Zirrikituetatik begira

Zuri

Karmele Jaio - 2018(e)ko apirilaren 27a, ostirala - 06:00etan eguneratua

BESTE zerbait nuen idatzita gaurko zutaberako, baina zure bortxaketaren inguruko sentzentziaren berri izan ondoren, idatzitakoa zakarrontzira bota eta zuri idazteko beharra sentitu dut, txikikeriak iruditu zaizkit aurretik idatzitako guztiak, garrantzirik gabekoak.

Zu agertu zara, erdigunean, zure aurpegia ezagutzen ez badut ere berdin zait, zure aurpegia beste emakume askoren aurpegia ere baita.

Bost gizonek zokoratu zintuzten Iruñeako atari batean, San Ferminetan, nahi izan zuten guztia egin zuten zure gorputzarekin, zure duintasunarekin, basakeria guzti haiek grabatuta geratu ziren, eta hala eta guztiz ere epaiek bortxaketarik ez zela egon esan ditu. Ez zen bortxaketarik egon. Hala diote.

Barka, urgentziaz ari naiz idazten eta, agian ez dut hitzik egokiena aurkituko, baina gaur zuri idatzi behar nizun, eta zurekin batera, emakume guztiei, bereziki indarkeria matxistaren biktima izan diren guztiei.

Azken hauek zer sentitu duten imajinatzen saiatzen ari naiz.

Ezin dut imajinatu nola hartu duzun zuk sententzia, baina berriz bortxatu zaituztela sentituko zenuen seguruaski. Intimidaziorik ez, indarkeriarik ez. Halakorik ez zela egon irakurri duzu, hitz haien esanahia ezagutuko ez balute bezala, eta berriz zokoratu zaituztela sentitu duzu, berriz zaude atari hotz haren barruan, berriz sentitu duzu zure gorputzaren gainean bost gizonen itzala eta pisua. Orain pisu ofiziala da gainera, Justiziaren pisua, inork ulertzen ez duen Justizia batena. Gizarte honen gehiengoak ulertzen ez duena.

Beste zerbait idatzita nuen gaurkorako, baina zure kasuaren epaiaren ondoren, dena iruditzen zait txikikeria, garrantzi gutxikoa.

Gaur zu zaude erdigunean, nire pentsamenduen erdigunean, eta zurekin batera beste emakume guztiak ere bai.

etiquetas: karmele jaio

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120