Zirrikituetatik begira

Langileen eguna eta ametsak

Rikardo Arregi - 2018(e)ko maiatzaren 2a, asteazkena - 06:00etan eguneratua

Columnista Rikardo Arregi

Galería Noticia

Columnista Rikardo Arregi

MOTA honetako zutabeetan norberaren ametsak, lotan egiten direnak, kontatzea beti iruditu zait baliabide arras pobrea;gaurkoan, baina, bekatu egingo dut (barkatu, oi, irakurle errukiberak) eta bart egindako ametsa kontatuko dizuet, guztiz harrituta esnatu bainaiz: ibai zabal baten ondoan dagoen lantegian lan egiten dut;lantegia gainbeheran dago eta ixteko zorian, antza;izan ere, langile gutxi gara, bospasei, eta gure zeregin nagusia lantegia garbitzea da, presiozko ura erabiltzen ari gara;herdoila edonon, gorrixkatik gain, ibaiaren grisa, eraikuntzen beltza eta gure jantzien hori zikina dira kolore bakarrak;lantegia, ibai zabala, gabarrak eta kale batzuk daude, baita oso pub ingelesa ere;euria ari du;lankideetako bat, belgikarra, hilik agertzen da eta poliziak agindutako ikerketak direla eta, beste guztiak Belgikara joan behar dugu, ferryz, deklaratzera;bueltako ferryan hildakoaren emaztea eta seme-alabak doaz;badirudi nagusiak nahasirik daudela hilketan;bukaeran ene burua tren batean ikusten dut, ez dakit nora, pub horretan ezagututako norbaitekin bizitza berri baten bila. Ametsa Ken Loach-ek zuzendutako filma izan zitekeela pentsatu dut txundituta. Atzo egin nituen gauzak errepasatu ditut, ezaguna baita ametsak bizi izandakoaren gainean eraikitzen dituztela neurona nekaezinek, baina ez dut ezer aurkitu: ez nuen Ken Loachen filmik ikusi, ezta ametsaren girorik duen ezer bizi ere;egia da Belgika maiz agertu zaigula azken hilabeteetan, Puigdemont hara joan zenetik, baina ez zait oso arrazoi sendoa iruditu. Bat-batean konturatu naiz atzo pentsatu nuela zutabe hau maiatzaren lehenean idatzi behar dudala, langileen egunean alegia, eguerdia baino lehen, eta garaiz idatzi ere, nire sindikatuak, Steilasek (propaganda egingo diot, bai), antolatu duen manifestaziora joan nahi baitut. Ideia horrekin joan nintzen ohera. Azalpen bat da behintzat. Edo, beharbada, langileen eguna, hain egun premiazkoa, ametsen mundura kondenatuta dago aspaldidanik. Enplegu erregulazioko espedienteak, prekarietatea eta langabezia beti bezain errealak dira, baina.

etiquetas: rikardo arregi

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120