dantza

Utopia baten 40 urte

Lau hamarkadaren ostean, euskal dantza tradizionalaren aldeko aldarriak bizirik dirau Bizkai euskal folklore elkartearekin. Gaur, Plentzia Euskal Herriko dantzarien bilgune izango da, Sabin Egiguren eskolako dantza-maisuari egindako omenaldian

Jonebati Zabala - 2018(e)ko apirilaren 22a, igandea - 18:36etan eguneratua

Sabin Egiguren dantzari eta dantza-maisua, Bizkai elkartearen egoitzan. BORJA GUERRERO

Sabin Egiguren dantzari eta dantza-maisua, Bizkai elkartearen egoitzan. BORJA GUERRERO

Galería Noticia

Sabin Egiguren dantzari eta dantza-maisua, Bizkai elkartearen egoitzan. BORJA GUERRERO

BIZKAI euskal folklore elkartea euskal dantza tradizional eskolak ematen hasi zela 40 urte dira. Apiril honetan, Sabin Egiguren dantzari eta dantza-maisuari omenaldia prestatu diote ikasleek, euskal dantza tradizionala ikasi, irakatsi eta transmititzeari emandako urteengatik.



Egigurenek (Bilbo, 1940) hamar urte zituen lehen dantza eskolak hartu zituenean. Bittor Olaeta irakaslearen eskutik egin zuen, Bilboko Ercilla kalean zuen eskolan, eta ordutik ez da gelditu. Hemeretzi urte zituela euskal dantza tradizionalak ikasten hasi zen, Bizi Nai taldean. 1963an Bizkaiko Aurreskularien Txapelketa irabazi zuen eta, orduan, Gaztedi dantza taldeak fitxatu zuen. “Egun tokiko futbol talde batean egonda, Athletic zure bila etortzearen modukoa zen garai hartan”, dio umorez. Uztailaren 25 batean, Santiago egunean, Garaiko (Bizkaia) jaietara joan zenean, bertan deskubritu zuen “benetako” euskal dantza tradizionala. “Bertan dantzatzen zuten aurreskua eta nirea guztiz ezberdinak ziren! Hori ikasi egin behar nuela-eta, dokumentatzen hasi nintzen”, kontatu du Egigurenek. Horrela hasi zen euskal folklorearen ikerketan murgiltzen. Denbora librean liburuak erosi, dantza-maisuekin egon eta eurengandik ikasi: Berrizko Alejandro Aldekoa, Garaiko Santos Oregi Etxebarria, eta Etxahun-Iruri zuberotarra, besteak beste.



1968an, frankismo garaian, Euskal Dantzarien Biltzarra sortu zuten. Klandestinitatean izan zen hori, eta dantzariak bildu nahi izan zituzten, “dantza tradizionalak ikasi eta galdutakoa berreskuratu, hurrengo belaunaldientzat mantenduz”, dio Egigurenek. “Francok min handia egin zigun, eta guretzat euskal dan-tzak dantzatzea gauza itzela zen, aberriaren ordezkari izatea bezalakoa”.

Eskola berritzailea Gorantza eta Herrikoi dantza taldeak sortu eta ondoren etorri zen Bizkai. Horrek berrikuntza ekarri zuen, izan ere, ez zen ordura arteko dantza eskolak bezalakoa. Ez zen dantzari profesionalei bideratutakoa, inoiz ere dan-tzarik egin ez zutenentzakoa baizik. 1976an, ez zen ohikoa, eta Egigurenek dioenez, egin nahi zutena “utopia” bat zela esaten zieten hasieran. “Kaleko jendeak eman zuen izena, 150 bat ikaslek. Edozein adin zein ogibidekoak ziren: injineruak, kale garbitzaileak, ikasleak…”. Egigurenek fitxetan jasotzen zuen ikasleen informazioa, etorkizun batean datu horiek guztiak euskal folklorearen ikerketarako baliagarriak izango zirelakoan. 



Urteetan, Europako herrialdeetatik etorritako dantza-maisuekin folklore ikastaroak eskaini ditu Bizkaik: Norvegia, Hungaria, Okzitania, Ingalaterra, Bretainia, Eslovenia... 2000. urtean, Bilboren 700. urteurrenaren harira, erromeria antolatu zuten Bilboko Areatzan eta kalera atera ziren dantzara. Aurten, 40 urte igaro dira Bizkai dantza eskolak ematen hasi zenetik, eta oraindik ere, euskal folklorea lantzen diraute Egiguren eta bere laguntzaileek, urtez urte eskolan izena ematen duten ikasleekin.



Elkartearen egoitza euskal dantza tradizionalaren museo antzekoa da. Bilboko Autonomia kalean dago eta bertan 4.000 dantza grabazio ordu baino gehiago dituzte bilduta. Kultur ondare aberatsa aurki daiteke Bizkairen artxiboan: milaka dokumentu, kartel, liburu, euskal dantza tradizionaleko materiala… “Bizitza oso bateko lana” dela kontatu du Egigurenek. “Pena handia da hainbeste material hemen gordeta izan eta alferrik galtzen egotea. Soto batean gaude, eta hemen dagoen hezetasunak hondatu egiten ditu grabazio zintak eta paperezko dokumentuak”, ohartarazi du.



AITORTZA FALTAN Dantza bazterrean dagoela salatu ohi dute arlo horretako artistek, eta euskal dantza tradizionalaren kasuan, bazterkeria hori are larriagoa dela uste du Egigurenek. “Kultura erakundeek ez dute euskal folklorea behar bezala baloratzen. Behin Alemaniako dan-tzari eta koreografo bat etorri zen bisitan, Fred Traguth, eta harrituta geratu zen bertoko folkloreak duen aitortza faltarekin. Esan zigun, bere herrialdean horrelakoei garrantzia handia ematen dietela, eta gobernuak emango ligukeela finantziazio guztia”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120