‘Bioklik’ liburua argitaratu du

Geroaz hausnartzeko

Distopien tradiziora bidaia egin du AselLuzarragak, argitaratu berri duen ‘Bioklik’liburuaren bidez. Denboran aurrera egin eta2044ko Bilboko gizartea irudikatu duidazleak zientzia fikziozko eleberri honetan

AINHOA LORES - 2018(e)ko apirilaren 17a, asteartea - 11:55etan eguneratua

Asel Luzarraga idazlea. JON FONDA

Asel Luzarraga idazlea. JON FONDA

Galería Noticia

Asel Luzarraga idazlea. JON FONDA

UNIBERTSITATEAN dagoen neska baten begietatik irudikatu du 26 urte barruko Bilbo Asel Luzarragak (Bermeo, 1971), Elkarrekin argitaratu duen Bioklik liburuan. Zientzia Politikoak ikasten ari da protagonista eta karreran izango duen probarik gogorrena gainditu beharko du: familia baten kasuaren berri eman eta teorian ikasitakoarekin erkatzea.

Zientzia fikzioko nobela da Bioklik. Genero ez ohikoa da euskal nobelagintzan, baina Luzarragarentzat genero honetako bigarren liburua da. Bizkaitar idazleari beti gustatu izan zaio zientzia fikzioa, txikitan Isaac Asimoven lanak irakurtzen zituenetik, baina batez ere, “gure garaiko gizartea, errealitatea ulertu, aztertu eta biluzteko balio duen literatura”, interesatzen zaio, distopiaz janzten dena. “Azken finean, egun bizi dugunaren proiekzioa da, gizarte honek nora eraman nahi gaituen hausnartzeko balio duena”. Ildo horretan, egilearentzat eragin ukaezina dute liburuan bertan aipatzen diren egileek, hala nola Aldous Huxley edo George Orwell, baita aurten zendu den Ursula K. Le Guinek ere. Karonte izan zen Luzarragak genero honetan ondu zuen lehen lana: “Kontzientzia kontrolatzeko, bioteknologien garapena aztertu nahi nuen lan harekin” kontatu du. Bioklikekin berriz, beste kontrol mota bat islatu nahi izan duela nabarmendu du: “Zentsura eta errepresio ororen borondatezko partaide bilakatzen gaituen ustezko askatasuna, hain zuzen. Eraiki duen biogizartean edonork ordaindu dezake biokredituren bat, bere biobotoekin greba baterako eskubidearen alde edo aurka egiteko, musika estilo bat zentsuratzeko edo telebistako pertsonaia bilakatzen zaigun gizaki batek kartzela merezi duen epaitzeko”, azaldu du.

Etorkizun hurbila eraiki du Luzarragak liburuan. “Gizarte horren hazia duela zenbait urte bolo-bolo zebiltzan Anaia Handia eta antzeko programak izan ziren. Garai hartan ez nuen Facebook ezagutzen, Fotolog-en garaiak ziren”. Jendearen gobernua bideratzeko, beraz, programa horien eredua imajinatu zuen egileak. “Gizarte horretako hauteskundeetan, esaterako, Demokrazia Telebistak daukan egoitza batean sartzen dituzte hautagai guztiak, eta jendeak etengabe bidal ditzake bere biobotoak, esaterako, hautagai bi dutxetan agertzen direnean”. Gauza bat edo bestea bozkatzeko arrazoiak hutsalak dira, emozioei lotutakoak, eta komunikabideek kanpainak egiten dituzte etengabe, geroko bozketarako giroa eta iritzia nahi den noranzkoan bideratzeko”, azaldu du idazleak.

Gaur egun ere ez dela hain desberdina uste du Luzarragak: “Zer ikusi behar dugun eta zer den albiste erabakitzen dute komunikabideek. Zein iritziri oihartzuna eman, zein giro sortu, beldurra, segurtasunik eza, zein izan daitezkeen beldur horien aurreko irtenbideak... Eta, orduan, askatasunez bozkatzen dugu guk. Biogizartean ere, erabakita dagoena erabakitzen uzten zaio jendeari”.

ETENDAKO PROIEKTUA Luzarragak orain dela hamar urte idatzi zituen Bioklik-en lehen zirriborroak, beste liburu bat esku artean zuela: Utopiaren itzalak. Bitartean, Buenos Airesera joan zen lehenago eta Txilera gero. Bertan amaitu zuen beste eleberria, eta jarraian Bioklik idazteari ekin zion. “Idazten ari nintzen egun batean, hango poliziaren bisita izan nuen eta etenda geratu zen lana, 2012an Buenos Airesera itzuli arte”. Dioenez, bitartean, ordenagailua eta disko gogorrak bahituta geratu ziren. Tarte horretan, “Txilen bertan, beste proiektu luze bat hasi nintzen prestatzen, eta konturatu nintzen eten bat zekarrela aurrekoekin”.

Bioklik-ek, aldiz, aurrekoen logika berari jarraitzen zion, unibertso berekoa zen eta, beraz, ziklo amaieratzat hartu eta, sinbolikoki, aurreko eleberri guztietako pertsonaiak sartzea erabaki zuen Luzarragak. “Jolasa da kasu batzuetan, ez dira denak oso nabarmenak eta ez da beharrezkoa haiei buruz ezer jakitea liburua ulertzeko, baina haietako batek garrantzi oso handia hartu zuen, ezinbesteko bihurtu zen”, eman du jakitera Luzarragak.

Horrez gain, egileak dio “keinuz eta azpi-mezuz beteta” dagoela liburua: “Ezer ez dago kasualitatez jarrita, eta askotan ez da politikoki oso egokia”.

Liburuaren mezuak jendea gehiegi ez baldintzatzea espero du Luzarragak, “baina zenbait irakurle egungo gizartetik irteteko moduaz pentsatzen hasiko balira, askoz hobeto”, azpimarratu du. Dena zein manipulagarria den erakutsi nahi izan du egileak, besteak beste. “Baita ezkertiar eta iraultzaile gisa saltzen dizkiguten lelo asko ere, beste asmo batzuetarako amua direnak. Azken epaiketa –guztiz kafkiarra–, eta amaiera bera –aurreratuko ez dudana, noski– horren une gorenak dira”.

Bioklik orain arte ondutako libururik zailena izan da Asel Luzarragarentzat. Batetik, luzea delako (400 orrialdetik gora ditu) eta bestetik, denbora asko pasatu delako ekin zionetik amaitu duen arte. Hala ere, horrek ideiak lantzeko eta aberasteko balio izan dio. Horrez gain, hasieran egin zuen hautu literarioa zail egin zitzaiola aitortu du. “Istorioa txostengile baten bidez kontatzea erabakitzean, erronka gisa hartu nuen estilo hotz, objektibo eta biluziari eustea”, idazlearen ohiko ildoarekin bat ez datorrena.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120