50. URTEURRENA

Iñaki Aldekoa idazleak "Egunero hasten delako" liburuari eskeini dio pasarte bat

Egunero hasten delako Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak idatzitako lehen eleberria da, 1968ko apirilaren 25ean Friburgon amaitua eta 1969an lehen aldiz argitaratua, geroztik zenbait berrargitalpen izan ditu


deia.eus - 2018(e)ko apirilaren 26a, osteguna - 13:40etan eguneratua

Iñaki Aldekoak Utriusque Vasconiae liburuan Egunero hasten delako liburuari eskeinitako pasartea

Iñaki Aldekoak Utriusque Vasconiae liburuan Egunero hasten delako liburuari eskeinitako pasartea

Galería Noticia

Iñaki Aldekoak Utriusque Vasconiae liburuan Egunero hasten delako liburuari eskeinitako pasartea

Euskal nobela modernoaren mugarrietako bat izan zen, bere estilo berritzaileagatik eta lantzen zituen gaiengatik.

Eleberriak Gisèle izeneko neska gaztearen bidaia eta gorabeherak kontatzen ditu, haurdun geratu ondoren abortatzeko asmoarekin. Hari nagusi horrekin batera, pertsonaia ezezagun baten etengabeko elkarrizketa garatzen da eleberrian zehar, lehenengo pertsonan, hirugarren pertsona bati zuzenduz baina erantzunik jaso gabe eta nolabait Gisèleren kontakizunarekin loturik dagoena.

Abortua eta horren inguruko problematika pertsonal eta soziala dira eleberriaren gai nagusiak, baina maitasuna eta sexu harremanak, bakardadea, hezkuntza eta beste gizarte-gaiak ere lantzen dira.

Egunero hasten delako da Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberria. 1968ko apirilean amaitu zuen idazten Friburgon, Suitzan, eta 1969an argitaratu zen. Nobela bi planotan garatzen da, inoiz elkar ukitu gabe, nahiz eta lehenengo planoa (berritsuaren jardunak) bigarrenaren (Durkheimen abortatzen duen neska, Gisèle Sergier) ibileren zelatan dabilen etengabe. Lehenengo planoko berritsuaren ahotan adin ertaineko pertsona ikasi baten ezagutza eta erreferentzia kulturalak testuratzen dira (Max Weber soziologoaren erantzukizunaren eta sentimenduaren moralen berri badu), batik bat garaiko giro intelektualean modan zeudenak. Horrela entzuten ditugu berritsuaren ahotan existentzialismoarekin eta marxismoarekin lotutako hainbat "topiko": "alienazioa" ("pentsa noraino kendu eta aldatuko diguten geure izana… geure egiazko izana"), "gainegitura eta azpiegitura". Sartreren "L'homme est une passion inutile" (gizakiaren ahaleginak alferrikakoak dira), "existentzialismoa" ("Ni ez naiz jada, modatik pasea dagoelako, baina beti maite izango dut existentzialismoa"). Ez da faltako surrealista izandako poetaren (Jacques Prevert) poesiarik. Baina, bai berritsuari, bai Gisèleri, buruhauste handienak ditxosozko moralaren aldetik datorkie, moral katolikoaren eta Eliza Amaren aldetik. "Zein da zure morala?", galdetuko zaio abortatzera doan neskari. Egunero hasten delako nobelaren unibertsoa bi mundu hauetan banatzen da: zaharren mundua eta gazteena, tartean dabil berritsua, batari eta besteari buruz jarduteko irrikaz, zaharrekin kritiko eta gazteen patuarekin ulerkor. Sexua ugaltzetik bereiztea izango da belaunaldi gaztearen aurreneko lorpena. Sexu kontuetan, Frantzian (eta Espainian zer esanik ez) artean pentsamolde zaharra zen nagusi 60ko hamarkadan, Eliza katolikoaren moralaren gatibu zen neurrian. Abortua bekatu da, beraz. Hala ere, orduantxe hasi ziren zirkulatzen plazera eta jouissance bezalako hitzak gazteen artean. Mundu zaharrarekin hautsi ondoren, maitasunaz eta sexuaz hitz egingo da, bi hitzak bereiziz (edo ez). Gisèlek lotu nahiko ditu sexua eta maitasuna ("sexua hutsa da hitzik gabe, poesiarik gabe, musikarik gabe, alegia"). Jende zaharraren eskuetan zeuden Estatua, Eliza, irakaskuntza, ginekologia eta beste, eta gazteek jasaten zituzten haien gurasokeria dogmatikoaren ondorioak.

Arrazoi moralen izenean eraikitako harresi dogmatikoak gainditu nahi dira. "Pilulak" ez ziren kaltegarri emakumearen osasunerako, askatasun promesa eta iturri baizik. Kontrazepzioaren auzian emakumearen esku egon behar zen erabakia, ez beste inorenean, nor bere gorputzaren jabe da ("nire gorputza neurea da"). Aldarrikapen hauek (dibortzioa, abortua, kontrazepzioa), 18 urterekin botoa emateko eskubidea, 68ko maiatzaren agendan egon ziren, eta hurrengo hamarkadan gauzatu ziren Europako herrialde aurreratu eta demokratikoetan. Erresuma Batuan 1967an despenalizatu zen abortua. 1971ko apirilean, Kode Penalaren aldaketa eskatzen zen Frantzian, abortua egina zuten 343 emakumek “Le Nouvel Observateur” astekarian sinatutako eskaera baten bidez. Sinatzaileen artean zeuden Simone Beauvoir eta Françoise Sagan idazleak, Catherine Deneuve eta Jeanne Moreau aktoreak, edo Gisèle Halimi aktibista politikoa. 1975ean legeztatu zen abortua Frantzian. Italiak 1978an egin zuen, baina Espainiak 1985era arte itxaron behar izan zuen. 1960ko hamarkadak gaztaroa deskubritu zuen. Ordu arte umeek eta helduek osatzen zituzten gizartearen adin-estamentu nagusiak. Baina, 1960ko hamarkadan, indarrez bistaratu zen gaztaroa, gizarteko estamentu dinamiko eta aldarrikatzaile gisa, zaharren (gurasoen), irakasleen eta beste erakundeen autoritatea zalantzan jartzen zutela.

68ko maiatzeko protesten abiapuntua ikasle-egoitzen barne-araudia kuestionatzea izan zen;ikasleek egoitza mistoak eskatzen zituzten, neska-mutilek aukera izan zezaten beren artean harreman askeak izateko. Belaunaldi gazteak ez zuen bizi nahi gurasoen ohitura zurrunetan, haien balio eta pentsamoldeetan. Eta gurasoen mundua, ordura arte hain segurua, bat-batean ahul agertu zen, azpia janda bezala, durduzatuta. Maitasuna, sexua, askatasuna, aldarrikapen politikoekin nahastu ziren, baina ez iraultzaren zentzu klasikoenean, baizik eta artean forma garbirik hartu ez zuen aldarrikapen humano jatorrizkoenetan oinarritu nahi zuen;"barne mundua ere (maila) politikora" berreskuratu nahi zuen, era berean. Bizitza beteago baten aldarrikapena zen, askatasunak, autonomiak, benetakotasunak eta sormenak bizitzan leku bat izatea eskatzen zuen gizarte baten aldarrikapena.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120