Brankaganetik kikuke

Konponbide barik

Ramon Basaldua - Martes, 1 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Columnista Ramon Basaldua

Galería Noticia

Columnista Ramon Basaldua

2017-2018 denboraldiak konponbiderik ez daukala esatea ez da albiste, aspalditik barrua minduta dogu-eta Athleticen joko makalagaz. Kontua da, Realaren aurkako ikuskizun negargarriaren ostean, denboraldia amaitzeko gogoa biderkatu egin dala. Galtzeko moduak eta moduak dagozala esan izan dogu eta aurkariagaz lehiatu barik galtzea da erarik mingarriena. Horixe berori jazo zan Anoetan Realaren aurkako norgehiagokan, Zigandaren taldeak garaipena oparitu egin eutsan-eta aurkariari, Keparen atea zulatzeko erreztasun ikaragarriak emonda. Denboraldi honetako kurutzebidea aspaldi hasi zan baina amaierea jasan ezina bilakatzen ari da.

Derbiak bereziak dirala entzuten dogu urtero Athletic eta Realaren arteko partiduen atarian. Bilbo eta Donostiako futbol taldeen arteko norgehiagokak bereziak ei dira eta jokalariek ez dabe motibazino berezirik behar zelaira barruan daukien guztia emoteko grinagaz zelairatzeko. Horregaz batera, aurreko partiduetan txarto jokatu izanak ez dauka eraginik derbi batera begira, amildegiaren ertzean dagoan taldeak be itxuraldaketa sakona euki leike-eta auzokoaren aurkako lehian. Ganera, Athleticek hiru denboraldi eroiazan galdu barik Anoetan. Kontuak kontu, Athletic zaleok zeozer behar genduan gure itxaropen apurra bizirik mantentzeko. Zoritxarrez, baina, Zigandaren taldeak ez eban itxuraldaketarik izan Anoetan eta denboraldi honetako partidu gehienetan emon dauen itxura tristea emon eban Realaren aurka. Egia da, zortea be aurka euki ebala, jokalari batek gol bi sartzea bere atea ez da normala-eta. Baina Athleticek ez eban horregaitik galdu Anoetan. Zigandaren gizonak erdi lotan zelairatu ziran derbian eta defenditzeko orduan aurkariari sekulako erreztasunak emoteaz gain, ez eben arriskurik sortzeko gaitasunik agertu. Seguruenik, Realak gitxitan irabazi dau hain errez Athleticen aurkako derbi bat.

Hogei egun geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta tarte hori luze, oso luze egingo jaku. Lezamara joatea ez da bape erreza izango kazetariontzat, eguneroko prentsaurrekoetan zer itaundu barik geratu garalako. Galdetu beharreko guztia galdetuta dago eta ez dago erantzunik taldeari 2017-18 denboraldian jazo jakona azaltzeko. Europarako sailkatzeko aukera guztiak galduta, duintasuna eta Athleticen harmarria defenditzeak exijitzen dauen erantzunkizuna aitatu deuskuez jokatzeko dagozan partiduei aurre egiteko. Zelaian, baina, ez da horrelakorik ikusten taldeak arima barik jokatzen dau-eta. Alde horretatik, Iñigo Martinezek, oihu eta irain artean erakutsitako adorea izan zan Anoetako partiduko gauzarik onena.

Ander Iturraspek esan dau Europarako sailkatzeko aukera barik egon arren ez dala bardina zortzigarren amaitzea sailkapenean edo hamalaugarren geratzea. Kontua da, Athleticek puntu bakar bat eskuratu dauela azken lau jardunaldietan eta bide horretatik jarraitu ezkero aukera handiak dituela ligea hamazazpigarren postuan amaitzeko, jaitsi dira hiru taldeen aurretik bakarrik. Zigandaren taldeak arrazoi asko emon deuskuz itxaropenik ez izateko eta dagoeneko inor gitxik sinesten dau talde honetan. Horregaitik, ez dakit zein izango dan zaleriaren erantzuna San Mamesen jokatzeko dagozan partidu bietan. Garbi dago Zigandak ez dauela jarraituko Athletic zuzentzen hurrengo denboraldian baina oker doaz entrenatzaile aldaketeagaz arazoa konponduko dala uste dabenak. Arazoa askoz sakonoagoa da eta konponbideak plantileari be ikutu behar deutso.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Brankaganetik kikuke

ir a Brankaganetik kikuke »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120