Kritika

Thrillerra Urumean

ibon egaña - 2018(e)ko apirilaren 21a, larunbata - 18:31etan eguneratua

Titulua: ‘L.A.A.’  Egilea: Maixa Zugasti  Argitaletxea: Algaida

Generoaren mugak eta bertuteak ditu Zugastiren nobelak, eta horiek gogoan hartuta irakurriz gero gozatzeko modukoa da ‘L.A.A.’

Idatzi aspaldidanik egiten duen arren, hilabete asko ez dela eman da ezagutzera Maixa Zugasti idazle bezala, bi libururekin: iazko Irun Hiriko Literatura Saria irabazitako L.A.A. lanaz gain, oraintsu kaleratu du Ereinekin bigarren eleberria, Ahotsak eta itzalak izenekoa. Liburu sarituek sarritan zabalkunde handiegirik ez duten arren, oraingoan eskertu behar zaio Irun Hiria sariari idazle berri bati argitalpenerako bidea erraztu izana.  

Izenburu enigmatikoa du Zugastiren lehen nobelak;kutsu enigmatiko horixe du azalak ere, eta kontakizuna irakurri ahala ohartzen da bat ondo datozkiola paratestuko elemementu horiek nobelari, izan ere, intriga eta jakinmina dira liburua gidatzen duten osagai behinenetakoak, eta eroso kabitzen da L.A.A. nobela thriller psikologikoaren azpigeneroan.

Idazleak azaldu duenez, esperien-tzia pertsonal bat dago kontakizunaren abiapuntuan;hain zuzen, genero-indarkeria jasaten ari zen emakume batek Zugastiri egindako lagun-tza-eskaera. Hari horri tiraka, haatik, fikziozko eleberria ondu du nobelagileak, alegiazko pertsonaiaz eta trama narratiboz osatua. Maria Agerre Zurututza da eleberriaren protagonista eta lehen pertsonako narratzailea, Martuteneko espetxean psikologo lanetan aritzen dena, eta haren bidez ezagutuko du irakurleak Luis Andueza Abasolo, genero-indarkeria leporatuta kartzelan dagoen gizona. Psikologoaren ikuspegi narratiboa hautatuta, Zugastik ihes egiten dio, hartara, biktimaren lekuan edo erasotzailearenean kokatzeari, eta auziari zein kontakizunari, hasiera batean bederen, halako distantzia batetik, hoztasunetik heltzeko aukera ematen dio. Haatik, distantzia hori orrialde gutxiren buruan amilduko da, Maria behatzaile baino protagonista bihurtzen denean, bizi nahi ez lukeen istorio batekoa, hain zuzen.

Estu lotzen zaio hortik aurrera nobela thriller psikologikoari, eta asmatu du Zugastik jakin-mina eta beldurra transmititzen dituen atmosfera berezi bat sortzen. Urumea ibaiaren ertzetan, Martuteneko kartzelatik itsasorainoko tartean idazleak sor-tzen duen giro eta espazio nobeleskoa iruditu zait kontakizunaren lorpenik handienetakoa. Halako eleberriekin maiz gertatzen den bezala, haatik, ez die idazleak generoaren klixeei uko egiten, eta tramaren osagai asko (hasierako maitasun erromantikoaren kontaketa, detektibea agertu eta desagertzea...) klixe horien zordunegi direla iruditu zait eta horrek pertsonaien psikologiaren sakontasunaren kaltetan jokatzen duela.

Tramari eta jakin-mina sortzeari ez ezik, idazleak arreta handia paratu dio, era berean, estiloari, eta ahalegin hori nabaritzen da, eleberriaren lehen partean bereziki, arretaz deskribatzen baititu espazioak, gogo-egoerak edo pertsonaiak. Ordea, iruditu zait gehiegizko adjektibazioak edo hainbat baliabide literario errepikatuk ebidenteegi egiten dutela estilo-nahia, eta nobelak ekintzara jo eta estilo soilagoa hartzen duenean irabazi egiten duela.

Finean, generoaren mugak eta bertuteak ditu Zugastiren nobelak, eta horiek gogoan hartuta irakurriz gero gozatzeko modukoa da L.A.A.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120