Zirrikituetatik begira

Erro

Juanra Madariaga - 2018(e)ko apirilaren 1a, igandea - 06:00etan eguneratua

borrar

Galería Noticia

borrar

MENDIAKlagun asko ematen dizkigu, baloreetan adiskidantza paregabea, miresmena, lagunarte berezia, bitarte ahaztezinak. Aste honetan, euskal mendizaletasunaren erreferente batek utzi gaitu: Xabier Erro mendizalea. 1980an, Everestera, munduko gailur altuenera iritsi nahi zuen euskal espedizio hartako kidea izan zen, eta lan handia burutu zuen hango azpiegiturak aurrera ateratzeko.

Nerabe nintzela, nire logelako armairuko ateetan, txintxetek lotuta, espedizio-kide guztien argazkiak nituen. Guztien izenak eta aurretiaz egindako balentziak banekizkien. Kike de Pablo, Emilio Hernando, Joxe Urbieta Takolo, Felipe Uriarte, Lorente, Rosen... Geroak horietariko batzuekin elkar-tzeko eta lagunak izateko trantzea luzatu zidan, tartean, Errorekin ere.

Behinola, Hegoamerikara egindako lehen espediziotako (Huascaran, Artesonraju, Ojos, Aconcagua,…) eskarmentua eta poztasuna bildurik nentorrela, Xabier Errok hots egin zidan telefonoz etxera itaunka, ea euren agentziarekin batera Atacamako desertuko sumendirik altuenera, Ojos del Saladora, antolatuko nukeen halako espedizio bat. Harritu ninduten bere deiak eta bere hurkotasunak.

Mendia nire bizibidea izan zitekeenik ez nuen pentsatu nahi izan, eta gazte garai hartan ardura handia iruditu zi-tzaidanez, ezetz esan nion Xabierri. Zenbat aldiz gogoratu naizen hartako keinuaz, hartutako erabakiaz. Ate hura zabaldu izan banu bestelako urratsek kurrituko zuten nire bizitza, bestelako bizipenak, bestelako paisaiak, bestelako sentipenak. Baina erabakiak hartzeko dira eta aitzakia asko banituen nik.

Xabierrekin juntatu naizen guztietan estimua nabartu izan dut beti. Txikonekin Pakistanera kotxez joan zen hartan ere barre dezente bota genituen, bidaiaren luzamenduaz eta abarrez. Naturarekiko pasio itzela zuen, eta beti irribarre bat prest, besarkada bat. Mendiak horixe eskaintzen du, bertoko haizearen hoztasunarekin bat eginez ere, berotasuna luzatzen du beti.

Asteazkenean erraustu zuten Erroren gorpua, mendiko haizearen beroan izango da honezkero. Segi gora, Xabier.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120