Zirrikituetatik begira

Horia

Rikardo Arregi - 2018(e)ko apirilaren 25a, asteazkena - 06:00etan eguneratua

MALAYSIAN kolore horiko jantzi guztiak debekatu zituzten 2011n, oposizio talde batek horia erabili zuelako gobernuaren aurkako protesta ekin-tzetan. Ez dakit debekua indarrean dagoen oraindik, baina gogoratzen dut arras ongi gure herrialdi zibilizatu eta demokratikoetan debekuak sortu zuen harridura eta, zergatik ez esan, mespretxua: buru gainetik begiratzen diegu urruneko herrialde exotiko atzeratu horiei (han negozio ederrak egiten badira ere);gure demokrazia aurreratu eta sendotuetan mota horretako ergelkeriarik ez dago.

Baina badirudi Espainiako Erresuma malaysiartzen ari dela azken hilabeteotan, Katalunian independentziaren aldekoek eta beste talde batzuek (Ada Colau-renak, adibidez) horia aukeratu dutenetik aldarrikapen politikoak gauzatu eta, bereziki, espetxeratuen askatasuna eskatzeko: Bartzelonako udalari debekatu zioten hiriko iturri eta eraikuntza garrantzitsuenak kolore horiz argiztatzea espetxeratu eta atzerritatuei elkartasuna adierazteko;politikari espainiar askok adierazi dute beren buruak irainduta sentitzen dituztela politikari katalan batzuek daramatzen ikur horiak direla eta;langile batzuek salatu dute enpresa batzuetan debekatu dietela jantzi horiak eramatea;futbol partida bat ikustera zihoazen katalan batzuei poliziak (nork aginduta?) kendu dizkiete elastiko eta lepoko horiak (horiak eta guztiz lauak, mezu zuzenik gabekoak alegia).

Den-denak kutsu absurdoa dauka, amesgaiztoaren kiratsa, ia-ia sinestezina;“benetan?” galdera egitera bultzatzen du behin eta berriro. Autoritarismoak horixe dauka;debeku edo arau edo lege batzuk hain dira absurdoak ezen jendeak hasieran ezin dituen benetan sinetsi edo ezin dituen serio hartu eta, konturatzerako, barneratuta dauzka grabitatearen lege mugiezinak izango balira bezala. Seguru nago katalan bat baino gehiago armairuaren aurrean dagoela une honetan bertan pentsatuz ea gusta-tzen zaion kolore horiko jantzi hori egokia den ala ez lanera edo den-delakora joateko.

Koloreak kolore baino gehiago izan dira beti.

etiquetas: rikardo arregi

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120