Zirrikituetatik begira

Plastikozkoa

Rikardo. Arregi - Miércoles, 11 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:00h

PLASTIKOZKO irlarena noizbehinka ateratzen den albistea da. Ezaguna da kontua: Ozeano Barean, Hawaii eta Kalifornia artean, badago plastikozko irla eskerga bat, itsaslasterren mugimenduak direla eta, puntu horretan biltzen baitira munduko biztanle arduragabeek itsasora botatako plastikoetako asko. Azken ikerketen arabera, irlaren tamaina etengabe handitzen ari da: gaur egun 1,6 milioi kilometro koadro, hiru Frantzia gutxi gorabehera. Norbaitek pentsa dezake botatako plastiko guztia leku bakar batean kontzentraturik egoteak abantailak dituela kontrolatu ahal izateko, baina egia dena da itsaso guzti-guztietan gero eta plastiko gehiago dagoela.

Orain arte ikerlariek uste bazuten ere plastikozko irla hori geldirik zegoela, ez zela gehiegi mugitzen, azken azterketek erakutsi dute irla ibiltari samar dela. Ez nahikoa, nire ustez. Irla Los Anglesen aurrean agertuko balitz, geroago Hawaii inguruan, hurrengoan Sidney parean, eta horrela hasiz gero, beranduago Karibe itsasoan edo Kantauri itsasoan, agian, behardada, ez da seguru, munduko biztanleak gehiago arduratuko lirateke. Oraingoz urrunegi dago eta, harritzekoa dena, ez da dokumental askorik egin arazoaz. Vicente Luis Mora-ren azken eleberrian,Fred Cabeza de Vaca izenekoan, zerbait misteriotsua ari da gertatzen plastikozko irla horretan, ezkutuan mantendu behar den zerbait;ez dut gehiago kontatuko.

Laster plastikozko boltsak debekatuko dituzte hemen eta hedabideetan kon-tzientzia ekologikoa sustatzeko beste kanpaina bat izango dugu. Dena den, uste dut jende gehienari ekologia eta abar ez zaiola gehiegi axola. Ezta gobernuei ere, jakina, bestela ez lituzkete erraustegiak, autobideak eta trenbide lasterrak eraikiko, festa eternala izango balitz bezala. Uste dugu apokalipsi ekologikoa iristean gu ez garela hemen egongo (seme-alabei eta bilobei buruzko kezka ahula iruditzen zait argudio moduan), eta ez gara konturatzen apokalipsia aspaldian hasi zela: hondamendi eta eskandalu handirik gabe, isila eta geldoa, baina geldiezina ziur aski.

etiquetas: rikardo arregi

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120