Zirrikituetatik begira

Higuina

Juanra Madariaga - Domingo, 29 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:00h

JOAN den igandean gure lurraren eguna ospatu zen (baina aste honetan kontu nardagarri asko gertatu dira). Ekosistema txikiek osatzen dituzte lurraren birika eta arima, eta horiek sekulako balioa dute lurraren beraren biziraupenerako, baina beste aldetik lorpen eta atarramendu ekonomiko handia erdiesteko, hatzapar luzeak dituzten nazio boteretsuen jomuga ere badira (inguruan hatzapar luzeak nonahi, eta hi-tzezko pertsonak, gutxi).

Espezie gisa nekez aterako gara bizirik etorkizun inperfektutik (justiziak ere inperfekzioak egiten ditu behin eta berriro) ingurumenarekiko begirunea galtzen badugu, eta kapitalismoaren pozoiaren kontrako antidotoa bilatzen ez badugu (eta politika arkaikoaren tramaren kontra altxatzen ez bagara).

Aurten bereziki, gure aroaren ikono bilakatu den plastikoaren kontrako lema zabaldu da: “End Plastic Pollution” (End To Injustices, ere bai?).

Gero eta larriagotzat hartzen ari den plastikoaren arazoa eztabaidagai bilakatzen ari da pitinka mundu osoan, eta izaera globala hartzen ari da (noizko justizia izaera globalean?). Datuek diote plastikoaren epidemiak (fartsanteen eta boto-bilatzaileen epidemia ere badago) milioi bat hegazti eta ehun mila ugaztun hiltzen direla urtero. Eta hori gaindikatu behar ez den marra gorria da. Nahikoa da.

Gure gizarteak jukutria asko pairatu behar ditu egunerokoan. Justiziak ez lituzke linea gorri asko gurutzatu behar lotsagarri ez gelditzeko (ez eta politikak ere), justizia eskandaluzko injustizia ez izateko, sinesgarritasun guztia ez galtzeko. Noiz eta Gernikako bonbardaketaren urteurrena den aste honetan (betikoak isilik), noiz eta bortxaketaren eta matxismoaren kultura esperpentikoa behar bezala zigortu ez den honetan (gizonen neurrira egindako lege patriarkal misoginoaren sententziak emakume guztiak bortxatu ditu berriz), noiz eta gezurren bidez, tabernako liskar bati terrorismo antolatuaren izena jartzen tematzen den honetan (faltsukeriaren aroa). Justizia (politika) ustel eta dekadenteari kiratsa pairaezina dario, eta higuina ematen du.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120