Brankaganetik kikuke

Zigandak amestutako partidua

Ramon Basaldua - Miércoles, 11 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:00h

borrar

Galería Noticia

borrar

EZ dago zalantzarik. Athleticek denboraldiko partidurik onena jokatu dau liga txapelketako 31. jardunaldian. Kuko Zigandaren jokalariek entrenatzaileak amestutako partidua egin eben La Ceramica estadioan, sailkapeneko seigarrenaren aurka ganera. Entrenatzaileak berak aitortu dauenez, gauzek ez dabe itxaron bezala urten denboraldi honetan. Zigandak, baina, ez dau inoiz amore emon eta gogor eutsi deutso eguneroko lanari. Zazpi jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek aukera urriak ditu Europarako sailkatzeko, aurretik talde asko dituelako eta ia puntu guztiak irabazi beharko leukezalako. Edozelan be, Celta eta batez be Vila-realen aurka hasitako bidetik jarraitu ezkero disfrutatzeko aukerea eukiko dogu Zigandaren taldearen jokoagaz. Asko kostata izan bada be, talde honek bikain jokatu leikela erakutsi dau.

Vila-realen zelaian jokatu eta irabazitako partiduak galdera bat baino gehiago sortu dau zaleon artean. Zergaitik orain? Zertan ibili dira orain arte Zigandaren jokalariak? Galdera gatxak dira erantzuteko. Jokalariek eurek eta entrena-tzaileak berak be ez dakie zer erantzun. 2017-2018 denboraldiak kolpe gogorrak ekarri deutsoz Athletic zaleari: Formenteraren aurkako porrota Kopan, Zorya Luhansken aurka Europa Ligan galdutako partidua eta abar. Ba taldea amidelgiaren ertzera hurreratu eben jokalariak dira La Ceramica estadioan futbol erakustaldia emon dabenak. Agian beranduegi da orain arte okertutakoa zuzentzeko baina disfrutau egin behar dogu zuri-gorrien susperraldiagaz.

Taldea amidelgiaren ertzera hurreratu eben jokalariak dira La Ceramica estadioan futbol erakustaldia emon dabenak

Futbolean ondo jokatzeko egin behar diran gauza guztiak egin ebazan Athleticek Vila-realen zelaian. Zigandaren gizonek ito egin eben aurkaria bere zelaian bertan eta baloia berreskuratzean min handia egin eben Asenjoren atean. Zuri-gorriek hiru gol sartu ebezan baina beste horrenbeste sartzeko zorian egon ziran. Asenjok hamar geraketa egin izana esanguratsua da oso. Ez da bape erreza jokalari bat nabarmentzea taldekideen ganetik baina Iñaki Williamsen lana erabakigarria izan zan. Aurrelariak zoratu egin eban aurkariaren atzealdea eta Adurizen oinordekoa izateko gaitasuna daukala erakutsi eban. Raul Garcia, Iturraspe edo Cordobak be maila bikaina erakutsi eben, atzelarien sendotasuna ahaztu barik.

Europa Ligatik kanpo geratu ostean etorri da Athleticeko jokalarien bizkorraldia. Europako lehiaketa horrek goitik behera baldintzatu dau denboraldia.

Uztailaren 27an jokatu eban Zigandaren taldeak lehen kanporaketako joaneko partidua Bucurestiko Dinamoren aurka Errumanian. Beste hamahiru norgehiagoka etorri dira horren atzetik, martxoaren 15ean Marsellako Olympiquek Athletic kanporatu eban arte. Nire uste apalean, Europako Ligak burukominak baino ez deuskuz ekarri denboraldi honetan. Hamalau partidu jokatu arren, gehienetan, Athleticek erakutsitako jokoa ez da ona izan. San Mamesen, ganera, aurrekanporaketa bietako partiduak kenduta, zuri-gorriek lehia bi baino ez dabez irabazi, Hertha eta Ostersundsen aurka. Zorya Luhanskek, Moskuko Dinamok eta Marsellako Olympiquek irabazi egin eben Katedralean eta ukrainiarren eta frantziarren aurkako porrotak mingarriak izan ziran benetan. Kontuak kontu, aurten Europan jokatzeak kalte gehiago egin dau mesede baino eta hurrengo denboraldian Europa mailako lehiaketetan ez aritzea ondo etorriko jako Athletici, Ligan eta Kopan buru belarri aritu ahal izateko.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Brankaganetik kikuke

ir a Brankaganetik kikuke »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120