Zirrikituetatik begira

Memoriari justizia

Ana Urkiza - Lunes, 7 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h

EAEko eta Nafarroako lehendakariek ostiralean egindako adierazpenei lotzen natzaie. Batzuk dardarka jarri dituen horri. Dagoena baino harago ikusi nahi duten horiek, oraingoan ere, ez dutelako ulertu nahi hemen, bakean, erabaki propioak hartuz eta bertako adierazteko modua erabiliz bizi nahi duen herri bat dagoela. Tasun bereizgarriekin.

Memoriari egin zioten lehendakari biek ala biek keinu. Memoria eraiki eta elikatu beharrari: ETA zer izan zen eta gertakizunak nola moldatu ziren jakinarazteko. Memoriarik egin ezean, iraganeko gertakizunak aldatzeko joera izaten dugulako edota momentuko interpretazioaren edo interpretatzailearen arabera, istorioa angelu ezberdinetik kontatzekoa.

Ados nago. Gaizki eginda dagoena gaizki egin zela esan behar da. Eta min egindakoei barkamena eskatu behar zaie (alderdi guztietakoei). Eta historia idatzi behar da. Elkarrekin.

Zeren eta umeak ginenean, XIX. mendekoa izan zitekeen istorio bat entzunez hazi ginen. Euskal Herriaren salbatzailea zela ETA, gorroto gintuztenen aurrean bidea egiteko balizko modu bakarra. ETAren indarkeria defentsa bidetzat jo zitekeen, gutxienez. Eta literaturak istorioak irudikatzeko ahalmena eman zigutenoi, erromantikoa ezezik, elikagai ere bilakatu zitzaigun istorio hura, kalean bai batzuk zein besteak erortzen ikusten genituelako, eguna joan eta eguna etorri. Gorrotoak eta bidegabekeriak inguratzen gintuelako. Ez dut uste inozoegiak ginenik, ez eta bizitzea tokatu zitzaigun unea ulertzeko gai ez ginenik.

Justiziak eta giza eskubideek orain hartu dute behar zuten indarra. Ongi etorriak izan bitez.

Orain idatzi daiteke historia izan zen moduan. Orain da idazten jartzeko unea. Idazteko, ideiak argitu eta adostu behar direlako. Injustiziak mahai gaineratzeaz gain, partekatu ahal izango direlako eta bizitakoa partekatuz baizik ezingo diogulako memoriari justizia egin.

etiquetas: ana urkiza

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120