musika

Hausnartzeko gonbita musikala

Ska, cumbia, reggae, swing, rap eta rock elektronikoabezalako musikak uztartu ditu Guda Dantza taldeak‘Argibideak’ bere hirugarren diskoan. Askatasunaridioten maitasuna islatu nahi izan dute lan berrian

MARTA MORALES - 2018(e)ko apirilaren 7a, larunbata - 13:14etan eguneratua

Guda Dantza talde bizkaitarra osatzen duen seikotea. ANDREA MARTINEZ

Guda Dantza talde bizkaitarra osatzen duen seikotea. ANDREA MARTINEZ

Galería Noticia

Guda Dantza talde bizkaitarra osatzen duen seikotea. ANDREA MARTINEZ

HAMAIKA abesti, musika mota ugari eta mezu indartsuak topa daitezke Argibideak (Baga- Biga) Guda Dantza taldearen hirugarren lanean. “Sortu dugun lanik sakonena da”, ziurtatu dute taldeko kideek. Lan berri honekin beren musika zabaltzea nahi dute, betiere haien izaera eta jarrera mantenduz. Horretarako, taldearen eklektikotasuna izaera bezala hartu dute kantuak sortzerakoan. “Aurreko diskoetan musika mota ezberdinak landu genituen arren, oraingoan nahasketa hau indartsuago da, indarra eta egurra une oro oinarritzat hartuz”, agertu du Alain Beraza abeslariak.

Horrela, ska, cumbia, reggae, swing, rap eta rock elektronikoa nahastu dituzte lan berrian. “Guretzat, musika askatasunaren adierazpena da, eta musika mota guzti horiek aske sentiarazten gaituzte. Izan ere, musika mota ezberdinak lantzerakoan, taldeak anulatzen dituzten lotura estilistikoak apurtzen ditugu”, dio abeslariak.

Letrei dagokienez, “kontzeptuala” da diskoa, Berazaren hitzetan, eta sistemaren inposizioa eta zapalkuntza horri aurka egiteko gogoa ditu ardatz. Gizartearen aginteez hausnartzeko proposamena ere egiten dute bizkaitarrek. “Sistemak hainbat argibide inposatzen dizkigu gure egunerokotasunean, bizitza programatuz eta jokabideak baldintzatuz. Argibideen ezarpenak dakartzan ondorioez hitz egin nahi izan dugu, gure helburua hausnartzeko momentuak sortzea baita”, azaldu dute. Hala ere, hitz honi beste ikuspegi bat eman nahi izan diotela argitu dute. “Kontzeptu honek dilema bat proposatzen du, sistemaren argibideak onartzea edo iluntasunean argi-bideak sortzea”, azpimarratu dute.

INFLUENTZIA UGARI Argibideak erreferentziaz beteriko diskoa da. Besteak beste, Zygmunt Bauman soziologoaren teoriak, Eduardo Galeanoren hitzak eta David Fincher- en zinemaren eraginak topatu daitezke bertan. “Gure musikaren kritikotasuna zorroztu dugu, eta, horretarako, influentzia mordoaz elikatu gara. Horrek gure kritika erabat gizendu du”, kontatu du Xabi Torralba baxu-jotzaileak. Kritikotasun hori disko osoan zehar antzeman badaiteke ere, ez dago inolako prozesu narratiborik abestien artean. Hala ere, Azken Eztanda diskoaren azken kantuak diskoaren kontzeptua ixten duela argi dute taldeko kideek. “Kantu hau sortzerakoan, David Fincher-en The Fight Club filmaren bukaeran oinarritu ginen”. Pelikula horren amaieran, eraikinak lehertzen diren bitartean, pertsonai nagusiak hondamen guztiaren lekuko dira, hain zuzen.

Erreferentzi horiez gain, lau kolaborazio berezi ere izan dira Argibideak diskoan: Vendetta taldeko Luisillo Kalandraka, Revolta Permanent- eko Iker Villa, Sorkun Rubio eta Betagarriko Iñaki Ortiz de Villalba, hain zuzen. “Luisillo eta Iker aspaldiko lagunak dira, beraz, kolaborazioa modu naturalean suertatu zen. Iñaki eta Sorkunekin, ordea, ez ezagutu arren, haien jarraitzaileak izan gara betidanik, eta gurekin kantatzera gonbidatu genituen”, jakinarazi du Basañezek.

SEI OHOLTZAN Guda Dantza taldea sei lagunek osatzen dute. Alain Beraza abeslaria, Xabi Torralba baxu-jotzailea, Joseba Aparicio tronpeta-jotzailea, Iker Maguregi bateria-jotzailea, Jon Maguregi gitarra- jotzailea eta Ander Basañez saxo-jotzailea. Azken hirurek, gainera, koroak ere egiten dituzte. Sorkuntza prozesua, berriz, denen artean osatzen dute. “Lehendabizi musika sortzen dugu eta, ostean, musikak adierazten dizkigun sentimenduak jarraituz letraren sorkuntza prozesuari hasiera ematen diogu”, azaldu dute. Hala ere, askotan prozesua alderantzizkoa izan daiteke, Los Rendidos kantuarekin gertatu zitzaien bezala, non letra izan baitzen sortu zuten lehenengo osagaia.

Higain estudioan egin dituzte grabazioak, Usurbilen (Gipuzkoa), eta Haritz Harregi aritu da teknikari. Diskoaren grabaketa eta nahasketa ikaskuntza prozesu bat izan dela aitortu dute. “Haritz (Harregi) eskarmentu handiko teknikaria da, eta, frustrazio momentuak izan badira ere, estudioko lana dibertigarria izan da, Haritzek giro ederra sortzen zuelako”, azpimarratu dute bizkaitarrek. Gainera, disko berri honetan, elektronikaren erabilera berria sartu dute. “Enkore eta Empty Files taldeetako Urtzi Iza ekoizlearen ezinbesteko laguntza izan dugu zenbait unetan, aukera berriak ezagutuz”.

Argibideak disko berria aurkezteko, kontzertu berezia eskaini zuten Guda Dantza taldeko kideek Bilboko Stage Aretoan, martxoaren 9an. Ederto gogoratzen dute egun hura. “Egun ahaztezina izan zen. Aretoa jendez beterik egon zen eta ikusleekin izan genuen feedback-a hunkigarria izan zen”, ekarri dute gogora taldekideek. Aurrera begira, zuzenekoetan arituko dira buru belarri eta, datozen hilabeteetarako hainbat kontzertu finkatuta dituzte dagoeneko. Horrela, apirilaren 21ean Oiartzunen izango dira, eta 28an Amurrion. Maiatzean 12an Eskoriatzan joko dute, eta ekainaren 23an, Barrikan.

MARTA MORALES Guda Dantza talde bizkaitarra osatzen duen seikotea. ANDREA MARTINEZ

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120