Joaquin Gorrotxategi EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun eta liburuaren egile eta editoreetako batek parte hartu dute aurkezpenean. Obran lankidetzan aritu diren beste aditu batzuk ere izan dira agerraldian, gehienak EHUkoak.

Aurkezpenean azaldu dutenez, euskararen historiarako oinarrizko erreferentzia bat eskaintzea da liburuaren helburu nagusia, "euskalaritzaren garapenerako beharrezkoa baitzen eskueran dugun informazioa monografia moduan biltzea, eta ikuspegi desberdinetatik, gainera".

Alde batetik, "euskal filologiako ikasleek obra bat behar zuten", euskararen historiaren inguruan metatutako jakintzak egokiro antolatuko zituena, eta ikertzaileak "sintesi baten zain zeuden", euskararen bilakaeraren esparru orokor bat finkatuko zuena eta denboran zehar gertatzen joan diren aldaketei buruzko garrantzizko informazioa emango zuena. Azkenik, "euskaran interesa zuen edozeinek halako liburu bati etekina aterako liokeelako ustea bazegoen, lanak era ordenatu eta erakargarrian laburbiltzen baitu euskararen bilakaera mendeetan zehar".

Obraren garrantzia azpimarratu du Zupiriak aurkezpenean, liburuki bakar batean biltzen baitu euskararen historia gorabeheratsua. "Mendeetan zehar euskararen berezitasunak hizkuntzalarien eta adituen jakin-mina piztu du gure mugetatik harago, Wilhelm von Humboldtetik edo Louis Lucien Bonapartetik hasi, eta Larry Task edo Theo Vennemanneraino".

Euskararen sorburu eta beste hizkuntza batzuekin duen ahaidetasunaren inguruan "teoria anitzak" sorrarazi direla esan du. "Euskararen historiari buruzko ikuspegi zabala eta zehatza eskaintzea da obra honen asmoa, eta gai honetan aditu nagusi direnen eskutik egin den lana da. Gainera, liburuki bakar batean bildu dira euskarak historian zehar bizi izan dituen aldi desberdinak", adierazi du.

"Euskararen historia" taldeko lan handi baten emaitza da. Adituek hizkuntzaren eboluzioaren fase bakoitzean parte hartu dute. Eusko Jaurlaritzako argitalpen zerbitzuak kaleratutako liburua osatzen duten atal desberdinetan, aditu bakoitzak zehaztasunez eta era ordenatuan jaso du euskararen historiari buruzko gaur egungo ezagutza, eta berriro ikertu beharreko alderdiak identifikatu ditu.

"Erreferentziazko historia bat lantzen saiatu gara, bere izaeran eta bere oinarri teoriko/metodologikoetan gure inguruneko hizkuntzetarako dauden historien antzera", adierazi du liburuaren egile eta editoreetako bat den Ivan Igartuak.

Hizkuntzalariez eta filologoez gain, historialariek ere parte hartu dute lantaldean. Egile gehienak EHUkoak dira, baina Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA) eta Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA-IKER) ere aritu dira lankidetzan.

FAKTORE NAGUSIAK

Euskararen bilakaera historikoa baldintzatu izan duten faktore nagusiak aztertu dira liburuan, kontuan izanik ikertutako aldiaren arabera faktore horien inguruan dugun ezagutza maila desberdina dela. Dena den, eta liburuki osoari beharrezko barne koherentzia ematearren, berau osatzen duten atalek antzeko egitura edota berdintsua erakusten dute, eta horrek erraztu egiten du eboluzioaren aldi desberdinak alderatzea.

Hala, kapitulu bakoitzaren hasieran, izaera historiko orokorra duen sarrera bat eskaintzen da, hizkuntzaren bilakaera dagokion testuinguruan kokatzen laguntzeko. Sarrera horren ondoren, atal bakoitzak euskararen zabalkuntzari buruzko informazioa eskaintzen du (nolabaiteko ziurtasun mailarekin zehaztu ahal izan denetan, betiere).

Kapitulu bakoitzean aztertutako hirugarren gaia hizkuntzaren testigantza dokumentala da: euskararen historia trazatzeko erabil ditzakegun datu linguistikoak aurkezten dira, emaitza historikoak ateratzeko datu horiek nola erabiltzen diren adierazten da eta, ondoren, azaletik eskaintzen da idatzizko testigantza horien analisi grafiko, fonologiko eta morfosintaktiko bat.

Informazio hori xehakatu eta gero, laugarren atal batean, historian zehar euskara bere inguruneko beste hizkuntza batzuekin lotu izan duten erlazioak aurkezten dira: komunitate linguistikoen arteko kontaktu egoerek komunitate horien historia baldintzatzeko joera dute, eta hori bereziki antzematen da euskararen kasuan. Azkenik, eta kapitulu guztietan ez bada ere, atal espezifiko batek garai edo aldi bakoitzari dagozkion ideia linguistikoak eta garapen gramatikografikoa aztertzen ditu.

PERIODIZAZIOA

Liburuan erabili den periodizazioa zabal onartua izan da, eta muga kronologikoekin lotu da, gehienetan hizkuntzarekin berarekin zerikusirik ez duten mugarri historikoei dagozkienekin: 711. urteak arabiarrak iberiar penintsulara iritsi izana adierazten du;1745, besteak beste, Manuel Larramendiren "Hiztegi hirueleduna" argitaratu zen urtea da;1876an abolitu egin ziren foruak, eta 1968 hizkuntza estandarra bateratzeko prozesu garaikidearen abiaburua da.

Hizkuntzaren historiaurrea Joseba A. Lakarrak (EHU) ikertu du;antzinatea Joaquin Gorrotxategik (EHU) sinatutako kapituluaren aztergaia da;Patxi Salaberrik (UPNA) Erdi Aroko euskara aztertu du, eta Céline Mounole (UPPA-IKER) eta Joseba A. Lakarra (UPV/EHU) euskara arkaikoa (1400-1600) aztertzeaz arduratu dira.

Euskara zaharrari eta modernoari dagokienez, muga kronologikoak 1600 eta 1745 bitartean finkatu dira. Aldi hori batera aztertu dute Céline Mounolek eta Ricardo Gómezek (EHU). Blanca Urgellek (EHU) aurreneko euskara modernoaren analisia egin du, 1745 eta 1876 bitarteko aldiari dagokiona, eta bigarren edo azken euskara modernoaren inguruko azterlana, 1745 eta 1876 bitartean hedatzen den aldikoa, Iñaki Caminok (EHU) egin du. Azkenik, Pello Salaburu (EHU) arduratu da gaur egungo euskara aztertzeaz.

Horrez gain, EHUko Mikel Aizpuru, Juan Jose Larrea eta Xabier Zabaltza historialariek ere parte hartu dute, obraren kapitulu desberdinei ekarpenak eginez.

Aurkezpena amaitzean, mintegi bat egin da Arabako campusean bertan, "Euskararen historia, bide berriak" izenburupean, eta euskararen historia lau solasalditan errepasatu dute. Joseba Lakarra izan da moderatzailea, eta berarekin batera izan dira Blanca Urgell, Patxi Salaberri, Céline Mounole eta Iñaki Camino hizlariak.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120