musika

Barrura begiratzeko unea

‘Buruz Behera’ lan berria dakar Sirokak, taldearen bosgarrena. Sei abesti biltzen ditu eta aske bizitzeko aldarria egiten dute denek. Apirilaren 7an aurkeztuko dute diskoa, Amurrion

AINHOA LORES - 2018(e)ko apirilaren 7a, larunbata - 13:09etan eguneratua

Gorka Chamorro, Eriz Perez, Maria Rivero eta Joseba Urruela dira egun Siroka taldeko partaideak. ANE IZQUIERDO

Gorka Chamorro, Eriz Perez, Maria Rivero eta Joseba Urruela dira egun Siroka taldeko partaideak. ANE IZQUIERDO

Galería Noticia

Gorka Chamorro, Eriz Perez, Maria Rivero eta Joseba Urruela dira egun Siroka taldeko partaideak. ANE IZQUIERDO

SU txikian kozinatutako diskoa dakar Sirokak. Urtebete pasatxo eman du taldeak oraintsu argia ikusi duen lana ontzeko, ohi baino denbora gehiago, eta horren emaitza barrura begira jartzen gaituen sei abestiz osaturiko bilduma bat da. Buruz Behera jarri diote izena diskoari eta baita bosgarren lan hau zabaltzen duen kantuari ere. Askok normala deritzoten horretatik irteten zarenean, “epaileekin topo egiten duzu”, dio Maria Rivero taldeko abeslariak. Bildumari izena emateko kontzeptu polita iruditu zitzaiela aitortu du Riverok,“momentu honetan nahi duguna egiten dugulako eta besteei normala iruditzen ez bazaie ez zaigulako inporta”.

Gainera, izenak beste kontu batzuk garatzeko joko handia ematen duela uste du abeslariak. Kantuak horrelaxe dio: “Buruz behera nagoela diote, noren ikuspuntutik? / Zer egin, nola egin eta norekin / zuen bizitza tristeen gailurretik / epaile moralen eserlekutik / ezjakintasunaren aldarri / Ireki begiak eta ahoa itxi / ez dugu nahi zuen oniritzirik / nahi duguna izan eta holan bizi…”.

ASKE BIZITZEKO ALDARRIA Riverok berak idatzi ditu abesti gehienak eta hauekin bere bizipen eta esperientzien gaineko kontuak azaleratu nahi izan ditu. “Aurreko diskoetako abestiekin alderatuta, hauek ez dira hain orokorrak, barrura begira sortutako abestiak idatzi ditut, iraultza pertsonalari begira, alegia, norberak egiteko daukan horri begira”. Abeslariak aske bizitzeko aldarria egiten du abesti guztietan eta aitortu duenez, une konkretu batean, zerbait azaleratu behar zuenean sortu ditu letrak, “behar izan dudanean atera dira kantuak, hori da nire terapia: momentu zehatz batzuetan egindako gogoetak kantu bihurtu”.

Ez dira galdu kantua aukeratu du laukoak diskoaren aurkezpen kanturako eta pieza horren bideoklipa ere ikusgai dago jada sarean. “Buelta asko eman ostean aukeratu dugu abesti hori, dio Riverok, azken momentuko erabakia izan zen. “Batez ere, denoi gustatzen zaigulako eta emaitzarekin pozik geratu garelako”, aukeratu dute. Taldeak Periko Solabarriari eskaini dio diskoarenlaugarren abestia. Mariarentzat eredu bat izan da eta bere omenez idatzi du kantua.

“Diskurtsoak eman baino, berak egindako guztia diskurtsoa da, egiten zuenagatik eredugarria izan da”. Musikari dagokionaz bestalde, disko osoan oreka bat bilatzen saiatu da taldea, alde batetik zentzu bat izatea nahi zuten, baina era berean kantu bakoitzak daukan esentzia hori mantenduz. “Abesti guztiak dira desberdinak eta horrek beste zentzu bat ematen dio lanari, Riveroren arabera: “Azkenean, abesti bat momentu jakin batean konposatu egiten duzu eta une horren isla bihurtzen da. Diskoan igarri egiten da hori”.

Urte bat baino gehiago eman dute Sirokakoek diskoa konposatzen eta hainbat saiakera egiten. Aurreko lanekin alderatuta, sekula ez dute hainbeste denbora hartu. Izan ere, sortzen zutena ez zuten zuzenean diskoan sartzen, “ez ginen edozerekin konformatzen”, eta azkenean galbahe moduko bat egin behar izan dute: “Musikalki diskoari zentzua eman nahi genion eta horregatik oso zorrotzak izan gara kantuak aukeratzerako, konposatzerako eta konponketak egiterako orduan”. Oraingoan, kantuei inoiz baino gehiago heldu die taldeak eta hori nabari da diskoan. Sirokak bederatzi urteko ibilbidea egin du jada eta taldekideen joanetorriek taldearen izaera asko markatu dute, “sentsazio gazi-gozoa izaten da beti, baina beste alde batetik, pertsona berriak heltzen direnean, lan egiteko eta musika ulertzeko forma berriak ere ekartzen dituzte eta horrek beste zentzu bat ematen dio taldeari. Urduñako bi musikari batu dira taldera oraintsu: Eriz Perez gitarra-jotzailea eta Joseba Urruela baxu-jotzailea. “Eurekin beste egitasmo batzuetan egiten dugu lan, elkar ezagutzen dugu eta lagunartean sentitzen gara”, kontatu du Riverok, eta erantsi du: “Sirokak jada egonkortasun bat lortu du”.

AUTOEKOIZPENA Aurreko lau diskoekin egin zuten bezala, lan berria ere autogestioaren fruitua da eta Muxikon estudioan grabatu dute, Txortx Etxebarrietaren gidaritzapean. “Kultura librearen bidea hartu dugu oraingoan ere, filosofia horretan sinesten dugulako eta diskoa eta sortze prozesu osoaren kontrola izatea gustuko dugulako”, uste dute. Laukoaren helburua euren lana ahalik eta gehien zabaltzea da, “ez dugu nahi dirurik ez daukana gure musika entzun gabe gelditzea”, gaineratu du abeslariak. Ildo horretan, Buruz behera diskoa taldearen webgunetik deskargatu daiteke jada eta aldi berean, bilduma nahi dutenentzat helbide elektroniko bat emango dute plataforma baten bidez erosi ahal izateko. Lana formatu fisikoan berriz, zuzenekoetan eskuratu ahal izango da.

Diskoa labetik atera berri du Sirokak eta datozen hilabeteetarako zuzenekoak lotzen hasi da taldea. Diskoaren aurkezpen kontzertua apirilaren 7an izango dute Amurrion, eta 14an Larrabasterran joko dute.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120