Talaieroa

Gurutze-bideak

Erramun Osa - Martes, 10 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:00h

lASAI, irakurle! Goiburuak ez baitauka Aste Santuarekin zer ikusirik, eguna joan eta etorri telebistetan eta egunkarietan amaigabeko emankizunetan eskaini zaigunarekin... baina izenburu bat aukeratu nahi izanez gero, beharbada, horixe da egokiena PP alderdiaren egungo egoeraz hitz egiterakoan. Izan ere, 155. artikulua baliatuta uste izan zuten Katalunia mendean, normalizatze bidean jarriko zutela, bai eta agintea ustezko gehiengo isilak eskuratuko zuela ere. Ustea, ordea, erdi ustel suertatu da, Kataluniako auziak kateatuta segitzen baitu, bidenabar, estatuko politika bera ere lepauztaitik lotuz.

Aldi berean, Generalitateko burua eskaini zioten espainiar herritarrei, ehizaturiko pieza bat balitz bezala... eta politikoki hurbilen zegoen lurraldera noiz iritsiko, zelatan egon dira. Hor ere, ministro baten berbetan “esperotakoa” ezerezean geratu da, ur epeletan desegiten den azukre koskor bat balitz bezala. Ezen, Espainian hari lodiz eta intentzio merkez harilkaturiko, barne kontsumorako asmatutakoek ez baitute kanpoko beste epaitegi baten alderaketa aise gaindi-tzen... eta hor ere, errudunak daude, nola ez! Espainiako Gorenaren erabakiak zalan-tzan jartzen dituen “eskualde” bateko epaile txepelak, epelak entzun behar dituztenak, hain zuzen.

Baina gurutze-bideak segida izan du, lehen astuna zen gurutzea are astunago bilakatu duen masterra gainjarri zaiolako. Jada, ez gaitu ezerk harri-tzen... eta Madrilgo Erkidegoaren buruari entzun diogu berak ez duela ezer egin, eskuak garbi dituela eta bera biktima izan dela, ez besterik! Masterrean izena emateko epemuga gainditu ostean matrikula egiteari buruz, klaseetara ez joateri buruz, espedientean gertaturiko gorabeherei buruz, masterrean aldeztu beharreko lanak arrastorik ez uzteari buruz... Unibertsitatearen hanka-sartzeak dira guzti-guztiak. Horrela, lokaztu ditu inguruan zeudenak, bai eta inplikaturiko Unibertsitatea bera ere, ohikoa ezin izan daitekeena, kontu normala, gertagarri bihurtu baitu. Ez dakidana da halakoak esaten dituenak inguruko denak, entzuleak eta irakurleak, ergelak direla uste duen!

Aldapak segitzen du Golgotarako norabidean, hauteskundeen turuta noiz entzungo... ahalik ahulen iritsi dadin eginahalak egiten diharduena atzetik doala, kolpeak ematen, dezakeen guztietan. Ez dauka beste hizpiderik, abertzaleak mendean hartzea ez bada, nonahi eta nolanahi, katalanak nola euskaldunak. Berdin dio! Eta Frantziako mezurik, banderarik atzerakoienak barruratu ditu: hizkuntza aniztasunak sakabanatzen gaitu, beraz, hizkuntza ahulak behar dira are gehiago ahuldu, desagerrarazi, berdinduko bagara!;tokiko berezitasunak, eskubide historikoak behar ditugu ezabatu, horiek amore-emateen ondorio baitira... Ai, ene! Iragandako inperio orohartzailearen jarraitzaileak datoz, oldarkor eta lotsarik ez dutela!

etiquetas: erramun osa

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Talaieroa

ir a Talaieroa »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120