Gezur hezurretik

Erantzukizunik ez

Por Aitzol Elizaran - 2018(e)ko apirilaren 22a, igandea - 10:06etan eguneratua

Egia eta egia besterik ez dut esango mantra behin eta berriz errepikatua ikusi izan dugu Hollywood-eko filmeetan, baina Bruce Lee-ren ostikoak bezala, pantailan ikusteak ez du esan nahi bat-batean gure barruan gaitasun hori garatu dugunik, eta egiaren kasuan berdin, denoi ez zaigu barnean gelditzen gezurrak esatea, edo egia ezkutatzea, demagogoen plazererako, gaizki dagoela.

Gure artean, zerbaitekin gaizki jokatu eta lepoa jokoan ikustean nork bere ipurdia libratzea izaten da helburu nagusia, ia bakarra, inguruko guztiak zipriztindu eta haien izen ona zalantzan jarrita ere, egoeratik aisa irtetea lortuta, bikain. Sakela betea daukat eta besteak hor konpon.

Jo dezagun nik badudala ezagun bat, Cris izenekoa. Cris-ek master titulu bat du, eta bat-batean deskubritzen dela klasera joan ez, lanik entregatu ez eta beste hainbat tranpa eginez lortu duela titulu hori. Hasierako kolpean duen erreakzioa ukatzearena da, duintasuna goian mantenduz, kontrakoari gezurti deitzea komeni da gainera horrelakoetan. Hurrengo fasean gauzak pixkanaka argitzen doaz, eta iruzur susmoak froga bilakatzen hasten dira. Bigarren makineria martxan jartzen da, inguruko guztiak kakaztea da prozedura egokia kasu honetan, errua haiei egotziz. Frogek gero eta emaitza argiagoa adierazten dutenean, orduan konspirazioari egotzi diezaiokegu honen guztiaren kulpa, edo postua kendu nahi digun haren nahaste nahiari, edo kontrako alderdiaren azpikeria eta ezkutuko arteei, baina sekula ez onartu batek gaizki jokatu duela bizitzan, sekula.

Hariari tiraka hasi, eta inguru guztia kaltetua gertatzea ere eman daiteke. Harvard Aravaca bihurtu, gauetik goizera jendearen curriculumak puztu eta hustu, eta kontura-tzerako, bi asteren bueltan, oilategiko makilak baina zirin gehiago daukagu inguruan, eta gehiago dator. Asterix-ek esango lukeen bezala, zerua gainera datorkigu, eta gu, aterkirik gabe.

Merke ateratzen da gezurra, merkeegi. Bata bestearen atzetik bota eta harrapatuz gero, ordaindu beharrik ez dagoelako. Alderdi egokian egonda behinik behin. Eta hauek ordaindu behar ez dutenez, ordaindu dezatela beste batzuk, tapa dezagun ustelkeria bere mota guztietan Altsasukoarekin, edota Kataluniako edozein gairekin, zigortu ditzagun hauek guk ardurarik hartu baino lehen, total, hau gaizki eginda ere, inork kargu hartzen badigu, berriz ezerezean geldituko da eta. Sudur puntan jartzen zaiguna egin, eta ondo ateratzen bazaigu, gure alde, eta gaizki aterata, gertatu izan ez balitz bezala egin eta aurrera, egin dezatela zaunka, gu zaldi gainean goaz eta.

Estrasburgoko tribunaleko langile gajoa ikusi dezaket ordenagailu parean, eskua kopetara eramanda: Nagusi! beste e-mail bat Pirineoen hegoaldetik! nazka-nazka eginda kasuak berraztertzen, birbegiratzen, epaiak deuseztatu, funtzionamendu egokirako gomendioak bidali, horrelakorik berriro ez egin… eta hurrengo egunean, beste kasu berri bat mahai gainean.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120