Talaieroa

Gehiegizko jokaera

Erramun Osa - Martes, 17 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:00h

Erramun Osa

Erramun Osa

Galería Noticia

Erramun Osa

Altsasun ordu txikietan gertaturikoari garrantzia kentzea, lausotzea eta ezerezean uztea ez da inolaz ere komeni. Hainbatetan ikusi baitugu, bai lehen nola baita orain ere, desberdin pentsatzen dutenekiko presioak, pintaketa iraingarriak zein bestelakoak nola gutxietsi eta lausotu diren... beste giro eta gertaera batzuei bidea eman dietenak eta bizikidetza ozpindu dutenak. Gaur egun ere badira indarkeriaren zirimolan ibilitakoen aldean, egoera eta molde berrietara egokitu ezinean dabiltzanak eta garai bateko estrategia antzuan segitzeko eginahalak egiten dituztenak. Ondorioz, komeni da Altsasun gertatutakoa argitzea, ezerezean ez uztea, bai eta leudekeen erantzukizunak garbi-tzea ere.

Indarkeria eta presioa estrategia politiko bat elikatzeko baliatu dutenen aldetik, estrategia honen antzutasuna -ikuspegi politikotik- eta eginikoaren bidegabekeria -ikuspegi etiko eta moraletik- onartzea... eta, halakorik berriro errepika ez dadin, pedagogia soziala egitea eginkizun dagoen kontua da. Izan ere, sasoi bateko estrategiak helburu batzuk lortzeko eragingarritasunik ez duela onartzea labur geratzen baita eginkizun daukagun bidean sakondu, bizikidetza berrosatu eta lankidetzarako eremu eragingarriak sortuko baditugu... baina diodan guztiak ez du gehiegizko jokaera inolaz ere justifikatzen, estatuko botere batzuen aldetik.

Altsasun gertatutakoari terrorismo delitua egokitzea gehiegikeria da, edonondik begiratuta... eta ematen du asmaturiko kontua besterik ez dela. Alde batetik, Nafarroan ikertu, epaitu eta zuritu behar diren gaiak Madrilera eraman ahal izateko. Beste aldetik, estatuko segurtasun indarrak Hego Euskal Herriko herri eta auzoetatik alde egiteko dagoen eskakizun zabala, gehien-gehienean zibila eta demokratikoa dena, kriminalizatzeko. Azkenik, irakasbidea emateko.

Gehiegizkoa da Altsasun gertatutakoagatik zenbait gazte estatuko kartzeletan barreiatzea eta ehunka egunetan, behin-behinean, preso edukitzea... beste horrenbeste eskatzen diren zigorrak ere... eta ematen du estatua sartuta dagoen giro autoritarioan beste urrats bai egin nahi dela.

Nazioartean gero eta kezka handiagoa dago Espainian eskubide zibil eta politikoak luze-zabal urratzen ari direlako, eta, adierazpen askatasuna etengabe atzera egiten ari delako, gero eta abiada biziagoan... Justiziak injustiziaren soinekoak janzten ditu epaile batzuek ez dagokien protagonismoa hartu eta helburu politiko batzuen zerbitzura jartzen direnean. Ez da ona jazotzen ari dena, ez eta estatuan barrena batzuen -alderdi, sindikatu, gizatalde eta abar- isiltasuna ere.

etiquetas: erramun osa

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Talaieroa

ir a Talaieroa »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120